Iñigo Alzola. Mendi korrikalaria

«Postuaz aparte, uste dut denbora ona egin dudala»

Unai Ugartemendia.
Intza
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Bere burua probatzeko atera, eta txapela irabazi du Iñigo Alzolak (Arrasate, Gipuzkoa, 1990).

Intza-Ttutturren parte hartu gabea zinen. Nola sentitu zara?

Ondo sentitu naiz, eta gozatu egin dut; oso polita iruditu zait.

Aspaldian lasterketarik egin gabea zinen. Zein zen helburua?

Duela aste batzuk galdera hori eginez gero, erantzuna beste bat izango zen; baina oraingoan ea nola nagoen ikustera joan naiz, eta ahalik eta ondoen egitera, noski.

Denbora da ez zinela diziplina honetako lasterketa batean irten. Uste bezala joan al da?

Egia esan, uste baino hobeto.Postuaz aparte, uste dut eginiko denbora ona dela, eta osopozik gelditu naiz azken emaitzarekin.

Estreinakoz izan zara lasterketa honetan. Zer izan da denetan gogorrena?

Beharbada hori bera: lasterketa ez ezagutzea. Azken metroak gogorrak egin zaizkit, ez bainekien zer gelditzen zen oraindik.

Esperotako emaitza izan al da?

Espero baino hobea. Azken asteetan eztarriko arazo batekin nabil, eta azkeneko bi asteetan ezin izan naiz nahi bezala entrenatu. Egia esan, ez nuen espero hor aurrean egotea.

Faboritoetako bat zinen; igotzaile aparta zarela erakutsi duzu.

Ondo datozkidan probak dira. Arina naiz, eta ondo moldatzen naiz aldapan gora, eta denbora laburreko lasterketa gogorretan.

Mendiko lasterketen artean diziplina espezifikoena al da bertikalena?

Ez dakit. Hala ere, egia da aurrean ibili nahi izanez gero propio entrenatu behar direla igoerak eta intentsitate handiko esfortzuak. Nik, behintzat, gogoz prestatzen ditudan lasterketak izaten dira.

Denboraldiko lehen lasterketa bertikala izan da Ttutturrekoa. Bertikaletako beste lasterketaren bat egiteko asmorik bai?

Ez dakit zer egingo dudan hemendik aurrera. Orain garrantzitsuena ondo indarberritzea da, eta horri emango diot lehentasuna.

Lehen aipatu duzu eztarriko arazo batzuekin zabiltzala. Zer arazo izan duzu?

Ahots kordetan arazotxo bat dut, ez da ezer larria, baina ahotsean eta arnasketan eragiten dit, eta mendi lasterketetan ondo arnastea berebizikoa da. Gainera, hau denbora-pasa bat da, eta osasuna da garrantzitsuena.

Gaur egun nola zaude?

Antzera jarraitzen dut, baina ilusioa neukan lasterketa honetan parte hartzeko, eta probatu nahi izan dut.

Euskal Selekzioarekin lehiatu zara aurten. Munduko Kopako beste lasterketaren batean ikusiko al zaitugu?

Ez. Hasiera batean Sky Pirineura [Baga, Katalunia] joatekoa nintzen, baina baztertu dut. Oraindik ez dakit ziur egutegiko zein lasterketa egingo ditudan urte amaitu artean.

Egindako denboraldiarekin gustura al zaude?

Esango nuke orain arte egin dudan denboraldirik onena izan dela. Beharbada ez ditut emaitza onenak lortu, baina lasterketa ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dut, eta jende bikaina ezagutu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.