Errusiako hauteskundeak. Vladimir Putin

Luzerako iritsi zena

XXI. mendea hastearekin batera hartu zuen Errusiako aginte makila Putinek, eta oposizioaren eta Mendebaldearen jomugan dago ordutik.

ALEXEI DRUZHININ / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Putin gabe ez dago Errusiarik». Hala adierazi zuen Errusiako presidentearen kabineteko zuzendariorde Vladimir Ostrovenkok. Esaldiak agerian uzten du Vladimir Putinek (Leningrado, egungo San Petersburgo, 1952) Errusiako politikan duen itzala, edo, behintzat, Errusia Batuko alderdikideen eta jarraitzaileen artean duen ospe ona. Halere, Putinen jarduna goratzeaz gain, errealitate bat erakusten dute hitz horiek, hura gabe ez baitago azken bi hamarkadak ulertzerik.

Boris Jeltsinen agintaldiaren amaiera aldera egin zuen Putinek Moskurako saltoa; 1998an FSB Segurtasun Zerbitzu Federaleko buruzagitza hartu zuen, eta, handik urtebetera, 1999ko udan, lehen ministro izendatu zuen Jeltsinek. Bi urtean kargu hori hartzen zuen bosgarren politikaria zen.

Egoera ekonomiko kaskar baten erdian eta Txetxeniako talde armatuen atentatuak tarteko, herritarren aurrean lider sendo baten gisan agertu zen Putin.«Errusia handi egiteko» konpromisoa zuen liderra. Botere politiko eta ekonomikoaren epizentroan kokatzeko mugimenduak ere hasi zituen; besteak beste, Jeltsinekin handi egin ziren oligarken aurkako oldarraldiak. Haiei lotutako ustelkeria kasuak zirela medio, enpresa estrategikoetan gertuko kideak jarriz joan zen.

Mende berria hastearekin, beraz, presidente zen Putin, eta, lau urteko parentesi bat gorabehera (2008-2012), gaur egun arte egon da kargu horretan. Tarte horretan lehen ministro izan zen, legediak ez baitzion onartzen estatuburu karguan segidan bi legealdi baino gehiago egitea. Hori ere aldatu du, ordea, eta, konstituzioaren iazko erreforma dela medio, 2036raino luzatu dezake agintaldia; hau da, ondo bidean 2024ko eta 2030eko bozetara aurkeztuko da.

Sobietar Batasunaren gainbeheraren ostean Moskuk galdutako indarra berreskuratzeko asmoa izan du Putinek agintera iritsi zenetik, eta horretara bideratu ditu barne eta atzerri politikak.Moskun topatu dute babesa Mendebaldearen jomugan izan diren hainbat gobernuk: Siria, Iran, Venezuela... Halere, Ukrainako gatazka izan zen Bruselarekin aurrez aurre jarri zuena; zehazki, Krimearen anexioa eta Donbassko gerra.

Liskar hori dute oinarrian Europako Batasunak eta AEBek jarritako hainbat zigor ekonomikok. Horiek, COVID-19ak eragindako egoerarekin batera, kolokan jarri dute Putinen balio nagusietako bat: egonkortasuna. Izan ere, herrialde barruan, garapen ekonomikoarekin lotu izan da presidentearen jarduna. Energia esportazioak bultzatuz, egoera ekonomiko txarra iraultzea lortu zuen agintean eginiko lehen hamarkadan.

Halere, Putinen aurkako kritika nagusiak beste arlo batzuetan zentratu dira azken urteetan. Oposizioko kideen eta nazioarteko hainbat erakunderen salaketak tarteko, agintari atzerakoi eta autoritarioa izatea leporatu diote: besteak beste, adierazpen askatasunaren, giza eskubideen eta LGTBI kolektiboaren aurkako neurriak hartu izanaz akusatu dute.

Hori kontuan izanik, Aleksei Navalni oposizioburu liberala komunisten aldeko botoa eskatzera iritsi zen asteburuko bozetarako, Errusia Batua agintetik kentzeko asmoz. Haatik, kritika eta protesta artean bada ere, Putin alderdi ofizialistako burua baino zerbait gehiago da, eta hala erakutsi izan dute presidentetzarako bozek. 2018ko hauteskundeetan, botoen %76,7 bereganatu zituen, orain arteko emaitzarik onena. Orduan ere iruzurra salatu zuen oposizioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.