Boladari zukua atera nahi dio Realak, Valentzia mendean hartuta

Etxeko bolada onari heldu, eta bisitarien nekea aprobetxatu nahi dute txuri-urdinek. Imanolek deialdian sartu ditu harrobiko Alkain eta Nais

Joseba Zaldua, pase bat ematen, Athleticen aurkako derbian. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Joan zen asteburuko etenaren ostean, lehiari helduko dio gaur Realak. Txuri-urdinek Valentziaren bisita izango dute Anoetan, eta etxeko bolada onari segida eman nahi diote garaipen baten bidez. Donostiarrek irabazi egin dituzte beren zelaian jokatutako azken bost partida, eta seigarren garaipenaren bila aterako dira.

Taldearen bolada ona eta zoria uztartu nahi dituzte horretarako. Zenbait alderdik bat egin dute neurketaren atarikoan. Esaterako, Realak aste eta erdi egin du partidarik jokatu gabe; Valentziak, berriz, porrot mingarria izan zuen asteazkenean Txapeldunen Ligan, Atalantaren aurka galduta (4-1).

Halaber, jokalari kopuruari dagokionez, estu dabil Albert Celadesen taldea. Prestatzaile kataluniarra ezingo da ohiko atzeko lerroarekin aritu, min hartuta baititu defentsako jokalari gehienak. Guztira, ohiko bederatzi futbolari geratu dira Anoetarako deialditik kanpo.

Gauzak hala, badirudi Realak aldeko haizearekin ekingo diola hasieran, baina txuri-urdinek badakite horrek ez duela ezer bermatzen. Imanol Alguacil prestatzailearen arabera, zelaian nagusitu beharko dute hiru puntuak eskuratzeko: «Partida guztiak ezberdinak izaten dira, baina egia da azkenaldian gol asko sartzen ari zaizkiela Valentziakoei. Berak sartu ere asko sartzen ditu, ordea. Gure aukerak aprobetxatu beharko ditugu, eta erritmoa bizitu. Haiek partida jokatu zuten [asteazkenean], eta hutsune asko dituzte. Ea nola irteten den».

Prestatzaile oriotarrak etxeko sasoiari eustea du xede. Zehaztu duenez, bolada onari «jarraipena eman, eta zaleekin gozatu» nahi du. Horretarako, hemeretzi lagun deitu ditu Valentziaren aurka aritzeko. Cristian Portu zigortuta dago, eta ez da ariko. Ezta Diego Llorente eta Ander Barrenetxea ere; Asier Illarramendirekin eta David Zurutuzarekin batera beren lesioetatik osatze bidean dira.

Alabaina, astean zehar izandako arazoetatik osatu da Adnan Januzaj, eta oker handirik ezean hasieratik ariko da. Belgikarraz gain, Imanolek Xeber Alkain eta Nais Djouara harrobiko jokalariak deitu ditu, irabazteko denen beharra izango duelaren jakitun.

REALA-VALENTZIA
Reala. Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Merino, Zubeldia, Odegaard; Oiartzabal, Januzaj, eta Isak.
Valentzia. Jaume; Wass, Mangala, Diakhaby, Jaume Costa; Ferran, Soler, Parejo, Cheryshev; Gameiro eta Guedes.
Epailea. Gonzalez Gonzalez.
Lekua. Anoeta (39. 500 ikusle)
Ordua. 18:30 (Movistar La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.