Koronabirusa

Osakidetzak txertaketa guneen kopurua handitu du: 25etik 117ra

Osasun Sailak aurreikusi du 57.000 dosi jarriko dituztela astebetean. Nafarroan, asteartean hasiko dira 80 urtetik gorakoak txertatzen

Emakume bat COVID-19aren kontrako txertoa hartzen, Zarautzen. G. RUBIO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Ostegunera arte, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan guztira 25 gune ziren COVID-19aren kontrako txertoak jartzeko: atzotik, 117 espazio dira denera. Araban hamar daude; Bizkaian, 76, eta Gipuzkoan, berriz, 31. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik eman zuen aldaketaren berri, atzo, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Sailburuak zehaztu zuenez, asmoa da 57.000 dosi jartzea astebeteko epean, atzo hasita eta datorren ostiralera arte.

Osakidetzak txertoaren dosiak bigarren aldirako gordetzearen alde agertu zen Sagardui, eta defendatu zuen pertsonen immunitatea bermatu nahi bada hori dela, haren esanetan, hartu beharreko bidea. Hain justu, aipatu zuen Espainiako Estatuko erkidego batzuek ez dutela horrela jokatu, eta esan zuen horrek, zenbait kasutan, eragotzi egin duela «bigarren dosia garaiz jartzea».

Halaber, Osakidetzaren gaitasuna goraipatu zuen sailburuak: «Dosiak gordetzen ditugu, baina, horiez gainera, jasotzen ditugun dosi guztiak jartzen dira, horretarako gaitasuna baitugu». Eguneratu zuen txertaketaren erritmoaren gaineko datua: adierazi zuenez, Osakidetzak 158.725 dosi jarri ditu orain arte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Espainiako Osasun Ministerioaren datuen arabera, martxoaren 3ra arte 248.460 dosi jaso ditu Eusko Jaurlaritzak.

Aurrera, babes handiarekin

Nafarroan ere aurrera doa txertaketa kanpaina. 84.845 dosi jaso dituzte, eta 73.301 jarri. Azken egunotan 90 urtetik gorakoak txertatu dituzte Iruñerrian, eta, Nafarroako Gobernuak iragarri duenez, beste urrats bat eginen dute laster: 80 urtetik gorakoak txertatzen hasiko dira asteartean Tafallan, Azkoienen, Zangozan eta Altsasun. Gobernukoek zehaztu dutenez, edadetuenek izanen dute lehentasuna.

Gainera, txertoa hartzeko borondateari buruzko datuak eman ditu Iratxe Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak. Iratxekoek egindako galdeketa baten arabera, nafarren %86k txertoa hartu nahi dute. Halaber, adinak gora egin ahala handiagoa da txertatua izateko desioa; emaitzen arabera, 65 urtetik gorakoen %91k hartu nahi dute koronabirusaren kontrako txertoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.