Marrara iristeko lehia betean

Zazpigarren postuaren peskizan dira Athletic, Reala eta Alaves. Gaur jokatuko dute ligako azken-aurreko neurketa. Bilbotarrek hiru punturen aldea dute beste bi euskal taldeekin

Ander Capa eta Mikel Oiartzabal, lehian, Realak eta Athleticek Anoetan jokatutako derbian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Amaitzear da Espainiako Liga, eta lau euskal taldeak bateratsu iritsi dira txapelketa horretara, lasterketa luze horretara. Sasoian zehar ibilbide ezberdinak egin dituzten arren, elkartu egin ditu amaierak, eta helburu bera ezarri dieteAthletici, Realari eta Alavesi: Europa ligako kanporaketa aurrekoa jokatzea ahalbidetuko dien zazpigarren postua lortzea. Denboraldia amaitzeko bi partida falta direla, Athletic da helmugako marrara aurretik iristeko ondoen kokatuta dagoena. Gaur-gaurkoz, zuri-gorriena da zazpigarren postua, eta zortzigarren eta hamargarren dira Reala eta Alaves, hiru puntura. Espanyol dago bien artean, haiekin berdinduta.

Matematikari so, Eibarrek ere posible du zazpigarren postu horretaz jabetzea, baina handia egin beharko luke. Lau puntura du, baina hiru talde ditu aurretik, eta ezinbestekoa du bi partidak irabazi eta besteek huts egitea. Gainera, ez zaizkio partida samurrak geratzen; zulotik iheska dabilen Vila-real, eta Bartzelona.

Bi partidetako lehena gaur jokatuko dute lau taldeek. Partida guztiak ordu berean izango dira, eta etxean ariko dira bilbotarrak eta donostiarrak. Athleticek Celtaren aurka jokatuko du. Neurketa berezia izango da, eta ez jokoan dagoenarengatik soilik. Mikel Ricok, Ander Iturraspek eta Markel Susaetak sasoi amaieran utziko dute Athletic, eta omenaldia egingo diete partida amaieran.

Haiengatik, eta Europarako sailkatu nahiagatik garaipena eskuratu gura du Iñaki Williamsek: «Hilabeteetan zehar jasandako presioaren ondorioz kosta egiten da, baina azken esprinta falta zaigu, eta estutu egin behar dugu azken hatseraino». Gaizka Garitano entrenatzaileak jokalari guztiak prest ditu, eta ohiko hamaikakoaren zelairatuko da. Celta, berriz, ez jaisteko ahaleginetan helduko da San Mamesera.

Helburua betetzeko estutu beharrean da Reala ere. Donostiarrek Athletici aurrea hartzea dute sasoia amaitu aurreko helduleku bakar, baina lehia zaila izango du gaur. Real Madril ariko da Anoetan. Espainiarrak ez daude bere garairik onenean. Zinedine Zidanek martxoan taldearen ardura hartu zuenetik lau partida jokatu ditu etxetik kanpora, eta ez du alerik irabazi. Alabaina, talde zuria beti da arriskutsua.

Imanol Alguacilek uste du jokalariek ez dutela amorerik eman inoiz, eta txalotu egin du bere taldearen jarrera: «Hobe, bai, sasoi gorabeheratsu guztietan, gertatu den guztia gertatuta, Europarako aukerekin iritsiko bagina azken bi jardunaldietara».

Azken bi norgehiagoketan irabazi egin du Realak, eta horrek eragin du berriz ere gorako postuetarako lehian sartzea. Gaur, gainera, jokatzeko prest dira Illarramendi eta Januzaj.

Etxetik kanpo ariko dira Alaves eta Eibar. Valentziari egingo dio bisita Gasteizko taldeak, eta Vila-reali Eibarkoak. Ostegunean Europa ligako finalerdiak jokatu zituen Valentziak, eta Mestallakoen nekea baliatu nahi dute arabarrek Europako ametsari eusteko. Sasoi ona egin arren, errematatzea falta zaie, eta badaki hori Abelardo Fernandezek: «Nire jokalariengatik, pena emango lidake lehen sei edo zazpi postuetan ez amaitzeak». Eibarrek, berriz, zailagoa du Europa. Aho zapore onarekin amaitu nahi du, eta, bi garaipen eskuratuz gero, batek daki zein sari izan dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.