Sardinieraren geroa. Alessandro Mongili. Paduako Unibertsitateko irakaslea

«Belaunaldien arteko transmisioa da sardinieraren egiazko ahulezia»

Zientzia, teknologia eta gizarte gaietako irakasleak eremu digitalean jarri du itxaropena. Haren esanetan, sare sozialek «nabarmen» egin diote mesede uhartean bizitzen ari diren «birsardinizazio linguistikoari».

DIARIU LIMBA SARDA.
Marco Santopadre
Cagliari
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Ni neu, hiztun pasibo gisara, desblokeatu egin naiz, eta 2009tik geroz eta gehiago, eta geroz eta hobeto hitz egiten dut sardinieraz», dio Alessandro Mongilik, Paduako Unibertsitateko zientzia, teknologia eta gizarte gaietakoirakasleak.

Urteak dira Mongili sardinieraren estandarizazioaz arduratzen dela; 2007an, orain arte irla horretan egindako eskala handiko ikerketa soziolinguistiko bakarrean parte hartu zuen: Le Lingue dei Sardi (Sardiniarren hizkuntza).

Zein da sardinieraren egoera?

Gutxieneko praktika linguistiko gisara, sardinierak bizirik iraungo du, baina datozen hamarkadetan ez da sardiniar guztien hizkuntza izango. Azken urteotan erresistentzia sare bat osatu da, talde minoritario baina motibaturikoen gaitasun linguistikoaren garapenaren, memoriaren eta idazketaren inguruan.

Aniztasun linguistikoa eleaniztunagoa den testuinguru batera eboluzionatzen ari da mundu osoan. Noski, XIX. mendeko ikuspegi tipikoa baldin baduzu—herri bat, nazio bat, hizkuntza bat— zail ikusten dut. Gure belaunaldiaren egitekoa erresistentzia da, datozenek sardinierari berdintasun tratua eman diezaioten italieraren aurrean.

Zeintzuk dira sardiniera ahultzearen arrazoi nagusiak?

Estatus arazo bat da, instituzionala eta soziala. XV. mendeaz geroztik, prestigiozko hizkuntzaren baldintza galdu du, eta, XVIII. mendetik, Sardinia baldintza kolonialen menpe egon izan da. Horrek berekin ekarri du elite lokalak ezabatzea, batzuetan fisikoki; batez ere, kataluniar-aragoiarren konkistaren ondotik, eta 1796ko iraultza sardiniarraren ondoren.

Sardiniera saiatu da bigarren mailako estatus bat lortzen, eta 1950eko hamarkadara arte gehien zabaldutako hizkuntza izan zen, baina dialekto estatusarekin: italiera ez zen oso ezaguna elitetik kanpo. 2006an, soilik sardiniarren %3k zioten ez zutela ulertzen sa limba sarda [bere hizkuntza sardiniarra]. Baina espazio publikotik behartuta kanporatu zuten, eta hizkuntza arrunt bat delako estigmak berekin ekarri du emakumeek gizonek baino gehiago abandonatu dutela; horrek ondorio larriak eragin ditu belaunaldi arteko transmisioan. Hori da sardinieraren egiazko ahulezia.

Historikoki, Sardinieraren modernizazio prozesua goitik egin zen; zati bat faxismo garaian, eta gehiena autonomiaren garaian, zeina 1948an lortu zuen, Birsortze Plana delakoarekin batera. Teoria modernizatzaile tipikoetan oinarrituriko garapen proiektu bat izan zen hori. Italianizazioaren eta modernizazioaren arteko identifikazioa sakonekoa izan zen. Elite modernizatzaileak italierara pasatu ziren eroso sentitzeko; horiek egituratu zituzten hezkuntza, osasun eta industria dispositiboak.

Sardismoak berak ez du zaindu borroka linguistikoa, denek sardinieraz hitz egiten zuten eta gutxik italiera ulertzen zuten eremu bateko dialekto baten defentsa modura ikusi izan baita; hori, behintzat, telebista iritsi zen arte. Independentista batzuk kezkatuago agertzen dira beren italiera egokia den edo ez ote den, publikoki sardiniera erabiltzearekin baino.

Sardinia zergatik ez da oraindik iritsi hizkuntzaren aho batezko estandarizazio onartu batera?

Orain arte, sardinieraren estandarizazioa beti izan da joko intelektual bat, ez duelako harremanik hizkuntzaren erabilerekin. Sardiniera gutxi irakasten da, eta gutxi erabiltzen idazketan, sare sozialetatik kanpo behintzat.

Estandarizazioa pixka bat inprobisaturiko adituen bidez egin zen, zeinek behartu zuten araudiak aplikatzea italieraren idatzizko egituretan ainguratuta zeuden hiztunen biztanleriari. Orain arte, estandarizazio grafikoen inolako proposamenek ez du arrakastarik izan: ez Limba Sarda Comuna-k [Hizkuntza Sardiniar komuna, eskualdeko dokumentuetan erabilitakoa], ezta Is Arregulas-ek ere [irlaren hegoaldeko aldaeren gertuagoa litzatekeena, zabalduena, baina ez hain klasikoa].

Sardiniakoa ez da bere erabileran arrakastarik izan ez duen estandarizazio bakarra. Norvegiako eta Albaniako kasu ezagunak alde batera utzita, ohar gaitezke errealitate kolonial edo zapaldurikoetan ez dela erraza estigmatizaturiko hizkuntza gutxitu baten estandarizazioari ekitea. Kurdistango eta Armeniako kasuez oroitzen naiz, baita beste hainbatez ere.

Hizkuntza gutxituak dauden beste egoera batzuetan, eredu batzuek arrakasta izan dute. Zer pisu izan dute eredu horiek?

Nire iritziz, gehiegikoa. Gure baldintzetatik abiatu beharko genuke, konplexu askorik gabe, irtenbide berritzaileak bilatzeko; helburu jarrita pertsonak sardinieraren irakurketara eta idazketara hurbiltzea.

Adibidez, ez luke axola beharko eskola nagusi zenean sorturiko estandarizazio modelo askoren izaerak. Gaur egun, uste dut irakaskuntza eremu nagusia eremu digitala dela; irlan bizitzen ari garen birsardinizazio linguistikoari nabarmen egin dio mesede.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.