Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak hala aginduta, Guardia Zibilaren agenteak ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Omnium Cultural erakundeen egoitzetara sartu ziren, atzo. «Prozedura normala da, ezohikotasunaren barruan», nabarmendu zuen Marcel Mauri Omnium Culturaleko bozeramaileak. Poliziek ez zuten miaketarik egin, baina Jordi Sanchez ANCko presidente ohiak eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak 2016ko apiril eta 2017ko urri bitartean Kataluniako Gobernuarekin posta elektronikoz izaniko mezuen kopia bat eskatu zuten. Joan den urriaren 1eko erreferendumaren harira sedizioa eta matxinada leporatuta, behin-behineko espetxealdian daude biak, joan den urriaren 16tik.
Agusti Alcoberro ANCko presidenteordea mintzatu zen komunikabideen aurrean, eta adierazi zuen poliziek mezu «normalekin» topo egingo zutela, elkarteak «modu baketsuan» jokatu izan duelako beti. Salatu zuen, hori bai, Sanchezek eta Cuixartek, «ez epaituak, ezta zigortuak izan gabe ere», 100 egun daramatzatela kartzelan. Maurik azpimarratu zuen «lotsaizun demokratikoa» dela bi ekintzaileekin gertatzen ari dena. Bi elkarteetako ordezkariek eskatu zieten haien jarraitzaileei ez zitezela joan egoitzen atarietara. Jordi Pina Sanchezen abokatua joan zen ANCkora, eta argitu zuen Sanchezek ez duela diputatu izateari uko egiteko asmorik.
Beste inoiz egin bezala, CTTI Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zentrora ere sartu ziren guardia zibilak.
Katalunia
ANC eta Omnium Culturalen egoitzetara sartu da Guardia Zibila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu