Iruñeko taldeko sexu erasoa. Manifestazioa

«Baina non dago justizia?»

«Lehenbizi Nagore Laffage, gero Altsasu, eta orain hau»: epaiak eragindako haserrez eta etsipenez irten dira kalera herritarrak, sexu erasoekiko pazientzia galdu dutela erakustera.

Sarasate pasealekutik Gazteluko plazarako sarbideak bete egin ziren atzo arratsaldean. VILLAR LOPEZ / EFE.
Samara Velte.
Iruñea
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Feminismoaren aurpegi guztiak batu zituen atzoko manifestazioak: belarritako garestiz apaindutakoak, urteetako militantziak zimurtutakoak, kaputxa ilunetan bildutakoak eta lehenbizikoz halako protesta batean agertutakoak. Guztien ahotan, hitz bat, batez ere: «Injustizia». Emakume gazte asko sentitu dira identifikatuta bortxaketa salatu zuen neskarekin, esate baterako, Donostiatik etorritako Luxia: «Sentsazioa da epaitegira jotzeak ez dizula ezertarako balio. Inpotentzia handia sentitzen da».

Pixka bat harago, «Injustizia Jauregitik» hurbil —hala deitu diote antolatzaileek—, edonork Baiona zeharbideko taberna dotoreetan irudikatuko lituzkeen bi emakume gazte, antzera sentitzen. «Lehenbiziko aldia da manifestazio batera gatozena», onartu du haietako batek, Barbara deiturikoak: «Guk ez badugu aldarrikatzen, inork ez du egingo gugatik». Alboan, buruarekin arrazoia eman dio Aitana adiskideak: «Azkenean, gu gara galtzen ateratzen garenak. Ez bazara uzten, hil egiten zaituzte; eta uzten bazara, hau gertatzen zaizu».

Parte hartzaileei galdetuta, askok adierazi dute zigor gogorragoa nahiko luketela bortxatzaileentzat: «Ereduzkoa izatea». Pazientzia agortu zaie askori. Beharbada, Nagore Laffageren hilketaren hamargarren urteurrena igaro berri delako, eta haren hiltzailea aske dagoelako jada; beharbada, Martxoaren 8ko mobilizazio jendetsuek kolektiboki ahaldundu daitekeela sentiarazi zietelako askori; edo, akaso, sanferminetako sententziak kontraste nabarmena egiten duelako Altsasuko auzian gazteei eskatu dizkieten zigor luzeekin. Ekaitz perfektua da, eta Nafarroan lehertu da orain. Manifestazioan, sarri entzun dira Altsasuko auziari erreferentzia egiten zioten leloak, adibidez, Hau bada terrorismoa. «Ez dago proportzionaltasunik», uste du Mari Jose izeneko andre iruindarrak: «Azkenean, zeure buruari galdetzen diozu: baina non dago justizia?».

«Katanarekin kalera»

Harengandik metro gutxira, neska-mutil nerabe batzuk elkarrekin doaz manifestazioan. Haien artean Sol, 14 urteko atarrabiarra: «Nazka eta amorrua sentitzen ditut, ateratzen naizenean badakidalako ez naizela seguru egongo. Denok ziur sentitu behar genuke, eta kito; ez genuke neurririk hartu beharko gauzak ongi joan daitezen». Bere inguruan neskak jabetuta daudela uste du: «Ez dut inoiz autodefentsa ikastaro batean parte hartu, baina gustatuko litzaidake».

Gurasoei ere kezka eragin die auziak. Maider izeneko iruindarrak alaba txikia sorbaldetan daramala jarraitzen dio jendetzari, Idoia adiskidea alboan duela: «Salatu behar dela eta salatu behar dela, eta ezertarako ez». Alaba seinalatu du: «Ea honek 15 edo 16 urte dauzkanerako gauzak aldatzea lortzen dugun, bera lasai irten dadin kalera eta gu lasai gera gaitezen». «Orain behintzat badago kontzientzia bat, erasoen berri ematen da», uste du Idoiak: «Lehen pasadan bezala aipatzen ziren sanferminetako erasoen datuak». Ados dago, metro batzuk harago, Koldo tabernaria: «Parrandan-eta ikusten dira halako egoerak. Ez dakit jendeak kontzientzia handiagoa duen, baina erantzunak indartsuagoak direla sumatzen da». Haren alboan, Maria, Albacetetik (Espainia) etorritako iruindarra: «Azkenean, katana batekin atera beharko dugu kalera, justiziak ez gaituelako babesten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.