KRITIKA. Musika

Isiltasunaren txaloa

Arkaitz Mendoza.
2017ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Bambergeko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Jakub Hrusa.Biolina: Viktoria Mullova.Egitaraua: J. Sibeliusen Biolinerako Kontzertua eta B. Smetanaren Nire aberria. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Azaroak 9.

Hego Alemaniako orkestrarik esanguratsuenetakoa da Bambergekoa. Madril eta Bartzelonako auditoriumetara joan baino lehen, Donostiatik pasa dira beren musika interpretazioak eskaintzera. Lehen begiradan, biolin gutxi zeuden Jean Sibelius eta, batez ere, Bedritx Smetana jorratzeko, baina orkestra honen harizko instrumentuak entzun eta gero, kantitatea kalitatearekin bat ez datorrela frogatu dute. Soinu oso boteretsua une oro, intentsitate eta, batez ere, epeltasun zoragarrian. Lehen biolinetik azken kontrabaxura, hari osoa jo eta fuego aritu zen, hainbestetan jasotzen ez den jarrera txalogarrian. Hori bai, hasierako uneak ez ziren txundigarriak izan.

Nahiz eta Viktoria Mullova biolinistaren curriculuma ez zen ageri esku egitarauan —pobrezia handiz aurkeztu zigutena—, interpretazio polita eskaini zuen Sibeliusen partiturarekin. Ez zen inguratzailea izan, txukuna bai, baina liluragarria ez. Egokitasunetik ez zen atera kontzertuko lehen zati hau, orkestra akats tuntunak pilatzen joan zen eta Jakub Hrusa zuzendariak ez zituen Mullovaren amaierako akordeak ondo itxi. Ez da obra ikusgarri bat Sibeliusena, baina sentiberatasun apartarekin harribitxi bilaka daiteke. Gehiago espero genuen Mullovaren biolinean.

Atsedenaldiaren ostean, beste orkestra bat atera zen agertokira. Bambergekoak ziur, indartsu eta kalitate goreneko osagaiak barreiatu zituzten auditoriumean zehar. Smetanaren Nireaberria obran erritmo pultsua osasuntsu azaldu zen, metalen distiratik haize egur gozagarrira. Klarinete bakarlaria eta flauta bikotea interpretazioaren izarrak izan ziren, artista handiak atril horien atzean. Hrusa musika maisutasunez gidatzen aritu zen, edozein ñabardura intentzio osoz mamituz. Ikus-entzuleak gustura, isiltasun deigarrian; jasotzen duten produktuak kalitate handia duenean atentzio neurria gorantz abiatzen dela frogaraziz, hain nekagarri diren eztulak desagerraraziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.