KRITIKA. Musika

Erdizka

2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Georg Mark. Abeslariak: Iruñeko Orfeoia, Olga Pasitxnyk (sopranoa), Johann Kristinsson (baritonoa). Egitaraua:J. Brahmsen Requiem aleman bat.Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: martxoak 25.

Kursaalean jazo dira jada musikari eta abeslari masa handia eskatzen duten programa sinfoniko-koralak, abesbatza egitura sendoa dela-eta gure inguruan bereziki estimatzen direnak. Haatik, pandemia hasi zenetik lehen aldia da Euskadiko Orkestraren programazioan abesbatza eta instrumentuak batzen direla, hain zuzen, hildakoen aldeko mezen artean erreferentzia obra bat eskainiz: Johannes Brahmsen Requiem aleman bat. Jatorrizko liturgian erabiltzen ziren latinezko hitzak ez ziren, antza, «nahikoa paganoak» Brahmsentzat, eta Luteroren Biblian oinarritu zen, jatorrizko testuan ohikoak diren bortizkeria eta erregu kutsua baztertuz eta salbazioaren itxaropenari bidea irekiz.

Orkestraren idazketak zein bakarlarien parte hartzeek ageriko garrantzia duten arren, obra hau funtsean korala dela baieztatu daiteke, abesbatzak bihurtzen baitu testua egia. Iruñeko Orfeoiak dinamika onez hasi zuen lehen Selig sind die da Leid tragen hunkigarria, baina berehala agertu zen interpretazio osoa kutsatu eta obraren izaera bera lausotu zuen gabezia bat: orkestran zein abesbatzan, ez bakoitzean ez haien artean, ez zegoen jarraitutasunik. Georg Marken batuta ere ez zen errealitate hori ematzen saiatu, edo akaso bere ahaleginak nahasiak izan ziren guztiz.

Laugarren mugimendutik aurrera abesbatzak arnasa berotuta zuela zirudien, batez ere sopranoen kasuan; Denn es wird die Posaunen schallenfortissimo zatian, aldiz, guztiz sendo aritu ziren, distiratsu, irribarrea eta ahotsa opaku bihurtzen dituzten maskaren oztopoa gaindituz. Johann Kristinsson zuzen, nahiz eta emisioan zertxobait motz geratu; Olga Pasitxnyk sopranoak kolore ederra zabaldu zuen erdiko erregistroan, ez hala nota altuetan, Ihr habt nun Traurigkeit samurra ilun ebatziz.

«Zorionekoak Jaunarekin bat eginik hiltzen direnak», dio azken bertsoak. XIX. mendean ernetzen hasi zen existentzialismoak erakutsi zigun heriotzaren kontzientzia dela ziurtasun gizatiarrena, denak berdintzen gaituena. Requiem guztiontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.