Arnaldo Otegi aske. Harrera

«Orain irabaztea tokatzen da»

Lehen harrera beroa egin diote Elgoibarren Otegiri. Amnistiaren eta independentziaren aldeko oihuen artean, lanean jarraitzeko deia egin du politikariak: «Egin irribarre, borrokatzera goaz. Eta borroka egiten badugu, irabaziko dugu». Irribarreak eta poza izan ziren nagusi.

1 JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Elgoibar
2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Irribarrea erraz dabil. Bai behintzat atzo Elgoibarren (Gipuzkoa). Oso berea duen esaldiari aldaera berria jarri dio Arnaldo Otegik: «Egin irribarre, borroka egitera goaz. Eta borroka egiten badugu, irabaziko dugu». Izan ere, Otegik argi du: «Orain irabaztea tokatzen da».

Poza eta irribarrea izan ziren atzoko protagonistak Elgoibarren. Poza, irribarrea eta Arnaldo Otegi. Sei urte eta erdi giltzapean eman ostean praktika galdua duela ohartarazi zuen, baina ez zitzaion nabaritu. Plaza bete jende zuen aurrean, eta solte aritu zen, erraz, eta karisma handiz. Etxean jokatzen zuen, baina ez zituen etxekoak bakarrik izan gogoan: «Zintzoki esaten dizuet; ni asko pozten nahiz lehen bizkartzainekin ibili behar izaten zutenek orain ez dutelako horren beharrik». Baina eskubide urraketa ez dela amaitu ohartarazi zuen, hitz horiek erabili gabe ere: «Astebururo bisitara eramateko poltsa prestatzen duten guraso eta lagun horiez gogoratzen naiz ni». Presoak etxeratzeko oihuekin erantzun zieten bildutakoek.

Bizkartzainik gabeko egoerara iristeko ezker abertzaleak ere izan duela partea nabarmendu zuen Otegik ehunka herrikideren aurrean hitzaldian: «Hitzeman genuen bakea ekarriko genuela, eta ekarri dugu». Zazpi urte lehenago egin zuen promesa hori Elgoibarko plaza berean, Donostiako Martuteneko espetxetik atera zenean. Eta toki berean azpimarratu du lanak ez direla amaitu: «Orain irabaztea tokatzen da. Bakea eta elkarbizitza beharrezkoak dira, baina baita askatasuna eta berdintasuna ere». Eta baietz, autokritika egin egin behar dela, baina ez besteek eskatzen dietelako, baizik eta «herri honi zor gatzaizkiolako».

Espetxetik atera berritan bere buruari lan partikular bat jarri dio Otegik. Free Otegi. Free them all kanpainaren barruan babesa agertu dioten denei eskerrak eman zizkien. Eta, orain, berari babesa eman dioten nazioarteko eragile horiek guztiak kanpainaren bigarren esaldian murgiltzeko ahaleginak eta bi egingo dituela hitzeman zuen; free them all.

Ez da alferrik egon giltzapean, eta oso presente ditu presoak. Atzo, hitz egin zuen bakoitzean oroitu zituen kartzelan gelditzen diren 400 inguru euskal herritarrak. Elgoibarren ere haiek izan zituen aurrena gogoan; Logroñon berarekin preso zeuden bi lehendabiziko, Rafa Diez Usabiaga bigarren, eta gainerako guztiak gero. Eta besarkada bana igorri zien bera bezala kartzela atzo utzi zuten Urko Labakari eta Lorentxa Gimoni ere.

Ate birakariak

Atzokoa ez da izan Arnaldo Otegiri Elgoibarren egin dioten harrera bakarra. Hainbat sartu-irten egin ditu espetxetik ezker abertzaleko buruzagiak, eta hala esan zuen: «Ezker abertzaleko politikarien ate birakari bakarrak espetxeak dira. Gu espetxera eramaten gaituzte behin eta berriz. Arriskutsuak izango gara».

Hain justu, «terrorista arriskutsu» deitu zion atzo Otegiri Soraya Saez de Santamaria Espainiako Gobernuko bozeramaileak. Otegik Los Chikos del Maiz musika taldearen hitzekin erantzun zion, 1976. urteko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakariakgogora ekarriz, eta badaezpada birritan azpimarratuz hitzak ez zirela bereak: «Terrorismoa Fraga Iribarne da, Gasteizko kaleetan langileak hiltzen».

Arreta handiz entzun zituzten Otegiren hitzak Elgoibarren bildutakoek. Zahar eta gazte, Elgoibartik ez ezik, inguruko herrietatik gerturatutako jende ugari zegoen, eta ezker abertzaleko hainbat buruzagi: Rufi Etxeberria, Pernando Barrena, Joseba Permach, Karmele Aierbe, Marije Fullaondo, Karmelo Landa, Joxean Agirre, Jone Goirizelaia abokatua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakaritzarako hautagai izandakoa, Anna Gabriel eta David FernandezCUPeko kideak, eta beste asko.

Juli Arregi emazteak, Hodei eta Garazi seme-alabek eta Ascensio aitak babestuta agertu zen Otegi plazan. Eta orduantxe lehertu zen zain egon zen jende guztiaren emozioa. Presoak etxeratzeko oihuak eta independentziaren aldekoak izan ziren nagusi. Bero zen jendea. Pozak, eta malkoak gertu. Xabier eta Miren Amurizakbertsoak eskaini zizkioten; Fredi Paya bertsolariak biolinez musikatutako aurreskua dantzatu zioten dantzariek, eta urteetan izandako «koherentzia» eskertuz, txapela jarri zioten Arnaldo Askatu Politika Askatu plataformako kideek. Baina txapel hori ez zuen beretzat nahi. Hilda dauden ezker abertzaleko buruzagiei eskaini zien, besteak beste, Jon Idigorasi, Jokin Gorostidiri, Periko Solabarriari eta Txomin Ziluagari.

Eta, gero, festa nahi zuenak izan zuen aukera, Fermin Muguruza, Sorkun eta Xabi Solanoren musikarekin. Atzo Elgoibarren izan ez zirenek, berriz, martxoaren 5ean izango dute Otegi berriro entzuteko aukera, belodromoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.