urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Autonomiarako prest

2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Independentziarako prest programa jarri dute asteon abian, eta lehendakaria zehatz mintzatu da: «Herritarrek argi esan diote ezetz autonomia handiagoa izateko aukerari; hortaz, argia da etorkizun politikoaz daukagun jarrera: independentzia». Epea ere jarri dio presidenteak erabaki politiko horri: hurrengo parlamentua bozkatzen eta eratzen dutenean, 2025erako, ez da eskualde autonomo bateko legebiltzarra izango, estatu independente bateko ganbera baizik.

Bougainville izango da estatu hori; hitzok Ishmail Toroama egungo presidenteak esan ditu egunotan, Papua Ginea Berriko Gobernuarekin batzartu ostean. Urte eta erdi da egunotan uharteko biztanleen % 97k independentziaren alde bozkatu zutela, Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia buru izan zuen batzordeak antolatutako erreferendumean. Pandemia eta hauteskundeak tarteko, urtebete atzeratu da estatuaren eta lurralde autonomoaren arteko elkarrizketa. Baina horrelako gehiengo zabalak esaten duenean independentzia nahi duela eta ez duela onartzen autonomia gehiago izango duen estatusik, zalantza gutxi herritarren borondatean. Presidenteak berak esan zuen 2001ean bake-hitzarmena sinatu zutenerako argi zutela independentziaren hautua, baina gerrako zauriak sendatzeko eta suntsitutakoa berreraikitzeko asmoz onartu zutela hamarkada eta erdi atzeratzea galdeketa, eta astiro-astiro eskumenak bereganatuz joango zen egitura autonomo bat sortzea. Autonomia, gerraren eta independentziaren arteko erdibideko ibilbide gisa.

Bougainvilletik 10.000 kilometrora dago Bartzelona, eta lotura gutxi dauka Ozeaniako uhartearekin. Artikuluaren lehen zatia, baina, duela asko ez arte Katalunian egin izan zituzten egitasmo independentistetako bat izan zitekeen. Are gehiago, 80 urte baino gehiago igarota ERCk berriz herrialdearen presidentetza lortu duela iragarri balitz.

Uda ostean, hemezortzi urte beteko dira CiU Kataluniako agintetik kanporatu zuen lehen Gobernua eratu zenetik. «Gobernu katalanista eta ezkertiarra», orduan sinatutakoaren arabera. Urtea amaitzear zen, eta Espainian gehiengo osoaren mozkorraldi betean ziren Jose Maria Aznar eta Alderdi Popularra, ezin irudikatu ere handik gutxira atentatu izugarri batek boteretik botako zituztela. Egunkariak ixtea eta alderdiak legez kanpo uztea ahalbidetzen zuen giroa zen nagusi Espainian, eta Kataluniak beste bide bati heltzea aukeratu zuen une hartan. Pasqual Maragall zen presidente eta Josep Lluis Carod-Rovira independentista kontseilari buru (Conseller primer edo Conseller en cap), ERCkoak bost aste eta erdi baino eman ez arren karguan: Ipar Katalunian ETArekin izandako bileraren harira iritsi zitzaion gobernu hari Madrilgo zerbitzu sekretuen lehen misila; CiUren mende laurdeneko agintaldian baino askoz suntsikorrago.

Carod-Rovira kanporatzea lortu zuen Espainiako estatu sakonak, eta Kataluniako Parlamentuak onartutako estatutua ontzat emango zuen presidentea iritsi zen Moncloara, baina Jose Luis Rodriguez Zapaterok ere, azpijokoa erabili: bere alderdia buru zuen gobernu autonomikoak 2005erako idatzitako testua CiUrekin ezkutuan bilduta urardotu zuen. Hurrengo urteetan, ERC izan zen Kataluniako politikaren erdigune, sekula presidentetza izan gabe, baina unea interpretatzen eta baldintzatzen: estatutu berriari ezetz esan arren, PPren helegitearen eta Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ostean independentismoren gidari (ez Euskal Herriko zentzu patrimonizatzailean, zorionez, Kataluniako herri mugimenduetan, ANCn barne, erraz asko egon zitekeelako militante errepublikanoz beteta, alderdiak mugimendua fagozitatu gabe), eta geroko gobernu independentistetan, 2017ko urriko erreferenduma antolatu eta defendatu arte.

Ibilbide horren ostean, zentzuzkoa zirudien bidearen amaieran ERC buru zuen gobernu bat irudikatzea azkenean, eta Kataluniako sektore independentistetan ilusio eta itxaropena piztea gertaerak. Aldartea, alabaina, horren kontrakoa da, kezka nagusi. 2005ean, Kataluniako Gobernuak Madril kezkatu eta isilean CiUrekin negoziatu zuen legez, 2021eko Moncloak lasaitua ere hartu du azkenean Pere Aragones buru duen gobernu autonomikoarekin. Bi urteko lasaitua dakarkio Espainiako Gobernuari, inork ez baitu Aragones irudikatzen estatuarekiko konfrontazio estrategia batean. Litekeena da, epe ertainean, Estrasburgok Espainia zigortzea, preso politikoak askatzea eta, zergatik ez, erbesteratuek etxeratzeko aukera izatea ere. Bartzelonan dauden agintari autonomikoek ere gustura sinatuko luketen jokalekua da, ziur aski, Errepublikaren Kontseiluaz kezka handiagoz, Moncloan gertatzen denaz baino.

Estrasburgo mintzatzen den egunean, Espainia lotsagarri geratu dela esango dugu, eta Kataluniak arrazoi zuela bere bide demokratikoan. Baina Espainiak ez zuen arrazoirik izatea nahi, Kataluniak bere menpe jarraitzea baizik, eta menpekotasun hori hautsi nahi zutenei bidea eragoztea, kosta ahala kosta. Estrasburgok helburu hori bera lortzeagatik zigortzen badu Espainiako Estatua bihar-etzi, puru eder bat erreko du norbaitek Moncloan, Katalunia autonomikoan egiten dituzten manifestazioetara begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.