Karakalpakstan, indarrez isildua

Etzi amaituko da uztail hasieratik Karakalpakstanen indarrean den larrialdi egoera. Uztailaren 1eko manifestazioaren harira ezarri zuen Uzbekistango Gobernuak. Autonomia kendu nahi izatea leporatzen diote manifestariek gobernuari.

Karakalpakstan, indarrez isildua.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Karakalpakstan betidanik izan da eremu ahaztu bat. Iosiv Stalin Sobietar Batasuneko buruzagia zenean, esaterako, bertan ezkutatzen zituzten «endekatutzat» jotzen ziren artelanak. Hori dela eta, Nukus hiriburuan dagoen Karakalpakstango Errepublikako Arte Museoak errusiar abangoardiaren bildumarik handienetan bigarrena du.

Eskualdeak Uzbekistanen eremu osoaren heren bat hartzen du, baina biztanleen %5 bakarrik bizi dira han, 1.7 milioi herritar, hain zuzen. Erdialdeko Asiako eremurik pobreenetako bat da, Aral itsasoaren desagertzea dela eta. Haren lehortzeak gatzez eta hondakin kimikoz beteriko desertu toxiko bat utzi du eskualdean. Ondorioz, oso ohikoak diraminbizi kasuak eta biriketako gaixotasunak. Gainera, haurren heriotza tasa handia da oso.

Oraintxe, Asia erdialdeko gatazkagune bizietako bat ere bada. Taxkentek uztail hasieran ezarri zuen larrialdi egoera eskualdean, uztailaren 1ean izandako mobilizazioen harira, eta datorren asteartera arte iraungo du. Herritarrek protestak abiatu zituzten, Uzbekistango Konstituzioak aitortzen dien independentzia eskubidea galtzear zutelako. Izan ere, Uzbekistango presidente Shavkat Mirziyoyevek iragarri zuen zenbait aldaketa egingo zituela, eskualdeari autonomia kenduko ziotenak. Gutxienez hemezortzi pertsona hil ziren iragarpenaren ostean piztutako istiluetan.

Karakalpakstanek erreferendum bidez independentzia aldarrikatzeko eskubidea du jasoa bere konstituzioaren lehenengo artikuluan, eta aukera bera bermatzen dio Uzbekistangoak ere. AI Amnesty Internationalek Asia erdialdean duen arduradun Maisy Weicherdingen aburuz, independentziaren aldeko aldarriak duela gutxi piztu dira. «Hala ere, ez dut ikusten independentziaren aldeko mugimendu handirik. Karakalpakstango herritarrek beren autonomia estatusa mantendu nahi dute, besterik ez».

Karakalpakstanen, parlamentu lokalak du botere legegilea. Bertan, baina, ez dago eskualdekoa soilik den alderdirik. Izan ere, Uzbekistanen, alderdi politiko batek hauteskundeetan izena emateko, gutxienez zazpi eskualdetan izan behar du delegazioren bat. Lege horrek eratzea eragozten du. Gainera, boterea guztiz zentralizaturik dago. Weichredingentzat, «autonomia paperean dago soilik».

Uztailaren 1eko protestak

Mirziyoyevek proposatutako aldaketek, batik bat, eskualdeak bere subiranotasuna galtzea ekarriko lukete, baina baita independente izateko eskubidea galtzea ere. Weicherdingen aburuz, horrek «atsekabe handia» eragin du karakalpakstandarrengan. Ados ez zeudela erakusteko, manifestazio baketsuak egitera deitu zuten. AIko kideak azaldu duenez, protestak uztailaren 5ean ziren egitekoak, baina Taxkenten aginduz atxilotu egin zuten deitzaileetako bat, Dauletmurat Tajimuratov kazetaria, gobernuaren aurkako manifestazioak antolatzea leporatuta. Horrek dena azkartu zuen, eta kazetaria atxilotu zuten egun berean, uztailaren 1ean, kalera irten ziren manifestariak.

Uzbekistango Gobernuak Errusiak bultzatutako zenbait ekintzaileri egozten dizkien arren protestak, Weicherdingerentzat ez da hala: «Ez dirudi protestak aurretik antolatuta zeudenik; bat-batekoagoa izan da kontua».

Protesta baketsuak liskar bihurtu ziren berehala. Armadaren eta Poliziaren datuen arabera, bostehun pertsona inguru atxilotu zituzten, eta, suzko armak erabiltzeko debekua zuten arren, 243 pertsona zauritu zituzten, eta hemezortzi hil. Horietatik hamalau manifestariak ziren.

Uztailaren 3an, Uzbekistango Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen Karakalpakstanen, datorren asteartera arte indarrean egongo dena. Weicherdingeren arabera, uztailaren hasierako protestaz gain ez da gehiagorik egon. Ekitaldi publikoak eta sartu-irtenak debekatu eta etxeratze agindua ezartzeaz gain, Uzbekistango Gobernuak hogei urteko espetxeratzea eskatu du Dauletmurat Tazhimuratov eta Lolagul Kallykhanov kazetari eta blogarientzat, manifestazioak antolatu eta «desordena publikoa» bultzatzeagatik.

Giza eskubideak

Uzbekistango Zigor Kodearen arabera, hogei urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete manifestazio batera deitzen duenari, eta bost urte artekoa presidentea kritikatzen duenari. Neurriak «errepresiboak» direla salatu du Weicherdingerrek. «Ahots kritikoak isilarazteko erabiltzen dituzte. Gainera, oso abstraktua den termino bat erabiltzen da: kritikatzea. Ez dago ondo definituta, eta, Uzbekistanen bizi izandakoak kontuan izanda, edozertarako erabili dezakete».

AIk salatu du Uzbekistanen giza eskubideak urratzen direla. Torturak, presidenteak legez kontrakotzat jo zituen arren, «ohiko praktika bat» dira oraindik ere, Weicherdingek dioenez. Antzeko zerbait gertatzen da adierazpen askatasunarekin. Haren esanetan, egunkari eta hedabide independente gehiago sortu eta aurrerapausoak eman dira. «Baina gobernuarekin edota presidentearekin kritikoa izanez gero, ondorioak larriak dira».

Mirziyoyevek «Uzbekistan berri baten» alde egin zuen boterera heldu zenean; giza eskubideak gehiago errespetatuko zituen herrialde bat eratu nahi zuen. Weicherdingeren ustez, presidentearen adierazpenak ongi etorriak dira; baina zerbait gehiago behar da, aurrerapausoak ekintzetan ikusi behar dira. Eta azken egunetan Karakalpakstanen erabilitako metodoak ez doaz bide horretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.