Kataluniako hauteskundeak. Analisiak

Abenduak 21: puntu eta jarrai

Erreferendumak, aldarrikapenek, esku hartzeek, atxiloketek eta abarrek baldintzatutako bozak egingo dituzte Katalunian ostegunean. Zenbakiek esango dute gertatutakoak nor saritzen duen, prozesu politikoan beste atal bat zabaltzearekin batera.

Tania Verge. DANI CODINA.
jon olano
Bartzelona
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Zure bizitzako botoa, zioen Junts Pel Siren leloak 2015eko irailaren 27ko hauteskundeetarako kanpainan. Independentziaren inguruko plebiszitu gisa aurkeztu ziren boz haiek, eta emaitzak, jakinak: parte hartze historikoa, eta gehiengo parlamentarioa, independentista. Bi urte pasatxoan, ordea, zeharo aldatu da panorama politikoa Katalunian; bereziki, azken hiru hilabeteetan. Igaro dira autodeterminazio erreferendum bat, bi txandako independentzia deklarazio bat, Kataluniako autonomiaren suspentsioa Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren bidez, espetxeratu dituzte Generalitateko kontseilari gehienak, eta erbesteratuta dago Carles Puigdemont Generalitateko presidentea, beste lau kontseilarirekin batera. Madrilek hauteskundeetara deitu du Katalunian abenduaren 21erako —hori ere ezohikoa—, eta euforia blokez aldatu da; zaurituta dago independentismoa, eta prozesu subiranista hiltzat jotzearekin amesten du bloke unionistak. Elementu asko mahai gainean, eta, hauteskundeetan asko jokoan, inor gutxik dakien arren zer gertatuko den biharamunean.

Egungo jokalekuak, beraz, galdera eta gogoetagai asko jartzen ditu mahai gainean: zer bilakaera izan du prozesu subiranistak? Harenak egin du, edo beste fase batean sartuko da? Zerk eraman du Kataluniako gizartea egungo egoerara? Nola iritsi dira alderdi eta blokeak hauteskundeetara? Zer dute eskaintzeko 22tik aurrera? Non geratzen da errepublika? Denboran atzera, gaur egunera nahiz aurrera begira jar daitezen, Paola Lo Cascio, Tania Verge, Jaume Lopez, Sergi Castañe eta Astrid Barrio politologoen analisiak jaso ditu BERRIAk.Nork bere diagnostikoa du gertatutakoaren eta gertatzen ari denaren inguruan, baina badituzte analisi komunak; nagusiki, ia panorama guztiak zabalik daudela 22tik aurrera.

Prozesua.

Bide luze bat galdeketara

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko eta independentziaz bozkatzeko bidea luzea izan da Katalunian, bide hori non eta noiz hasi zen ziur esan ezin bada ere. Prozesuaz ez, prozesuez mintzo da Paola Lo Cascio Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, uste baitu hainbat prozesu gainjartzen direla, «arrazoi askorengatik: egin diren mobilizazioek ez dute soilik aldarrikapen independentista bat izan; hor tartean geratzen da M-15a, krisia… Eltze bat zen Katalunia». Hala ere, uste du Kataluniako etorkizun politikoa erabakitzeko prozesua «Europan eta nazioartean antzeman daitekeen ezinegon baten adierazpide bat» dela.

Katalanek 2006an bozkatu zuten urteotan eztabaida politikoaren ardatzean egon den estatutua—%50eko abstentzioa izan zen, eta %73k babestu zuten—, eta ondorengo urteetan joan zen mamituz Katalunia estatu independente izatearen aldeko iritzia eta mugimendu politikoa. Egin ziren independentziari buruzko herri galdeketak (2009-2011), eta estatutuaren aurkako epaia eman zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak (2010). Sortu zen ANC Kataluniako Biltzar Nazionala (2012), azken bost urteetan independentismoa dinamizatu duen gizarte mugimendua: «2012tik aurrera, prozesuaren instituzionalizazio azkar eta sendo bat egon da. Esan ohi da mobilizazioen atzetik doazela alderdiak… Ez dut hain argi. Are gehiago: Omnium Culturalen eta ANCren mutazioak, gobernuari oso lotuta, kontrakoa pentsarazten dit; alegia, instituzioak ezartzen duela erritmoa». Bi urte geroago iritsi zen azaroaren 9ko prozesu parte hartzailea: «Udan, Pujolek azaldu zuen dirua kanpoan zuela. Hori haustura handia izan zen, aberriaren aitaren suntsitzea… eta haren seme politikoa zen Artur Mas. Narratiba berri bat behar zuen Masek, eta hori A-9an topatu zuen».

2.305.290 lagunek eman zuten botoa balio juridikorik gabeko kontsulta horretan, eta %80k bozkatu zuten Katalunia estatu independentea izatearen alde. «Festa handitzat» du Lo Casciok: «Arrakastatsua izan zen. Orduan, oker bat egin zuen Masek: hauteskundeak ez egitea A-9 igaro eta berehala, Espainiako hauteskunde zikloaren ostean baizik. Norbaitek gaizki aholkatu zuen, eta baten bat beldurra izaten hasi zen: ordura arte, independentismoa zen utopia bakarra, baina alderdi berrien sorrerarekin, monopolio hori apurtu egin zen». 2015eko irailaren 27an egin ziren aurtengo urriaren 27ra arteko konfigurazio parlamentarioa eragin zuten bozak, eta, CUPek Masi betoa ezarrita, Carles Puigdemont izendatu zuten presidente, 2016ko urtarrilean.

Hemezortzi hilabetean bete beharreko autodeterminazio erreferendum baten promesa egin zuen Junts Pel Si koalizio independentistak, eta horrela iritsi zen urriaren 1a. Haatik, aste mugituak izan ziren galdeketa aurrekoak. «Irailaren 6-7ko osoko bilkura —Erreferendumaren eta Trantsizio Juridikorako legeak onartu zirenekoa— giltzarri da, jende bat urduritzen hasi zelako, eta azaleratzen gobernuak paso egiten zuela berarekin ados ez zeudenez». Bi astera, Generalitateko Ekonomia Departamentuan sartu zen Guardia Zibila, eta hamalau lagun atxilotu zituen. Jendetza irten zen kalera protestan, polizia operazioa egiten ari zirela: «Harrezkero, gobernuak modu interesatu batean interpretatu nahi izan ditu zenbait mugimendu. Irailaren 20kora mundu guztia joan zen, ez soilik independentistak, jende askok autogobernuaren atzerapausotzat jotzen zuelako, eta gobernuak pentsatu zuen zeukan baino indar handiagoa zeukala».

Eta iritsi zen U-1a; agertu ziren hautetsontziak eta botopaperak, eta, Poliziaren kolpeen gainetik,2.286.217 herritarren botoak zenbatu zituzten. Lo Cascioren iritziz, ordea, «berriro egin zen analisi okerra edo manipulatua. Erakutsi zen gizarte zibil independentista oso kohesionatu bat zegoela. Boto kopurua igoarazi zuena estatuaren esku hartzea izan zen. Jende asko bultzatu zuen horrek botoa ematera. Nou Barrisen, autonomikoetan Cs-ek eta udalekoetan En Comuk irabazten duen auzo batean, inork ez bezala defendatu zituzten hautetsontziak».

U-1.

Markoak katalizatzen

Irakaspen ugari eman ditu urriaren 1ak eta hortik aurrerako bideak; esaterako, estatuaren jazarpenari eta baliabideei buruzkoak.Sineskortasunaz mintzo da Tania Verge, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea: «Estatuak estatuaren rola joka dezake, noski; zerbaitengatik dira estatu. Estatuak, nagusiki, indarra dira, eta tarteka demokraziaz janzten dira, baina hori nahiko berria da estatuen historian. Hemen, momentu batean estatuak erabaki zuen eskura zituen baliabideak erabiltzea. Egin dezake, baina kostu esanguratsua du». Gainera, uste du urriaren 1eko jazarpenak lotura duela estatuaren umiliazio sentipenarekin: «Nahiago zuen estatu indartsu gisa azaldu, estatu demokratiko gisa baino».

Erreferendumaren Hauteskunde Batzordeko kide izendatu zuten Verge, baina batzorde hori galdeketaren aurretik desegin zuten. Kontsultaren «berme falta» salatu zuten zenbait sektorek, baina ez dago ados: «Espainiako Estatuak egindako edozein erreferendumek baino berme handiagoa zuen, Espainiako legeriaren araberakoa izanik zenbait alorretan indartu egiten zituelako bermeak. Baina, edonola ere, behar duzu herritarrek bermeen pertzepzio hori izatea».

Erreferendumetik 26 egunera iritsi zen independentzia deklarazioa; ez, ordea, nazioarteko aitortzarik, ezta aldarrikatutako errepublikaren defentsarik ere. Zertan asmatu zen? Zertan huts egin? Jaume Lopez Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslearen esanetan, Katalunia, herrialde gisa, ez zegoen prestatuta independentziarako: «Errepublika bat babestu behar da ez soilik kaleko ekintza politikoen bidez, ez soilik astebetez edo hilabetez. Ziurrenik, errepublika baten ibilbidea hastea erreferendumaren emaitzak zalantzan jarriko lituzkeen gizartearen parte bat izanda, eta kontuan hartuta estatuaren garapen demokratiko eskasa, ez litzateke hasiera ona. Etengabe geundeke aldi berean normaltasun eta salbuespen politikak garatzen. Zenbat denbora?». Uste du maila instituzionalean ere inozentzia egon zela, edo esperotakoa ez zela bete: «Nazioartearen erreakzioaz informatuta zeudenentzat ere sorpresak egon ziren. Gertatzea espero ziren zenbait elementu ez ziren gertatu».

Vergeren arabera, ordea, Diplocatek eta Raul Romevaren taldeak «izugarrizko lana» egin zuten: «Ikusi beharrekoa zen epe luzera zer babes lortzen duzun, baina, horretarako, independentzia deklarazioak efektiboa izan behar du; inor ez da ipurdi bistan geratuko deklarazio politiko huts batekin: hurrengo egunean dekretuak onartu izan balira, erresistentzia baketsua egin izan balitz kalean… agian hor lortuko zen babesik Europako Batasuneko kide den estaturen batetik, ez propio EBtik». Lopezen iritziz, «gizarte helduagoa» da orain Kataluniakoa: «Argiago dago zein erantzun mota eman dezakeen Europako Batasunak eta nola erantzuten ari den Espainiako Estatua. Ez genuen uste jazarpena tamaina eta mota honetakoa izango zenik».

Alderdiak.

Taulan posizio bila

Hortaz, nola iritsiko dira alderdiak eta blokeak bozetara? Subiranismoan, agerian geratu da «herritarren oinarrien eta alderdien arteko armonia falta», Lopezen hitzetan: «Erreferendumean izandako ekintza batasuna galdu egin da; batasun hori desegin da, ez baitzegoen argi nola jokatu erreferendumaren ostean. Orain, erronka da nola berreskuratu ekintza batasun hori egungo jokalekuan». Ikusteko dago Lopezek dioena nola islatzen den abenduaren 21ean, baina, egun horretan izan daitezkeen joerak azaltzeko, ikerketa etxeak galtzak bete lan ari dira inkestak egiten. Sergi Castañe Osonako Sozioekonomia Behatokiko teknikariak «joera argiak» atzematen ditu azken asteetako boto asmoetan: «Urrian, independentismoaren babesak gora egin zuen. ERC zegoen lidergoan, eta CUP gorantz zihoan, desgaste handi baten ostean; izan ere, ERCk utzitako boto asko zituen CUPek. Urrian, independentismoa mobilizatuta zegoen, eta kontrakoak ez». 155. artikuluaren ezarpenak, ordea, irauli egin zuen jokaleku hori, Castañeren iritziz.

Azken egunetako inkestei erreparatuta, uste du independentismoaren mobilizazioa handitzen ari dela, Junts Per Catalunyaren bidez: «Ez du soilik boto zentristagoa mobilizatu, baita hain aktibista ez zen sektore bat ere, eta ERCren boto ugari bereganatzen ari da. Ziurragoa da ERC gainetik geratzea, baina argi dago, adibidez, JPCk Gironan irabaziko duela». Bi indarren arteko lehia ziurtzat du: «ERCren babesa higatu egin da; JPC, berriz, berdin geratzen ari da». Subiranismoaren bi indar nagusien arteko lehia ere bitxia iruditzen zaio Astrid Barriori, Valentziako Unibertsitateko irakasleari: «PDECatek eta ERCk, elkarrekin gobernatu badute ere, erabaki dute nor bere aldetik aurkeztea eta lehiatzea. Lehia hori ez da berria, baina oraingoan ulertezina da, kontuan hartuta egoera salbuespenezkoa dela. Bestalde, deigarria da PDECaten marjinazioa Puigdemonten zerrendan».

Castañek mugimenduak nabari ditu sektore unionistan ere: «Kanpaina hasieran, Ciutadans ari zen independentziaren aurkako botoa biltzen. Ziur aski, PPCUPen azpitik geratuko da bototan, Arrimadasen esku uzten ari delako boto unionista». Azken astean, ordea, antzeman du PSC indartzen ari dela, eta horri erantzuten diotela C's-etik Miquel Icetari eginiko eraso dialektikoek: «Joera argi bat dago: boto baliagarri gisa PSCtik C's-era zihoan boto asko sozialistengana itzultzen ari dela. Hortaz, eztabaidan hasi dira orain, apustua zeinek irabaziko». PSCren mugimenduak aztertuta, Barriorentzat deigarria da sozialistek Uniorekin aliantza egin izana: «Tradizionalki ez dira oso ongi moldatu, eta posizio bera dute ardatz nazionalean, baina sozialki, askori harridura eragin die, Europan arraroa ez bada ere demokrazia kristauaren eta sozialdemokraziaren arteko elkarlana».

Edozein gisaz, Barriok nabarmendu du Uniorekiko batura saritzen ari direla inkestak, PSC hazten ari baita: «Ordena nahi duen jendearen botoa du helburu, antinazionalista ez denarena, baina ezta independentista ere. CiUren garai bateko boto emaileak dira horiek». PSC tarteko bide horretan kokatuta, espazio hori elkarbanatuko luke edo harengatik lehiatuko litzateke Catalunya En Comurekin. «Ziur aski, lehian ari dira hautesleen parte batengatik, eta badirudi oraingoan argi nagusituko dela PSC, baina egia da Comukoen parte bati alergia eman diezaiokeela PSCk Uniorekin eginiko hitzarmenak».

Hauteskundeak «anormaltzat» ditu Barriok; Espainiako Gobernuak deitu duelako bozetara, autonomia esku hartuta dagoelako, hautagai batzuk erbestean edo espetxean daudelako… eta, gainera, mobilizazio oso handia espero delako. Izan ere, inkesta batzuek iragarri dute historikoa izango dela parte hartzea: %80tik gorakoa. 2015eko iraileko bozetan, %77koa izan zen. Castañerentzat, «joera da parte hartzea; nire kalkuluen arabera, %74 eta 80 artean egotea. Gehiegizkoa iruditzen zait esatea %80tik gorakoa izango dela. Kontua da zein bloke mobilizatuko den gehiago, eta zeinek kontzentratuko duen gehiago botoa».

Zeinek egiten dio mesede parte hartze handiak? «Teorian, pentsatu izan da independentziaren aurkakoei egiten diela mesede. Baina 2015eko bozek erakutsi zuten parte hartze handiak ez duela zertan eragin bloke ez independentistaren alde». Horrek badu azalpena: «Boto emaile independentisten multzo garrantzitsu bat dago, oso kritikoa dena politikariekin. Mobilizazio erabateko jokaleku batean, egoera gehiago polarizatzen da, eta bi blokeak indartzen. Oso zaila da bat mobilizatzen den heinean bestea desmobilizatzea». Historikoki, independentismoak «oinarri zabalagoa» izan duen arren, uste du «antzekoa» dela gaur egun bi blokeek mobilizatzeke duten jende multzoa .

Indar independentisten aldean, mobilizatu gabekoen soslaiak aztertu ditu, zehatzago, Castañek. Hiru bereizten ditu. Aurrenekoak, independentziaren alde egon arren ezein alderdiren alde egiten ez dutenak: «Politikarekiko interes txikiagoa, egunerokoan informazio gutxiago eta egoera sozioekonomikoa batezbestekotik behera dutenak dira. Erretiratu eta langabe gehiago daude bloke horretan. Zaila da horiek mobilizatzea, baina beste bi soslaiak baino errazagoa». Izan ere, bigarren soslaia da botoa emateko asmorik ez duena, edo zuri edo baliogabe bozkatuko duena: «Independentistak dira, baina ez dute konfiantzarik klase politikoan; uste dute politikariek ez dutela merezi beren botoa, eta mobilizatzen oso zailak dira. Erreferendum batean, aldiz, errazago ematen dute botoa».

Hirugarrenak, berriz, «argi du Catalunya En Comuri emango diola botoa, baina bloke independentistara igaro liteke. Talde hori ERCk antzeman du, eta Albano Dante Fachin fitxatu. Soslai horretakoek Kataluniatik kanpo dute jatorria nagusiki, gaztelaniaz mintzatzen dira, Espainiarekiko sinpatia eta politikarekiko konfiantza handiagoa dute».

Egoeraren eta baldintzen ezohikotasunak izaera askotarikoak eman diezazkieke bozei. «anti 155 plebiszitu» esan die Puigdemontek. Antzak ditu irailaren 27arekin , baina baita ezberdintasun nabarmenak ere. Barrioren ustez, orain arte ezein hautagaitzak ez du lortu bere kontakizuna nagusitzea. «2015eko bozetan, oso argi zegoen. Orain, alderdi bakoitza bere argudioak aurkezten ari da, eta, kanpaina pluralagoa da, plebiszitu izaeratik gutxiago duena».

Biharamuna.

Jokaleku ziurrik ez

Neurri batean, hauteskundeen aurreko baldintzei begiratutako bozak izango dira, gertatutakoaren ebaluazio bat, eta inor gutxik ziurta dezake zer gertatuko den 22tik aurrera. Castañeren iritziz, egungo indar korrelazioa izango da berriz: «Litekeena da independentismoak gehiengoa lortzea parlamentaritan, baina ez botoetan. Boto portzentajean hazkunde bat antzematen ari naiz, baina zail du gehiengoa lortzea boto kopuruan, baina ez ezinezko. Bloke konstituzionalaren asmoa izango da boto independentista desmobilizatzea, norberarena mobilizatzea baino gehiago, jada ezagutzen dutelako horren muga: 2 milioi lagun inguru.

Barriok dioenez, hauek izaten ari dira kanpainako bi arretagune nagusiak: zer zerrendak lortuko duen boto gehien, eta zer bloke nagusituko den. Baina ez du uste hori garrantzitsua denik, sinbolismoaz harago: «Inportantea izango da zein alderdirekin osatu ahal izango den gehiengo bat. Irabazten duen alderdiak eta blokeak ez du zertan izan eragile bat gehiengoen osaeran. Independentismoak irabazten badu, hain daude borrokan, litekeena baita ez osatzea gobernua; gainera, arriskua dago, gobernu subiranista bat osatuz gero, 155ak jarraitzeko». Egungo indar korrelazioa mantendu arren, bestelako gobernu osaerak egon daitezkeela uste du: «Hor dago PSC edo Comukoen garrantzia, bi horiek aritu baitaitezke zubigintzan. Bestela esanda, gobernu bat badago, zalantza daukat bloke baten gobernua izango ote den. Kontsentsu eta uko egite zabalagoen esparru baterantz goaz».

Lo Casciok ere «irtenbide irudimentsuak» espero ditu: «Akordiorik gabeko jokaleku batek eragingo luke hauteskundeak berriro egitea eta, beraz, 155.a luzatzea. Nork izan nahi du horren erantzule? Ez dut uste gertatuko denik. Baina egon litezke irtenbide irudimentsuak; gobernu tekniko bat, edo gobernu hipertransbertsal bat, aldi baterako, herrialdea ordenatu eta epe batean berriro hauteskundeak egiteko».

Lopezen arabera, ezein alderdik ez du sinesgarritasunik datozen hilabeteetara begirako eskaintzak egitean: «Horrelako aldaketa instituzional bati buruz ari garenean, tarteko pausoen beharrez hitz egiten ari gara. Errepublika ezinezkoa da abenduaren 22an, egun horretan Espainia federala ezinezkoa den bezala. Guztientzat beharrezkoak izango dira tarteko urratsak. Jokalekua erabat aldatu denez, ez luke zentzurik orain ezartzeak hautsi den jokaleku baterako pentsatu den bide-orria». Vergek, berriz, uste dujokaleku guztiak «hain zabalik» daudela, dena dela posible.

Luze gabe ez, baina Lopezek uste du errepublikaren atea ere zabal daitekeela: «Lan bat egin behar da errepublikaren aldeko oinarri soziala zabaltzeko. Uste dut posible dela denbora gehiagorekin, baina ez zela posible hilabete eta erdian. Errepublikaren oinarriak ezarriko dira babestuko duen elite eta mugimendu sozial argi bat duenean». Indar handiagoa metatzeko baldintzarik sortu ez delakoan, Lopezek dio horretarako beharrezkoa dela prozesu eratzaile bat egitea, «erreferenduma baiezkoaren eta ezezkoaren arteko eztabaidara mugatu zelako. Urriaren 1a legitimoa izan zen, baina nahikoa, boterearen ikuspuntutik, estatuari aurre egiteko? Agerian geratzen ari da zerbait gehiago falta izan dela».

Prozesu eratzaile hori egin daiteke gobernu independentista bat baldin badago hauteskundeen ostean, Vergeren irudiko; baita Trantsizio Juridikorako Legearen babesean egin ezin bada ere: «Kontzeptu gisa, koordinatutako eta egituratutako eztabaida baten zabaltze gisa, egin daiteke. Eremu fisiko gisa, egitura paralelo bat sortuta dago jada, ANCko sektorialen eta Errepublika Babesteko Batzordeen bidez. Eta oso zaila izango da Comukoentzat ezetz esatea, haientzat doan delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.