Asobal ligaren hasiera astebete atzeratu dute

Federazioak hartu du erabakia, COVID-19ari lotutako protokolorik ez dagoelako. Asobaleko zuzendaritzak dimisioa eman du

Anaitasuna eta Bidasoaren arteko derbia, aurreko sasoian. J. MANTEROLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Gaur zen hastekoa Asobal liga. Irunen zen abiatzekoa, Bidasoaren eta Ademarren arteko norgehiagokarekin. Baina bai talde gipuzkoarrak eta bai Anaitasunak beste astebete itxaron beharko dute ligan lehiatzen hasteko. Izan ere, Espainiako Eskubaloi Federazioko Lehiaketa Batzordeak kontuan hartu du Asobaleko taldeen ia erdiek eta Espainiako Eskubaloi Jokalarien Elkarteak hasiera atzeratzeko egindako eskaria. Partzialki egin du, ordea.Izan ere, haien eskaria zen lehen hirurak atzeratzea. Baina Federazioak lehena eta hirugarrena atzeratzea onartu du. Hau da, bihar eta etzi, eta asteburuan jokatzekoak zirenak—egutegi kontuak tarteko, bigarrena datorren astearte eta asteazkenean da jokatzekoa—.

Hala, hilaren 9an ekingo diote lehiari Bidasoak eta Anaitasunak, ezusterik ezean. Bidasoak Cangasen pabiloian jokatuko du, eta Anaitasunak Bartzelona ahaltsua hartuko du etxean. Hala, Bidasoari atzeratu dioten bigarren partida ofiziala da. Aurreko astean zen jokatzekoa Paucen aurkako Europako Ligako partida, baina, frantziarren koronabirus kasuen ondorioz, igande honetan jokatuko du kanporaketa, partida bakarrera, Artalekun.

Aurreko larunbatean egin zuten eskaria klubek eta jokalarien elkarteak,argudiatuz Espainiako Kirol Kontseiluak ez duela onartu koronabirus kasuetarako protokolorik, lehiaketa ofizial ez-profesionaletarako. Azken egunetan hainbat positibo kasu gertatu dira Asobaleko taldeen artean, tartean Bidasoaren aurkari zen Ademarren. Lehiaketa batzordearen arabera, horrek «indartu» egiten du atzeratzeko erabakia. Gainera, nabarmendu du protokolo horrek «osasun segurtasuna bermatzeko neurri komunak» jaso behar dituela. «Irizpide bateratu bat izan behar da, kasuei erantzuteko».

Asobalek ez zuen atzerapenik nahi. «Horrekin ez dugu esan nahi jokalarien osasunaren inguruko kezka ez dugunik.Uste dugu Espainiako Federazioak kontu honekin mahai gainean jarri nahi duela txapelketaereduaren inguruan zegoen eztabaida, eta uste dugu eztabaida hori itxita dagoela. Gainera, salatu nahi dugu protokolo posible hori egiterako orduan ez gaituztela kontuan hartu». Atzo, federazioak hartutako erabakiaren ondoren, Asobaleko zuzendaritza batzordeak dimisioa eman zuen, eta ezohiko batzar batera deitu du elkartea desegitea aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.