urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

'Aurrera bolie'... Katalunian

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako independentismoaren bultzatzaile nagusiak espetxean. Errepublikako lehendakari nahi zuen buruzagi erbesteratua beste presidentegai bat onartzen Kataluniako autonomia erkidegorako. Eta hamarkada luzez Espainiaren etsairik gorrotatuena izan den erakundea aurrerantzean ez dela hala izango jendaurrean adierazten, «herrian urtuko» dela.

Edozein herrialdetan, garaipen seinaleak lirateke jarrera zehatz bat izan duen estatuarentzat. Baina Espainiara begira, ez dago triunfalismorik, garaipen adierazpen gutxi ikusi da aspaldion. Eta, hala ere, hori guztia gertatu da azken hamar egunotan. ETArik ez da. Puigdemontek utzitako aulkia ez du Puigdemontek berriz hartuko, Madrildik hauteskundeetara aurkeztera bultzarazi, Puigdemontek hala egin eta bozak nabarmen irabazi bazituen ere.

Gaur, CUPek biltzarra dauka, eta ustez bideratuta zegoena biltzar horren emaitzaren zain egon beharko da. CUPeko zuzendaritzaren asmoa betetzera, ez dute eragotziko bihar Quim Torra Generalitateko president hautatzea. Eta gidoia hala izatera, Generalitate autonomiko hori eratutakoan Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du 155. artikulua—Kataluniako finantzen kontrol zuzena izango du oraindik Madrilek, hala ere—. Herenegun jakinarazitako Kataluniako inkestak zituen bi datu esanguratsuetako bat CUPen igoera zen —bestea, independentismoaren gorakada, ehuneko 40tik 48ra otsailarekin alderatuta—. Eta antikapitalista batzuentzat hauteskunde berrietarako akuilu izan baliteke ere, analisi patxadatsuago batek bestelako ondorioak ekar litzake: esaterako, orain arteko koherentzia eta jarrera duina txalotzen dutela independentistek, ERCk erakutsi duen noraezarekin alderatuta adibidez; baina hain aldakorrak diren iritzietan, erraz suma liteke Torrari lehendakaritzarako ateak ixteak orain alde dituen independentista askoren haserrea ere piztuko lukeela.

Ondo bidean, beraz, bihar itxiko da urri amaieran irekitako txikizio zikloa, eta Katalunia aro berri baterantz abiatuko da. Azken bi asteotan, birritan gelditu naiz Bartzelonan aspaldiko zenbait lagunekin egoteko; xingola horia paparrean eta amorrua eta haserrea ahoan, baina etsipen eta nekea ere ezin ezkutatu zuten. Shock-aren doktrinak ERCri erasan dio batez ere, eta noraezean eta umezurtz utzi betiko independentista asko.

Errepublikarekin zetorrena idatzi gabeko mapak zirela esan genuen duela zortzi hil. Oraingoa ere hala da, neurri batean: Katalunia ez da gehiago 1978tik 2017ra bitartean izan zen autonomia erkidegoa izango. Ezinezkoa da. 155. artikulua bertan behera gera liteke, baina kutxa irekita dago, «istripua denean soilik erabili» dioen kristala hautsita dago, eta egiten den urratsik txikienak egindakoaren mehatxua izango du gainean.

Orain, espainiar iritzi emaileak espantuka ari dira Carles Puigdemontek hautagai independente eta independentista bat aukeratu duelako Generalitatea gidatzeko. Galtza bete lan izango du Torrak, eta Berlinen baino ez du izango kontsolamendurik, ziur aski, sarritan; koalizio gobernu bat zuzentzea zaila bada, zer esan koalizio horretako bi alderdietako bateko kide ere ez bazara? Junts per Catalunyaren eta PDeCATen arteko erretena zenbateraino zabal litekeen ere izango da gakoetako bat. Egutegia bizkor doa, eta, errepublika garrantzitsua izanda ere, udal hauteskundeak dira urtebete barru, eta, hor, alderdiek makineria osoa mugiarazi behar dute, tokian tokiko salbuespenak kenduta milaka hautagai eta hautetsi bilatzeko.

Vicent Partalek herenegun ematen zuen «behin-behineko» presidentetza honetarako azalpen gisa dabilen zurrumurruetako baten berri —hauteskundeak berriz deitzea eragozteaz gain, bistan da—: presidentetzak ekimena berreskuratzea dakar; besteak beste, hauteskundeak noiz deitu erabakitzeko. Hala, «estatuarekin tentsioa areagotzea» litzateke Errepublikaren Kontseiluaren plana, eta, hala, hauteskundeak deitzea hil gutxiren buruan buruzagi politikoen aurkako epaiketak hastean, ustez udazken edo neguan. «Eta %50eko langa gainditzeko asmoz deituriko hauteskundeak, ekimen errepublikanoa berreskuratzeko eta Europa konponbide negoziatu batera sartzera behartzeko, higadura judiziala ikusita». Ikusi beharko da hori dagoen mahai gainean, edo beste zerbait, baina Katalunian aurrera doabolie, nahiz eta ezer ez den izango berriz lehen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.