Literatura. 'Ezagutzaren matazak'

Ezagutzarentzako bide berriak marrazten

Egilea: Emagin. Argitaratzailea: Susa.

2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Susa argitaletxeko Lisipe bilduma feministaren barruan orain arte argitaratutako tituluak askotarikoak izaten ari dira; saiakeren generoan betiere, heterozuzentasunaren nahiz ekinbide politikoen eta feminismoaren arteko loturak landu dituzte. Azken lanean, ezagutzaren eta feminismoaren arteko harremanaren bidetik jo dute egileek. Egileek diot, aurrekoekiko kontrastean, azken lan honen egiletza kolektiboa baita; aurreko lanetan autoreen sinadurak (bakarkakoak zein taldekoak) ezagutzen bagenituen ere, Ezagutzaren matazak deituriko lan hau Emagin talde feministak aurkeztu du, eta Jule Goikoetxeak editatu.

Hain zuzen, ildo horren inguruan egituratu da lanaren edukia ere. Lau zatitan banatuta dago liburua: lehenean lana laburtu eta gero, bigarren kapituluan nondik norakoak aurkezten dira, hausnarketaren jatorria eta eztabaidak; hirugarrenean, lantzen den gaian egileek erreferentziazkotzat jotzen dituzten zenbait eragileri egindako elkarrizketak agertzen dira, eta, laugarrenean, aurrera begirako erronkak zehazten dira.

Gustura irakurtzen da Emaginen lana, korapilatzen eta deskorapilatzen den hari baten metaforari jarraiki konparazio atsegina ondu dute egileek: hari bati tiraka ari balira bezala, han-hemenka etortzen zaizkien eztabaidei erantzunak ematen saiatzen dira egileak lanean.

Hariak, korapiloak eta matazak deitzen da lehen kapitulua, eta irakurleak aurkituko duenaren laburpena agertzen da bertan. Matazaren hari-muturrak deitutako bigarren kapitulua talde feministaren bilera bat balitz bezala dago kontatua, gogoeta politikoen artean kolektiboko kideek euren artean bileretan eztabaidatzean izaten dituzten elkarrizketak tartekatuz. Freskura horrek bizia bihurtzen du irakurketa; hala ere, irakurketa atsegina izan arren, ez da batere arina, eduki mamitsua plazaratu baitute Emaginekoek. Lanaren ildo nagusia ezagutzaren inguruko hausnarketak gidatzen du, zenbait kidek akademiarekin loturaren bat dutela igartzen da, eta, horri tiraka, akademiaren eta bertako ezagutza-sorreraren inguruan egituratzen diren botere-harremanen inguruko hausnarketa plazaratzen da, autoritateak ematen duen botere-posizioaz eta, aldi berean, horrek akademikoari eragiten dion nahitaezko larriminaz hausnartuz. Horrela, ezagutzaren erabilgarritasunaren aldeko apustua eginez amaitzen du taldeak.

Hari-bilketak kapituluan, egileek aukeratutako lau erreferenteren elkarrizketak transkribatu dituzte. Aukeratutako erreferenteak, egileak bezalatsu, askotarikoak izan dira: banakoak zein kolektiboak, korporatiboak eta militanteak, akademikoak nahiz ez-akademikoak.

Behin baino gehiagotan begiratzeko lan horietakoa da Ezagutzaren matazak. Irakurleari norbere jokabideak errepasatzeko eta berrikusteko aukera ematen diona (niri behintzat, aberasgarria egin zait ikertzailearen eta ikertuaren arteko erlazioari begiratu beharraren alderdia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.