ELAk dio badagoela dirua langabezia sariak hobetzeko

Azken sei urteetan laguntzetan gastatutakoa erdira jaitsi denez, sariak ordaintzeko sistemak superabita du, sindikatuak ohartarazi duenez

Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Langabezia sariak handitzeko eta langabe gehiagorengana iristeko garaia dela uste du ELA sindikatuak. Diruak ez luke aitzakiarik izan behar —sistemaren atal horrek superabita izan du azken urteetan—, ezta halako neurri horietako baten behar soziala, gaur egun hiru langabetik bik ez baitute babesik jasotzen.

ELAk bildutako datuen arabera, 2017an langabezia sariak ordaintzeko kotizazioak 1.192 milioi eurora iritsi ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gastuak, berriz, 660 milioi izan ziren. Hau da, 532 milioi euroren superabita izan zuen sistemak. Ez da lehen aldia: 2016an ere 419 milioiren superabita izan zuen.

Nafarroako datuak biltzerik ez du izan sindikatuak, baina pentsa daiteke egoera ez dela oso desberdina izango, Hego Euskal Herri osoan joera bera baita: langile gehiago daude —kotizatzaile gehiago—, eta gero eta langabe gutxiagok jasotzen dituzte laguntzak. Azken datuek diote Hego Euskal Herrian langabeen %22,4k soilik jasotzen dutela langabezia sari arrunta, egindako kontribuzioaren arabera ordaintzen dena.Horiei batu behar zaizkie sari arrunta amaitzean 430 eurokosubsidioa jasotzen dutenak, langabeen %15,5, hain zuzen ere. 45 urtetik beherakoen artean, soilik familia beren karguan dutenek jasotzen dute laguntza hori, gehienez bi urtez; 45 urtetik gorakoek ez dute zertan familia izan. Hainbat urtez, adineko langabeek izan zuten beste subsidio bat, eta orain berreskuratzeko asmoa duela adierazi du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente ohiak. «Ongi» iruditu zaio asmoa Mikel Noval ELAko arlo sozialeko arduradunari, baina gaineratu du ez diola «irtenbiderik ematen egiturazko arazoari».

Langabezia sarien agortzea

Langabezia sariek babestutakoak asko gutxitu dira azken urteetan —langabeen %68 ziren 2010. urtean—, langabe askok denbora luzea daramatelako lanik gabe eta dagoeneko bukatu zaizkielako langabezia sariak. Gainera, lan merkatu prekarioak esan nahi du langile askok ez dutela nahiko kotizazio aldi biltzen laguntza jaso ahal izateko, eta azkenaldian sektore askotan hedatu diren soldata oso txikiek langabezia sari oso txikiak eragiten dituztela. Beste faktore bat nabarmendu zuten atzo, Bilbon, Novalek eta Janire Landaluze ELAko azterketa taldeko kideak: «Murrizketak». Hain zuzen ere, langabezia saria jasotzeko baldintzak gogortu izana, sari horiek jasotzeko epea laburtzea, eta kopurua ere jaistea.

ELAk gogorarazitako datuen arabera, 2012tik hona urtetik urtera jaisten ari da langabezia sarietan Espainiako Gobernuak Hegoaldean gastatutakoa: 1.705 milioi izan ziren 2012an, eta 834 milioi izan ziren iaz.

Barne produktu gordinaren arabera neurtuta ere ikusten da orduan baino ahalegin txikiagoa egiten dela orain: BPGaren %2 gastatu zen lagunztetan 2010ean eta 2011n, eta %0,9ra jaitsi zen iaz.

Horiek horrela, ELAk salatu egin du kopuru hori jaistea sistemak superabita duen bitartean, uste baitu badagoela dirua langabeen estaldura hobetzeko. Pentsioen kudeaketa eta langabezia sariena Hego Euskal Herriko erakundeen esku utzi beharko litzatekeela ere uste du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.