Alkateek begi onez ikusten dute

Gernikako eta Muruetako alkateentzat, museoa hedatzea eskualdea suspertzeko modu bat da

Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
«Gisa honetako planak aurkezten direnean, ez da izaten itxaropen faltsuak sortzeko», Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen arabera. Ziur da proiektuak aurrera egingo duela, zenbait hedabidetan adierazi duenez. Poza agertu du Guggenheim museoaren patronatuaren asmoak publiko egin orduko: Gernika-Lumon eta Muruetan gune bana jartzea, Urdaibaiko biosfera erreserban. «Ez da proposamen artistiko bat soilik; kultur jarduna naturarekin lotuko luke, eta horrek lagundu egingo lieke bisitariei ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetzen», azaldu du.

Gorroñorentzat, diruari dagokionez «alferrik galdu ezin den aukera bat» da, eskualdeko ekonomia suspertuko duela uste baitu. Busturialdeak garapen sozioekonomikoa behar du, haren hitzetan, eta kulturari dagokion alorra beteta legoke Guggenheimekin.

Muruetako alkate Julen Karrion ere konforme dago proposamen berriarekin. «Herri txiki bat gara, baina asmo handikoa», esan du berak. 311 biztanle ditu herriak. Proiektua «ikusgarria» iruditu zaio, eta hark ere uste du lagundu egingo duela «gainbehera» doan gune bat indartzen. Hala ere, zuhurtzia eskatu du: «Proiektua hor dago, baina ez dakigu osotasunean zelan egingo den». Gainera, uste du ondo bideratu beharrekoa dela, «turismo jasangarritik», ondorio kaltegarririk izan ez dezan.

Guggenheim museoa Bilbotik Bizkaiko beste bi herritara zabaltzeak ez dio kezkarik sortzen Juan Mari Aburto alkateari. «Bilborentzat ona da Bizkaiarentzat ona dena», laburtu du ETB1eko Egun on, Euskadi saioan egin dioten elkarrizketan. «Proiektua aurrera ateratzeko gai bagara, mesedegarria izango da Bilborentzat: hoteletan egonaldiak luzatu egingo dira, segur aski», esan du. Izan ere, kultura, turismoa eta ekonomia ia ezin bereizizkoak iruditzen zaizkio: «Hiru hitz horiek elkarri estu lotuta daude orain».

Aburtok esan du instituzio guztiek «konfiantza izugarria» dutela Europako funtsetan; Bilboko Udaletik ere 500 milioi euro baino gehiago eskatu dituzte, hainbat proiektutarako. «Ez da egongo denentzako adina, baina konfiantza izan behar dugu onartuko dutela», esan du.

Bilboko alkateak ere nabarmendu du proiektuaren oinarrietako bat jasangarritasuna dela, eta ekologiari lotuta sortu dutela. Horrek eragin dituen kezkak «gainditu» egingo dira, haren ustez.

PSE: «Hau desberdina da»

PSE-EEk adierazi du oraingoan bat egiten duela EAJrekin Guggenheim zabaltzeko proiektuan; bi alderdien arteko eztabaida bizia izan zen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zen garaian, Bizkaiko Foru Aldundiak Urdaibaiko proiektua bultzatu nahi zuen eta. Egungoak, ordea, «funtsezko» aldaketak ditu, PSEEEren ustez: «Desberdina da erabat; berregin egin da, eta ingurumen integrazioari buruzko baldintza guztiak betetzen ditu», ohar batean azaldu duenez.

Gorroño Gernikako alkateak aukera baliatu du Pablo Picassoren Gernika (1937) artelanaren kokapenari buruzko eztabaidari ateak irekitzeko. «Hori ez da lortzen gauetik goizera, baina etxe bat edukiko dugu hura hartzeko», esan du. Eusko Jaurlaritzarentzat, ordea, eztabaida hori «itxita» dago; Zupiria: «Gernika dagoen tokian dago». PSE-EE bat dator horretan ere: «Artelanak udalerriaren izena duen arren, Espainiako Gobernuarena da, autoreak berak argi adierazi zuenez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.