Jose Manuel Sierra. Bidasoko jokalaria

«Partida guztietan gozatu nahi dut, azkena balitz bezala»

Aspaldiko jokalaria oraingo eskubaloian, eta atezain modernoa eskubaloi zaharrean. Kirol horren bilakaera ezagutu du atezain espainiarrak, eta atezain estiloagatik, ekarpena ere egin dio eraldatze horri.

ESTEFANIA HERNANDEZ.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Azkeneko uda baino lehen, zurrumurrua eskubaloi munduan: Jose Manuel Sierra (Moguer, Espainia, 1978) Bidasoa taldera omen zihoan. Hori entzun eta askoren erantzuna: «Jokatzen ari al da oraindik?». Bai, eta Bidasoan ari da sasoi honetan.

Hainbeste taldetan ibili eta gero, bada egonaldi bat asko markatu zintuena?

Valladolidekoa esango nizuke. Emaztea ezagutu nuen, eta bi semeak ere han jaio ziren. Bestela, Bartzelonakoa ere ederra izan zen. Lehen aldiz atera nintzen etxetik, eta, gainera, talde hura ametsetakoa zen. Lau urte egin nituen han, eta lagundu soilik egiten banuen ere, ez nuelako asko jokatzen, Bartzelonan egotea ibilbide osorako geratzen da. Han emandako guztia nirekin izango dut jokalari naizen artean.

Etxetik ateratze hori munduko talde onenera joateko, beste bizimodu bat...

Semeak ikusten ditut orain, eta traumatikoa izan zitekeela pentsatzen dut, gehienbat gurasoentzat. Nik naturaltasunez hartu nuen; ez zen gogorra izan. Lehendik ere ateratzen nintzen etxetik, Andaluziako eta Espainiako selekzioekin, eta bai, beste gauza ezberdin bat zen Bartzelonakoa. Ez nuen sekula uste izan jokalari profesional izango nintzenik, eta beste pauso bat zen, baina betiere, ondo pasatzeko asmoz hartutakoa.

Eskerrak ez zenuen pentsatu profesional izatea...

Horregatik. Etorri zen zerbait izan zen, azkenean.

Nola hasi zinen eskubaloian?

Zortzi urte neuzkanean hasi nintzen. Lagunak lehenago hasi ziren. Ni ez. Beste kirol batzuk probatu nituen: atletismoa, areto futbola... Lagunen atzetik joan nintzen azkenean.

Atezain hasiera-hasieratik?

Bai. Hasieratik lotu ninduen ateak. Eskolan ere atezain jokatzen nuen, eta eskubaloiko lehen entrenamenduan, zuzenean joan nintzen atera.

Atezain jaio zinela esan daiteke.

Bai. Ez dakit zergatik eta nola, baina horrela izan zela esan daiteke.

Postu berezia da, bakarra.

Garrantzitsuena. Talde guztiek dakite erabakigarriena dela postua.

Atezain izateko burutik eginda egon behar dela egia da?

Tira... Badu betiko esalditik. Baina garbi dago ez dela beldurrik izan behar. Prest egon behar da jaurtiketa indartsu samarren parean jartzeko, baina egia da, aldi berean, inteligentzia ere behar dela, jakiteko nora joan daitezkeen jaurtiketak, jokalaria nola jartzen den eta abar. Azkenean, bi gauzak dira: eroa edo zoroa izatea baino gehiago, beldurrik ez edukitzea da bat, eta inteligentzia erabiltzea da bigarrena.

Beti izan zara buruko lana egin izan duen atezaina ala hasieran beste modu batekoa zinen?

Beti jokatu izan dut horrela. Fisiko aldetik ere ez naiz oso atleta. Gainera, Valladoliden, Juan Carlos Pastor izan nuen entrenatzaile, eta oso pentsamolde berezia dauka: dena arrazoitu egiten du. Orduan, uste dut horrek ere eragina izan zuela nire jokatzeko moduan, eta saiatzen naiz jaurtitzailea baino bizkorragoa izaten, ondo jartzen atean, pentsatzen nora jaurti dezakeen eta abar. Horrelakoa izan naiz beti, eta ez fisikoa. Hotza naiz atean, ez naiz imintzio handiak egitekoa. Lasaia naiz, eta saiatzen naiz neure lanean kontzentrazioa mantentzen.

Atezain fisikoak ez dira gehiago?

Denetarik dago. Ez dago eredu bat eta bakarra. Batzuek oso adierazkorrak dira, eta geldiketa bakoitza ospatzen dute futbolean gola sartu izan balute bezala. Beste batzuk, berriz, lasaiagoak dira, eta barruan gordetzen dituzte sentimenduak.

Nor zenuen gustuko atezaina gaztetan?

Moguerren nengoenean, Lorenzo Rico gustatzen zitzaidan, baina ez nion garrantzirik ematen edo ez nion asko erreparatzen. Lehen esan dudan bezala, nire nahia zen ondo pasatzea soilik. Bartzelonara joan nintzenean, David Barrufet eta Tomas Svensson ziren atezainak, eta markatu egin ninduten. Are gehiago, ni hasieran egonda. Ispilu izan ziren niretzat, haiei begira nengoen beti.

Atezainen kasua, deigarria da zeinen ondo konpontzen zareten talde berekoak. Jokatzen ari denak eskatzen dio aulkian dagoenari ateratzeko jokatzera, bera ondo ez delako ari.

Azkenean, atea biren kontua izaten da, eta partida batean bat ondo ariko da, eta bestea ez, adibidez. Garrantzitsuena da atezainen artean atea ondo zaintzea. Bat ondo ez dagoenean, garrantzitsua da besteak egitea zuk egin ezin izan duzun lana. Kanpotik begiratuta deigarria da, bai, hain harreman ona izatea bi atezainen artean. Naturaltasun osoz jokatzen dugu, jator. Atezainena ez da lehia txarra,kontrakoa baizik.

Jokoa etengabeko bilakaeran dago, eta atezainen lana ere aldatuz doa eraldaketa orokor haren barruan?

Bai. Orain, batzuetan, zazpi seiren kontra jokatzea tokatzen zaigu, aldaketak egitea eta abar. Hobetuz joan behar da, egokitzen.

Lehengo aldean, golak sartzeko erraztasun handiagoa ere baduzue, aurkaria atezainik gabe denean.

Hori da. Entrenamenduetan, atetik atera egindako jaurtiketak gehiago landu behar ditugu orain. Berrituz joan behar dugu, arauak eta jokoa aldatuz doazen neurrian. Bestelakoan, gure lanaren funtsa baloiak geratzea da, beti izan den bezala.

Jokoa konplexuagoa da orain?

Azkarragoa da. Duela hamar urteko partida batekin alderatzen bada oraingo bat, aldea antzematen da abiaduran. Taldeak saiatzen ari dira gauzak aldatzen eta hobetzen, baina esango nuke askok antzera jokatzen dutela. Espainiako eskola da hori.

Eskola horretan oinarritzen da, hortaz, gaur egungo jokoa.

Niretzat erreferentziazkoa da Espainiak 2005eko Munduko Txapelketa irabazi izana. Pastor zen entrenatzailea, eta Espainiako eskubaloian iraultza eragin zuen. Valladoliden hasi zen horretan, baina ez zuen selekzioarekin eduki zuen oihartzun bera. Hortik aurrera, Espainiako eskola oso kontuan hartua izan da, eta orain, adibidez, atzerriko talde askotan Espainiako entrenatzaileak daude.

Espainiatik kanpoko taldeak aipatzen hasita, zuk zeuk ere zure herrialdetik kanpora joateko erabakia hartu zenuen 2012an. Frantziara joan zinen, PSGra.

Krisiak eragin zuen erabakia. Valladoliden taldearen egoera gero eta okerragoa zen. Kontratu handienetakoa nuenez diruz, ospa egiteko gonbita egin zidan klubak. Sekula ez nuen pentsatu Espainiatik kanpo aritzea, eroso nenbilen Asobal ligan, baina alde egiteko erabakia hartu nuen, noiz eta ia-ia etxera itzultzeko adina nuenean [barrezka]. Familia hartu eta han joan nintzen Frantziara.

Hortik Hungariara 2014an.

Pastor zegoen Szeged taldean, eta atezaina galdu zuenez, deitu egin zidan. Ezagutzen dut nola egiten duen lan, eta harekin 11 urtez egon nintzenez Valladoliden, baiezkoa eman nion. Beste lau urte osatu nituen Pastorrekin Szegeden. Ez nuen asko pentsatu haren deia jaso nuenean.

Frantziara itzuli zinen gero, 2018an, Saran taldera. Zer eman dizu pertsona gisa kanpoan bizi izanak?

Hasteko, hizkuntzak ikasteko aukera. Kanpora ez joateko arrazoietako bat zen oso txarra naizela hizkuntzekin. Orain ere hala naiz, baina gutxienez ingelesez eta frantsesez hitz egiteko gauza naiz, ondo-ondo egiten ez badut ere. Bestelakoan, ikasi egiten da beste jende batekin bizitzen, zurearen aldean pentsaera ezberdina dutenekin. Frantzian eta Hungarian oso ondo egon nintzen. Kirolari izatea ere lagungarria izango da, ondo ikusita dagoelako. Hungaria entzun, eta atzeraka egitea eragin dezake hasiera batean, baina oso ondo tratatu gintuzten. Zoratzen gaude han lau urte bizi izateagatik.

Orain, berriz ere Asobal ligan zaude, non eta Bidasoan, klub historiko batean.

Bidasoaren proiektua hazten ari da urtetik urtera. Krisi hau kaltea ari da eragiten, baita klubean ere, baina eroso gaude familian, aukera paregabea zen guretzat: Hendaian bizi gara, eta semeek frantsesa ikasten segitzeko aukera daukate.

Noiz arte jarraituko duzu jokatzen?

Ez dakit. Urtetik urtera gero eta gehiago kostatzen zait bidaiatzea, baina ez dut garbi noiz utziko dudan. Denboraldi baterako kontratua dut Bidasoarekin, eta eseri beharko dugu mahai baten bueltan, klubak nik jarraitzea nahi duen jakiteko, eta nik neuk ere segitzeko gogoa dudan ikusteko. Bitartean partida guztietan gozatu nahi dut, azkena balitz bezala.

Nolakoa ari da izaten Bidasoaren denboraldia?

Helburuak betetzen ari gara, Asobal kopan eta Espainiako Kopan jokatzeko sailkatuta gaudelako. Bigarren goaz ligan, eta oso leku onean gaude bigarren itzulirako. Hor erabakitzen dira gauzak.

Bartzelona ahalguztidunaren atzetik bigarren geratzea txapeldun izatea bezala da?

Ez da titulu bat bigarren geratzea, baina saria du, Europan aritzeko aukera zuzenean ematen duelako, Txapeldunen Ligako kanporaketa aurrekoak jokatu beharrik gabe.

Tituluak zureak. Hori da hori palmaresa: ligak, Europako Kopa, Munduko Txapelketa...

Bartzelonan irabazi nituen asko, gutxi jokatzen banuen ere. Baina, berdin-berdin kontatzen dituztenez, ni pozik. Talde handietan egon naiz, eta garaipenak lortzeko zortea eduki dut.

Zeinek egin zizun ilusio handiena?

2013ko Munduko Txapelketak. Hunkigarria izan zen, beti nuelako ilusioa nire selekzioarekin jokatu eta dominaren bat lortzeko, norbere izena ere palmaresean gera dadin. Gero, klubekin, Valladolidekin irabazi genuen Espainiako Kopa berezia izan zen, ezustea eman genuelako. Aurkari zail guztiei irabazi genien. Frantzian eta Hungarian ligak irabaztea ere hunkigarria izan zen.

Nola dago eskubaloia orain? Gorantz zetorren, baina pandemiak jo du bete-betean.

Ondo ari ginen, pixkanaka zulotik ateratzen ari zen gure kirola, baina krisi honek denoi eragingo digu. Ea aurrera egiten dugun. Zaleak harmailetara itzuli behar dute, eta babesleak ere ea bueltatzen diren. Bi zutabe nagusiak dira eskubaloia elikatzeko. Enpresak gaizki pasatzen ari dira, eta ez dute gure kirolean dirua jartzen. Hilabete batzuk igarotakoan ikusiko dugu, eta ea pandemiak ahalik eta kalte txikiena eragiten dion gure kirolari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.