Polizia operazioa Nafarroan

Akordio batek azken unean eten zuen garbitzaileen greba Nafarroan

Iragan asteko grebaren bezperan, CCOOk eta UGTk lan ituna berritu zuten patronalarekin. «Saldu gaituzte», salatu dute beste sindikatuek

Iker Aranburu - Iker Tubia
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egin ez zen greba baten atarikoprotestek eragin dute LABeko kideen atxiloketa ekarri duen operazioa. Izan ere, joan den astean lana uztera deituta zeuden Nafarroako bulegoetako 7.500 garbitzaileak, haien lan ituna berritzeko presio egiteko patronalari: azkenean, baina, ez zen grebarik egin, enpresekin akordioa egin baitzuten CCOOk eta UGTk.

Asteartean zen hastekoa greba, baina astelehen arratsean iragarri zuten CCOOk eta UGTk akordio baten oinarria zutela patronalarekin 2019-2023 aldiko lan hitzarmenari buruz. Horren bitartez, apiriletik aurrera %2,5 gehiago jasoko dute aurten, eta %1,75 2022an eta 2023an 2018tik orain arte izoztuta izan dute soldata—. Gainera, antzinatasuna kontuan hartuko dute aurrerantzean, eta lanpostu hutsak daudenean edo bezeroen kontratuak handitzean lanaldi partzialeko langileei eskainiko dizkiete lan ordu horiek.

Nafarroako Hitza-ri egindako adierazpenetan, Pilar Piñeiro CCOOko Zerbitzuak Federazioko idazkariak akordioaren oinarria txalotu zuen: «Azkenean balioa eman zaio garbitzaileen lanari, eta ezinbesteko lana dela aitortu dute». Partzialtasuna «leunduko» duela ere nabarmendu zuen, hori baita sektoreko langileen arazo nagusia. Askok egunean ordu gutxi batzuk baizik ez dute lan egiten, eta soldata txikiak dituzte horren ondorioz. CCOO da arloko sindikatu nagusia, ordezkarien %35,3 baititu. Haien ondotik doaz LAB (%24,4), ELA (%23,1) eta UGT %14,3. Solidari sindikatua ere deitzaileen artean zegoen, baina ez zuen kiderik negoziazio mahaian, ordezkarien %2,9 baititu.

«Kokoteraino gaude»

CCOOk eta UGTk egindako ituna oso gaizki hartu zuten beste sindikatuek. «Sektoreko langileak saldu egin gaituzte ia deusen edo deusen truke», salatu zuen Yolanda Forcelledo LABeko ordezkariak, eta nabarmendu patronalaren eskaintzaren oso antzekoa dela onartutakoa. Grebaren antolatzaileek nahi zuten soldatak urtero %2 handitzea, gaixoaldiko osagarriak berreskuratzea —soldataren %100 jaso ahal izateko—, eta hitzarmenak klausula bat izatea jardunaldiak handitzeko aukera izateko.

Pandemiak garbitzaileen egoera okertu duela azaldu zion Pilar Saavedrak (ELA) Nafarroako Hitza-ri: «Kokoteraino gaude; soldata beraren truke eta lanordu berarekin ari gara lanean, baina toki batzuetan lan karga bikoiztu edo hirukoiztu egin da, pertsona batek ukitu dezakeen edozer gauza garbitu behar delako».

Nafarroako garbitzaileen lan gatazkak beste errealitate bat azaleratzeko balio izan du: enplegu feminizatu bat da garbitzaileena, Nafarroan sektorean aritzen diren langileen %95 andrazkoak baitira. Haien artean, %80k lanaldi partzialak dituzte. Sindikatuek salatu dutenez, sektorean ari diren gizonezko apurrek batez beste %16 gehiago irabazten dute emakumeek baino. «Gizon bat zuzenean peoi espezialista gisa sartzen da lanean, zortzi ordurekin eta espezialisten gainsariarekin. Emakumeak lanaldi partzialarekin hasten gara, garbiketa peoi gisa, mailaz igotzeko aukerarik gabe», ziurtatu zuen LABeko Forcelledok.

Gipuzkoako gatazka

Sexuen arteko arrakalak piztu du Gipuzkoako eraikinetako garbitzaileen gatazka luzea ere. 2019ko azaroan hasi ziren protestak, eta geratu egin zituzten koronabirusaren oldarraldia hasi zenean, haiena funtsezko zerbitzua zelako. 2021eko urtarrilean eta martxoan hainbat greba egun egin dituzte garbitzaileek, ELA, LAB eta UGT sindikatuek egindako deialdiari jarraituz. Langileen ordezkariek salatu dutenez, eraikinak garbitzen dituzten langileek batez beste urtean 5.400 euro gutxiago irabazten dituzte kaleak garbitzen dituztenekin alderatuta: azken lan hitzarmenen arabera, 17.500 eurokoa da gutxieneko soldata gordina eraikinen eta lokalen garbiketan; kale garbiketan, berriz, kategoria baxuenekoek 23.000 euro inguru irabazten dituzte, kalean lan egiteagatik duten plusa kontuan hartu gabe.

Sindikatuek garbi dute zein den alde horren zergatia: barruan aritzen direnen %80 emakumezkoak dira, eta kalean aritzen diren gehienak, gizonezkoak. «Ekonomikoki ez zaio balio bera ematen baldosak garbitzeari eta galtzadak garbitzeari», azaldu du Haizea Solagurenbeaskoa LABeko federazio pribatuko kideak.

ELAko Ane Alberdik, berriz, gogorarazi du arrakala ez dela soilik soldatarena; kontratazioari ere badagokio, kale garbiketan lanaldi osoko kontratuak direlako gehien-gehienak, eta eraikuntzetako garbiketan, lanaldi partzialekoak. Kontratuen %80 ez dira lanaldi osokoak emakumeak gehiengo diren azpisektore horretan, Alberdiren arabera. ELA da sindikatu nagusia sektorean, %54ko ordezkaritza baitauka, LAB (%17), CCOO (%15), UGT (%8) eta ESKren aurretik (%5).

Soldatak eguneratzea ere eskatu dute Gipuzkoako garbitzaileek. 2019an eta 2020an ez zizkieten soldatak igo, eta, urtarrileko protestaren ondoren, enplegatzaileen eskaintza %0,5 igo da 2021 eta 2022rako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.