Koronabirusa

«Arta ez-presentzialak» leku gehiago hartuko du orain osasun sisteman

Nafarroako Gobernuko osasun agintariek azaldu dute nola ari diren berriz martxan jartzen COVID-19aren ondorioz baztertuta egon diren zerbitzuak. Gaixoen eta langileen segurtasuna da ardatza

arantxa iraola
2020ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
COVID-19aren izurriaren inguruan jarri behar izan dituzte igaro asteotan indarrak osasun sistemek. «Otsailaren 29an izan genuen lehen kasu positiboaren berri; hiru astean ospitalea eraldatu behar izan genuen», esplikatu zuen atzo, esaterako, Nafarroako Ospitale Guneko kudeatzaile Alfredo Martinezek. Osasun kontseilari Santos Indurainek izurriaren gaineko datuak emateko eginiko agerraldian solastatu zen; lehen mailako arretako zerbitzuaren kudeatzaile Manuel Carpintero ere han zen. Egoeraren larriak bultzatuta, bertan behera utzi behar izan dira igaro asteotanCOVID-19 gabeko pazienteentzako hainbat osasun arta, baina «pixkanaka» lehengoratzen ari direla azaldu zuten. Aldaketak iragarri zituzten, hala ere. Asteotan hainbat osasun zerbitzu bermatzeko «arta ez-presentziala» sarri askotanerabili dela esan zuten, eta, pazienteen eta osasun sistemako langileen segurtasuna bermatze aldera, eutsi egingo zaiola orain jarduteko era horri. «Geratzeko etorri da», esan zuen Martinezek. Bat etorri zen Carpintero ere: «Urritu egingo dira aurrez aurreko kontsultak».

Carpinterok eta Martinezek azaldu zutenez, osasun sisteman aspalditik errotutako xedea da telefonoa eta bide telematikoak erabiliz osasun arta indartzea, eta, izurriak ekarri dituen premiek bultzatuta, igaro asteotan aparteko aurrerapausoak egin dituzte bide horietan. COVID-19aren datuak hobetzen ari diren heinean, ordea, poliki-poliki, ari dira bestelako osasun arazoei zuzenduriko zerbitzuak lehengoratzen, eta baita aurrez aurrekoak ere. «Tankera horretako kontsultaklehen egiten zirenen %30 dira egun», azaldu zuen Martinezek.Zenbaitetan ezinbestekoak direla oroitarazi zuen: «Pazienteak aurrez aurreko arta behar duenean, jarduteko era hori lehenetsi behar da». Zenbait pazienteren kalteberatasunak eta hainbat gaixoren kronikotasunak, bereziki, «aurrez aurreko» arreta ezinbesteko egiten dutela nabarmendu zuen. Horiek egiteko, hala ere, hainbat baldintza ipiniko dituzte erietxe eta osasun zentroetan: osasun zentroetara maskarak jantzita joan beharko du jendeak; kontsultara pertsona bakar bat sartuko da ahal den guztietan, eta aurrez aurreko jarduerak, ahal dela, bakandu egingo dituzte. Epe berri honetan taxuz jardutea oso garrantzitsua dela gogoratu zuen Martinezek: «Esprinta bukatu da; iraupen erdiko lasterketa batean sartuko gara orain».

Kirurgiak

Pixkanaka-pixkanaka kirurgietan eta froga diagnostikoetan ere zerbitzuak martxan jartzen ari direla azaldu zuten. %30ean-edo daude oraingoz. Izurriak eraginik izan ez dezan, «zirkuituak» sortzen ari dira jardunbide horiek seguru egiteko: «Horretarako berrantolaketak egiten ari gara». Martinezek nabarmendu zuen ikasbide garrantzitsuak atera dituztela asteotako lan martxa bizitik, eta eutsi egin behar zaiela horiei. «Diziplina anitzetako» profesionalen arteko koordinazioa, esaterako, oso emankorra izan dela adierazi zuen, eta jarraipena eman nahi diotela: «Eredu osora zabaltzea nahi dugu».

Lehen mailako arreta ere izurriari aurre egiteko giltzarri izan dela oroitarazi zuen Carpinterok. «Hainbat protokolo ondu behar izan ditugu». Hemendik aurrerakoetara begira ere lehen lerroan jarraitze aldera, sistema «berrantolatu» egin beharko dela esan zuen. «Maiatzaren erdialdetik ekainera zerbitzua berrindartzeko ahalegina egingo da; segurtasun neurriak hartu beharko dira horretarako». Udan, arta oporraldiarekin-eta bateratu beharko da jarduna, eta irail-urritik aurrera beste fase bat irekiko dute; eskualdekako planak onduta eduki nahi dituzte ordurako, izurria berriz indartzen bada ere aurre egiteko baliabideak izateko. Gripearen txertaketa kanpaina ere sustatu egin beharko dela esan zuten: txertoa ipintzeko gomendioa egin zioten jendeari.

Orain artekoari erantzuteko osasun sistemak «giharra» izan duela nabarmendu zuen Indurain kontseilariak, eta bide beretik jarraitu behar dela. Datuak «positiboak» direla esan zuen: «Egonkortzera ari dira, beheranzko joera batean». Adierazi zuen ez dela izan kasu positiboen aparteko «igoerarik», PCR testak igo badituzte ere. Atzo, esaterako, test klase horien bidez 21 kasu berri atzeman zituztela azaldu zuen. Antigorputzak atzemateko testen bidez, 163. «Baina horiek ez dira kasu berriak». Jaurlaritzako osasun agintariek esan zuten beste 82 kasu atzeman zituztela PCR bidez; test azkarren bidez, 417. Osasun sistemak izurriari begira ipini behar izan badu ere, beste osasun artak ez direla ahantzi azaldu zuen Murga sailburuak: «Egunean 46.000 kontsulta egiten ari da osasun sistema».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.