Mikel Zumeta.
HERTZAK

Kareharrizko erlauntza

2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bazen garai bat, ez hain urruna, belaunaldi bateko distantziara, Espainiako demokraziaren kimuak hazten ari zirenekoa. Bazen garai bat, hemen. Ahantzarazi nahi izan digutena, ezabatu, aintzakotzat ez hartzean tematu direna, errelatoaren idazketa prozesuan. Baina, lizun pinporta ageri duen laranjan bezala, ez ikusia eginda ere, zabalduko da, azkenik guztia hartu arte, usteldura. Antonio Rubio kazetariak Gal: El triángulo podcasta kaleratu zuen iazko irailean. Zortzi atalez osatutako kazetaritza ikerketa argigarria GAL auziaz. Atal bakoitzak ordu erdiren bueltako iraupena dauka; motzak, mikatzak, memoria ariketa apartekoak, iraganari poligrafoa pasaraztea bezalakoak. Kareharrizko erlauntzean barneratuko da Rubio, estatuko terrorismoak suposatu duen minaz, egituraz, azpilanaz. Lan horretan laguntzeko luxuzko gonbidatuak izango ditu, artxiboko audioak, oroimena ernatzeko, eta gurera itzultzeko, miatu ditzagun historiaren bazter guztiak.

Arratsaldeko zortziak dira, ilundu du dagoeneko, kale kantoi batean nago, aurikularra belarri bakarrean, podcasta martxan. Jendea han-hemenka dabil. Auto bat emergentzia argiak piztuta espaloian dago, geldirik. Pareko etxeko leihoan norbait antzeman dut zelatan. Arkupeetan susmagarria zaidan norbait erretzen dabil, begira ari zait. Bat-batean Pili Zabala hasi da hizketan. Nebaz ari zaigu. Memoriaz, eskubideen urraketaz eta duintasunaz. Pili Zabalak lehenengo pertsonan pairatu du estatu terrorismoa, GALek anaia erail zuenean, podcastean bizipenari hitzak jarriko dizkio.

Rubioren podcastak Ondas Global saria eskuratu berri du, merezia oso, urteetan zehar egindako lanaren fruitua baita. Hedabide desberdinetan jasotako ikerketak, pasarteak eta elkarrizketak bilduko ditu audioetan. Pedro J. Ramirezen sexu eskandaluetatik, Mikel Zabalzaren auzira, haritik tira egingo du, zortzi atalez osatutako lanean.

Pil-pilean dago berriz torturaren mamua, Iratxe Sorzabalen aitortza ikaragarria entzun berri dugu auzitegian; Non dago Mikel? dokumentalari esker Zabalzaren auzia eta klasifikatutako artxiboak argitara ematea bidean egon daitezke. GALek estatuaren bortizkeria zikinena erabili zuen, eta Rubio autoretza intelektualari ariko zaio begira, kolore ilunagoko botere esparruetara, zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.