Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Inozentzia berreskuratuz

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun

'La inocencia'

Zuzendaria: Lucia Alemany. Herrialdea: Espainia.Iraupena: 93 minutu.

Herri txiki batean bizi da 15 urteko Lis. Bere ametsa zirkuko artista bilakatzea da, baina gurasoek, eta aitak bereziki, ez dute serio hartzen. Uda da eta lagunekin igarotzen ditu egunak Lisek: igerilekuan, festetan, frontoian jolasean... Bera baino urte batzuk zaharragoa den mutil batekin hasi da gelditzen Lis, baina herriko bizilagunek eta, batez ere, gurasoek jakin ez dezaten, ezkutuan ikusi behar dute elkar.

Izenburu aproposa jarri dio Lucia Alemany katalanak bere lehen film luzeari. Inozentzia da Lis protagonistaren ezaugarri nagusia. Gauzak lehen aldiz bizitzen ari denaren inozentzia. Ona da Lis, gaiztakeriarik gabea, eta pausoz pauso doa haren adinerako berriak diren egoerak esperimentatzen. Baina heldu, eta bere ekintzen erantzule izatera behartuko duen zerbait gertatuko da: haurdun geldituko da.

Ezagunak egiten zaizkigun egoerak aurkezten dizkigu Alemanyk. Coming of age deritzoten film askotan ikusi ditugu. Haurtzarotik heldutasunerako aldaketa edo trantsizio hori erakusten diguten filmak dira. Inozentzia galtzen den une hori erretratatzen dutela esan genezake. Eta Alemanyk berak ondo ezagutzen duen errealitate bat erakutsi nahi izan digu; izan ere, 17 urte zituela, uda batean maitemindu, eta haurdun gelditu zen.

La inocencia-ren ekarpena haren protagonista da. Carmen Arrufat izeneko 16 urteko gazteak gorpuzten du Lis. Eta haren naturaltasunak egia islatzen du. Harekin ikastera, deskubritzera eta akatsak egitera garamatza Arrufaten Lisek, eta une batez inozentzia hori berreskuratzeko aukera ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.