Baionan gizon bat atxilotu dute emakume bati eraso egitea leporatuta

Emakumea Baionako ospitalean dago, zauriturik. Gaur emanen dute gizonaren auziaren emaitza, fiskalaren aitzinetik pasatu baita

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Iragan ostiral gauean gertatu zen erasoa, Baionako etxebizitza batean. Gizon batek bere neska lagun ohia kolpatu zuen, eta 26 urteko emakumea Baionako ospitalera eraman zuten larrialdi zerbitzuek, zauriengatik. Ebakuntza bat egin behar izan zioten, belaunean. Kolpeez gain, emakumea zintzurra tinkatuz itotzen saiatu zen gizona. Frantziako Poliziak larunbatean atxilotu zuen 35 urteko ustezko erasotzailea, Tarnosen (Landak, Okzitania), biktimak salatu egin baitzuen Baionako ospitalean.

Sud Ouest egunkariaren arabera, auzokoak erasoa gertatu zen etxebizitzara sartu ziren ostiral arratsean, «oihuak» entzun ondoan. Orduan, gizonak etxebizitzatik ihes egin zuen, eta larrialdi zerbitzuak deitu zituzten biktima artatzeko.

Frantziako Poliziak larunbatean sartu zuen atxiloaldian gizona, Baionako polizia etxean, eta atxiloaldia luzatu egin zioten, igandean. Atzo arratsaldean pasatzekoa zen Baionako fiskalaren aitzinetik. Goiz honetan jakinaraziko du Baionako fiskalak auziaren emaitza. Ikerketaren arabera, emakumeak jadanik bost aldiz seinalatu zuen gizona bortizkeria kasuengatik, baina ez zuen salaketarik jarri.

Bestalde, auzitegietako mediku batek biktima ikertu zuen atzo, auziari begira txosten medikoa egiteko, eta lanerako aldi baterako ezintasuna neurtzeko.

EH Baik erasoa salatu du: «Beste behin, gizonaren eginkizunak salatzen ditugu». Bestalde, biktimari «babesa eta sustengua adierazi» dizkiote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.