Charles Aznavour

XX. mendea zeharkaturik

Parisen sortu, 1924an, eta kantua aktore gisa bizi zuen artista zendu da, 94 urtetan. 1.400 kantu interpretatu, 180 milioi disko saldu, milaka kontzertu eman, eta 60 bat filmetan parte hartu zuen.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Kantari eta aktore gisa 70 urte baino gehiagoko ibilbidea gibelean utzirik hil zen atzo Shahnourh Varinag Aznavourian, Charles Aznavour (1924, Paris-2018, Mouries, Okzitania), 94 urte zituelarik. 1.400 kantu baino gehiago utzi ditu, ehun bat antologiatan sartuak, sei hizkuntzatan kantatuak, eta milaka kontzertu emanak, baita 180 milioi disko salduak ere. Aktore gisa 60 bat filmetan aritu zen. Kantatzen zuelarik ere ez zion uzten aktore izateari. Bere kantuen hitzak hark berak idazten zituen gehienetan, eta interpretazioan ere maisu zen. Bere kantuak buruz ikasteko gogoa sorrarazteko gaitasuna zuen.

Korronte nagusiko ikur egina zen aspaldian. Iaz bertan, izarra jarri zioten Hollywoodeko Walk of Fame etorbidean. Ezagutu zituen garai zailak artistak. Baina ulertua zuen sekretuetako bat. Irautearen beharra. Abisua emana zuen funtsean A voix basse liburuan (Don Quichotte, 2009). Lasterregi joanez «ilusioen paradisura» iristeko arriskua dagoela, «eta desilusioen infernura sartzekoa eta zurikinak biltzekoa. Ez baita sekreturik, beti zailena gelditzen da konplitzeko: iraun».

Ukan biziari begiratzen hasteak XX. mende osoari begira jartzea erran nahi du. 1924an sortu zen, Parisen, bi gurasoak armeniar iheslariak zituela. Aita, Georgian sortua. Ama, berriz, Turkian. 1915ean turkiarrek armeniarren aurka egin genozidiotik ihesi iritsi zitzaion ama Turkiatik Parisera. Ama, bere amarekin batera, familiako bakarrak izan ziren sarraskitik bizirik ateratzen.

Parisen AEBetara joateko gutiziarekin zegoen familia, bisaren beha. Baina azkenean bisa ez zen iritsi, eta gurasoek berek Parisen egoteko hautua egin zuten, gustura. Aita, kantari baritonoa; ama, antzerkilaria. Senar-emazteek armeniar jatetxe bat ireki zuten Parisen, laster Europa erdialdeko iheslarien bilgune egin zena. Han hazi zen Aznavour, artisten artean. Baina 1929ko krisiagatik lekua hetsi behar izan zuten, eta ostatu txiki bat ireki. Aznavourrek antzerki eta kantu artean handitzen segitu ahal izan zuen hala ere, nola edo hala, Bigarren Mundu Gerra zartatu zen arren. Eta arrakasta pixka bat ere ezagutu zuen, Pierre Roche konpositorearekin.

Edith Piafek bultzaturik

Gerla bururatu, eta Edith Piaf ezagutu zuen Aznavourrek telebista emankizun batean. Piafek segidan bere babespean hartu zuen. Honela mintzatua da Aznavour Piafez: «1946ko arrats batez bere unibertso berezian sartu nintzen, eta horrek nire bizia aldatu zuen. Adiskidantza maitemindu gisako bat partekatu dut harekin, haren azken hatseraino. Beti konplize, ohe berean behin ere lo egin gabe». Bi urtez, AEBetara eraman zuen Piafek. Han, Louis Armstrong eta Duke Ellingtonen soinua ezagutu zuen. Baina nola diren gauzak: bisarik gabe, zenbait egun preso sartu zuten, Kanadara joan aitzin. 1950ean itzuli ziren Parisera. Kabareten aroa orduan hasi zen. Eta laster, Aznavourrena. Kantuz kantu, eszena batetik bestera, urrezko arora iritsi zen1960ko hamarkada hastearekin batera; Deux guitares eta Je m'voyais deja kantuak horren lekuko. 1963an Parisko Olympian eman lehen kontzertura ezagun andana bat joan zen haren entzutera. Jean Marais eta Charles Trenet tarteko. Eta arrakasta iltzatu zuen. Aktore gisa ere fama jaso zuen, François Truffauten Tirez sur le pianiste filmarekin bereziki. Kantari moduan erabiliko zuen fama New Yorkeko publikoa bereganatzeko. 1965ean, Broadwayn eman bigarren saioan, kritika amerikarrak «frantses ttipi sinpatikoa» izendatu zuen.

Hamarkada hartakoa da baita Que c'est triste Venise ere, Françoise Dorinek idatzia. Hortik laster ere kantatu zuen La Boheme, Jacques Plantek idatzia. Beste zenbait izenburu famatu aipatzearren, ordukoak dira Hier encore eta Emmenez-moi.

1968a heltzearekin, ikasle eta langileen aldarrikapenei ez zien kasu handirik egin. Laster 50 urte bete zituen, eta iraganari begira jartzen hasi zen doi bat, nahiz eta segitu sortzen. 1972ko Comme ils disent kantua izan daiteke urte haien ikur. Haren hurbileko batzuek jasaten zuten homofobia salatzen du kantuak.

Haren bizitzako beste data inportante bat 1988a da. Urte hartako abenduan Armeniak jasan lurrikarak 50.000 pertsona hil zituen. 90 artista bildu, eta Pour toi Armenie milioi bat aletan saldu zuten. 1990etik landa segitu zuen idazten eta konposatzen Aznavourrek. Baina bereziki ohoreen aroa zabaldu zitzaion ordutik aurrera, ez zitzaiona nehoiz gelditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.