Petronor, beste 50 urteren bila

Findegiaren mende erdia ospatzeko ekitaldia egin dute Muskizen. Trantsizio energetikoak dakarren transformazioari erantzuteko erronkan buru-belarri dabil konpainia.
Findegiko buruzagiak eta agintari politikoak, tartean Espainiako erregea, atzoko ekitaldian.
Findegiko buruzagiak eta agintari politikoak, tartean Espainiako erregea, atzoko ekitaldian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Irune Lasa -

2018ko urriak 5
Egun handia zuten atzokoa Petronorren. Agerikoa zen: Muskizko (Bizkaia) petrolio findegira hurbildu ahala, gero eta segurtasun indar gehiago zegoen, Felipe VI.a Espainiako erregeak bertaratu behar zuen seinale. Findegiko aparkalekuan, berriz, goi gamako auto garbi-garbiak ugari, eta horien barruan gidariak, garraiatu beharreko enpresaburuak noiz aterako zain.

Findegiko biltegian zeuden enpresaburu horiek, finantza, berrikuntza, unibertsitate eta beste hainbat esparrutako ordezkariekin eta agintari politikoekin batera, Petronorren 50. urteurrena ospatzeko asmoz eta findegiak herrialdeko ekonomian duen garrantziaren erakusgarri: Petronorrek urtean hamabi milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du; 940 langile ditu zuzenekoak, eta beste 6.200 lanpostu eragiten ditu zeharka. Findegitik edo findegira egindakoak dira Bilboko portuko joan-etorri guztien %40. Bizkaiko esportazioen %18,2 ateratzen dira Muskiztik; eta han sortzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekoizpen guztiaren balioaren %9,7. Findegiko zuzendaritzak beti azpimarratzen duen moduan, urtero Bizkaiko zerga bilketa garbiaren %10 inguru Petronorretik dator —700 milioi euroko ekarpena urteko, batez beste—.

Espainiako erregea ez ezik, ospakizunean izan ziren, besteak beste, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta Jaurlaritzako Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ogasun sailburua; inguruko udalerrietako alkateak... 300 bat pertsona ziren, eta haiekin zeuden Petronorreko langile mordoska bat ere. Petronorren akziodun nagusien —Repsol %85,98 eta Kutxabank %14,02— ordezkariak ere hantxe ziren: Petronorreko buru izandako Repsoleko kontseilari nagusia, Josu Jon Imaz, Repsoleko presidente Antoni Brufau eta Kutxabankeko presidente Gregorio Billalabeitia.

Urte osoan 50 urteen harira egin diren ekitaldietan azkena izan zen atzokoa. 1968ko urte hartan Petronorren sortzaile nagusia izan zen Enrique Sendagorta gogora ekarri zuen Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidenteak bere hitzaldian. Aurtengo urtarrilean zendutako Sendagortak eta haren belaunaldiak industriaren alde egindako apustua goretsi zuen, «belaunaldi haren ikuspegi estrategikoa, adorea eta erabakimena».

Petronorreko presidenteak behin baino gehiagotan erabili izan duen Bernat Etxepareren aipua egin zuen atzo ere: «Ogirik eztakusat bilzen hazi erein gaberik».

Horren harira, azaldu zuen «belaunaldi hartatik jasotako ondarearen ardurarekin» Petronorrek ikusmira hurrengo 50 urteetan jarrita daukala. «Gaitasun teknologiko handiko ekosistema daukagu», esan zuen, eta gaineratu gaitasun horiek «trantsizio energetikoak ekarriko dituen eskakizun berrietara eramateko apustuan» dihardutela. Trantsizio horrek, Lopez Atxurraren ustez, «erabat irauliko du energiaren eta mugikortasunaren merkatua», eta Petronorreko presidenteak Europako industriaren berpizkunde teknologikoaren aktore izateko beharra azpimarratu zuen.

Ospakizunez betetako urteari amaiera emateaz gain, atzo findegiko kontrol gela berriaren inaugurazio ofiziala ere egin zuten. Horretaz gain, besteak beste, ingeniaritza, segurtasun eta ingurumen sailak hartuko dituen eraikuntza berriaren lehen harria ezarri zuten. Guztira 39 milioi euroko inbertsioa izan da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna