Antzezten ez zuen aktorea

Marlon Brandoren heriotzaren hamargarren urteurrena da gaur. Izaera gorabeheratsukoa zen, eta haurtzaro gogorra pairatutakoa. Zinemako ikono handienetako bat bihurtu zen, Stanislavski metodoa muturrera eramanez.
Marlon Brando, <em>On the Waterfront</em> pelikulan (1954).</em>
Marlon Brando, On the Waterfront pelikulan (1954). - / COURTESY EVERETT COLLE

Igor Susaeta -

2014ko uztailak 1
Bere haurtzaroa definitzeko, hauxe nabarmendu zuen Marlon Brandok, Songs My Mother Taught Me (Amak erakutsi zizkidan kantuak) 1995ean kaleratutako autobiografian: «Inork onartzen ez zaituenean, identitate bat bilatzen duzu, eta zauriak sendatzeko modu baten bila aritu naiz ni». Antzezpenaren bidez ahalegindu zen zauriek eragindako erresumina arintzen, eta hainbat identitaterekin topo egin zuen jardun horretan. Baina rol bat edo bestea jokatuta ere, Brando bera zen (Omaha, Nebraska, 1924-Los Angeles, Kalifornia, 2004), bere horretan, pelikuletan azaltzen zena; haserre suzkoena, min gordinena, poz kutsakorrena eta, besteak beste, duintasun hunkigarriena adierazten zituenean, nozitu behar izan zuen haurtzaro gogorrak zizelkatutako izaera gorabeheratsuko pertsona erakusten zuen. Stanislavski metodoa, gainera, —barne azterketa baliatuz pertsonaiaren larruan sartzera behartzen duen antzezpen ikasbidea—, muturrera eraman zuen, eta, beraz, zinemako ikono handienetako bat bihurtu zen.

Haren heriotzaren hamargarren urteurrena da gaur. Modu tristean zendu zen, Los Angelesko ospitale batean, behinola izan zuen distira erabat itzalita zegoela, gaixo eta itxuragabe. Aktore estatubatuarraren bizitza bera izan zen goibel antzekoa; bai, behintzat, haurtzaroa. Antzerkizalea zen haren ama, baina baita alkoholzalea ere. Artean umea zela, sarritan aurkitu zuen ama tabernan total eginda, edo kale bazter batean botata .

Beheraldi Handiko urte latzetan, hortaz, kariñoa jaso beharrean babesik eza eta abandonua sufritu zituen Omaha hitsean. Erabateko nerabe errebeldea bihurtuta, aitak esaten zion bere bidea urra zezala, egin zezala zirt edo zart.

Aktore izateko asmoarekin, beraz, New Yorkera jo zuen 1943an, eta laster izar bat zen jada. Izan ere, Stanley Kowalski jatorri poloniarreko behargin amorala eta bortitza bihurtu zen Elia Kazanen A Streetcar Named Desire artegagarrian (1951). Berezkoa zuen talentua, bazeukan karisma, eta fisikoki, gainera, erakargarria zen.

Hainbat pertsonaia gogoangarriren identitateak bereganatu zituen hurrengo urteetan: Emiliano Zapatarena (Viva Zapata!, 1952), Johnny Strabler motorzale konformagaitzarena (The Wild One, 1953), Calder sheriff erosezinarena (The Chase, 1966), Kurtz koronel eroarena (Apocalypse Now, 1979)... Aktore onenaren Oscar saria bitan irabazi zuen: Terry Malloy buruestimua galduta zeukan boxealari ohi duinarena (On The Waterfront, 1954) eta Vito Corleone mafiaburuarena (The Godfather, 1972) egiteagatik.

Sosik gabe ia

Izar bat zen, erreferentzia bat gremioko kideentzat, baina ezin zuen eraman ikono bat izateak dakarrena. 70eko hamarkadan apaldu zen haren argia, eta Tahitira joan zen bizitzera bere hirugarren emaztearekin —hamaika seme-alaba izan zituen—. Horietako batek, Cheyennek, bere buruaz beste egin zuen 1995ean, eta beste batek, Christianek, bost urte igaro zituen kartzelan. Handik libratzeko dirutza xahutu zuen Brandok epaiketetan, eta ia sosik gabe geratu zen hil aurretik. Michael Jacksonen bideoklip batean ere parte hartu zuen egoerari buelta emateko; antzeztu gabe, nolabait aurrera egiteko soilik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna