GAKOAK

2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernurako ituna PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak sinatu dute. Hona neurri nagusiak:

Autogobernua. Hitzartu dute Foru Hobekuntzan jasotako «eskumen guztiak osorik garatzea». Hitzarmen Ekonomikoa aldatzeko eta ekarpena berritzeko konpromisoa ere hartu dute, eta Espainiako Gobernuarekin batzorde bat osatzea, Nafarroako legeen aurkako helegiteei aterabide bat emateko.

Bakea eta bizikidetza. «Zoru etikoaren» aldeko agiri bat bultzatuko dute, «talde terroristen» biktimak babestuko, eta hezkuntzan eragin. Motibazio politikoko biktimen legea «garatzea» adostu dute. Memoriaren Institutua ere sortuko dute.

Hizkuntza politika. «Errealitate soziolinguistikoa» aintzat hartuko duen akordio bat bultzatuko dute. Euskararen legea «kontsentsuzkoa» dela nabarmendu dute, nahiz eta aldatzeko aukera aipatu. Administrazioko erabilera dekretuak aztertuko dituzte urtebetean.

Hezkuntza. Baliabideak «apurka igotzea» adostu dute, eta BPG barne produktu gordinaren %5era iristea. Skolae hezkidetza programa itunpeko sarean ere ezarriko dute. Talka izan da gai batean: hizkuntza eredu ezberdinetako ikasleak nahastea.

Berdintasuna. Legea garatzeko «beharrezko baliabide guztiak» jarriko dituzte, eta indarkeria matxistaren aurkako legearen jarraipena egin. Neurriak izango dira soldata arrakalaren aurka.

Gizarte politika. Aurreko legealdiaren ildotik, «sendotu» egingo dute errenta bermatuaren eredua, eta mendekotasun arloko diru laguntzak bermatu.

Azpiegiturak. Nafarroako Ubideko lehen fasea zabaltzeko obrak bukatuko dituzte, eta errepideak mantentzeko diru saila «nabarmen» handituko dute. AHTaz ez dute aipamenik egin.

Ekonomia eta zergak. «Irmo» joko dute zerga iruzurraren aurka, eta enpresen kenkariak «berrikusi» egingo dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.