Justiziak oztopatu ezean

Klaus Iohannis liberalak irabazi ditu presidentetzarako bozak Errumanian.

Karguen bateraezintasun salaketa bat dauka aurka
Klaus Iohannis, atzo.
Klaus Iohannis, atzo. EFE / STR

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 18
Errumaniak etnia alemaniarreko estatuburu bat izan lezake, 67 urteren ondotik. 1866tik 1947ra, jatorri alemaniarreko Hohenzollern-Sigmaringen dinastiak agindu zuen Errumanian, baina II. Mundu Gerraren ondoren Mihai erregea abdikatzera behartu zuen alderdi komunistak zuzendutako gobernuak. Mihai eta haren aitzindariek ez bezala, Klaus Iohannis liberalak hauteskundeak irabazita lortu du presidentetzara ailegatzea. Inkesta gehienek ziotena iraulita, ia hamar punturen aldearekin gailendu zaio Victor Ponta lehen ministro sozialdemokratari. Hala ere, garaipena ezerezean utz lezake Justiziaren erabaki batek, auzitegiek Iohannisen aurkako salaketa bat ebatzi behar baitute, karguen bateraezintasuna egotzi baitiote.

Sibiu jaioterriko alkatea da Iohannis 2000. urtetik, eta, aldi berean, uraren kudeaketarako udal enpresaren presidente ere izan zen; Justiziak ebatziz gero bi karguak bateraezinak direla, PNL Alderdi Nazional Liberaleko hautagaiak ezinen luke presidente izan. Hala ere, ebazpen horri itxaron gabe ospatu du garaipena. «Irabazi dugu, gure herrialdea berreskuratu dugu», idatzi zuen hauteskunde eguneko arratsean Facebook sare sozialean daukan orrian. Atzo argitaratutako zenbaketa ofizialaren arabera, botoen %56,44 lortu ditu Iohannisek, eta %45,33 Pontak. Lehenbiziko itzulian, Pontak botoen %40rekin irabazi zuen, eta Iohannisek %30 lortu zituen. Bigarren itzulirako, inkesta gehienek hamar punturen aldea iragarri zioten hautagai sozialdemokratari, baina Iohannisek aurreikuspenak irauli ditu.

Bigarren itzulirako kanpainan, Iohannisek nagusiki bi gai izan ditu ahotan: ustelkeria eta atzerrian bizi diren herritarren botoa. Ustelkeria, Pontaren PSD Alderdi Sozial Demokratikoarekin lotu du. PSDk parlamentuan lege bat onartu nahi du ordezkari politikoei immunitatea emateko. Kritikoek diote ustelkeria kasuez libratzeko «amnistia lege bat» dela. Parlamentuak gaur du horren inguruko saioa, eta Iohannisek eskatu dio legea ez onartzeko. PSDk ere PNLko hautagaiarengan susmoak hedatu ditu, unibertsitatean fisika irakasle zela erositako sei etxebizitzen jatorriagatik. Atzerriko botoei dagokienez, bigarren itzulian kopuru bikoitza izan dira —300.000tik goiti—. Botoa emateko zailtasunen inguruko kexak ikertuko dituela hitzeman du Iohannisek.

Pontak, dimisiorik ez

Pontak emaitza ofizialak jakin aitzinetik onartu zuen porrota. Nahiz eta presidentetzarako hauteskundeak galdu, erran du lehen ministro kargutik ez duela dimisiorik emanen, gobernuko koalizioaren babesa daukan artean. Traian Basescu jarduneko presidentearekin harreman gatazkatsua izan du Pontak, baina orain bai Iohannisek bai lehen ministroak adierazi dute herrialdeko bi kargu gorenen arteko harremana aldatuko dutela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna