'Let it Be', inor gustura utzi ez zuen diskoa

Taldekideei ez zitzaien gustatu diskoaren azken emaitza, hainbat arrazoi zirela eta. 2003an nahasketa berriekin osatutako lan bat kaleratu zuten

The Beatlesen Let it Be-ren azala. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Denborak garaiko iskanbilak lausotu eta diskoak biltzen dituen kantuetako batzuk The Beatlesen kanonean sartu baditu ere, Let it Be ez zen lan maitatua izan. Ez behintzat taldekideentzat. Paul McCartneyren asmoa beti izan zen taldearen oinarrietara itzultzea eta album soila egitea, eta, ondorioz, beti adierazi du Phil Spectorren moldaketekiko desadostasuna. Lennonek, berriz, ez zuen beldurrik izan adierazteko diskoko kanturik ezagunena, Let it Be —McCartneyk idatzia—, ez zitzaiola gustatzen: «Pauli halako gauza sentimentalak gustatzen zaizkio. The Beatlesekin zerikusirik ez duen kantu bat da. Egokia izan zitekeen Wingsentzat [McCartneyk bere emazte Linda Eastmanekin 1971n sortu zuen taldea], baina ez The Beatlesentzat». Gustatu ez arren, argitaratu eta biharamunean zerrendetako lehen postuetara iritsi zen kantua.

Let it Be (diskoa) beren artean lotura handirik ez duten ideien bildumatzat ere jo daiteke. Izan ere, folk eta country oinarriko piezak (Two of Us), The Rolling Stonesen R&B estilora gerturatzen den kantu oso labur bat (Dig it), pianoan oinarritutako baladak (Let it Be), rock-and-roll eztandak (I've Got a Feeling), bluesaren eragina erakusten dutenak (For you Blue) eta Spectorren eskua nabarmen erakusten duten kantu orkestratu eta malenkoniatsuak (Across The Universe, The Long and Winding Road) biltzen ditu.

Let it Be-k hartu zuen azken formak McCartneyren haserrea eragin zuen, eta horrek 2003an Let it Be... Naked diskoa argitaratzera eraman zuen, zeinak Spectorren lana alde batera utzi, kantu pare bat kendu (Dig It eta Maggie Mae), beste bat gehitu (Don't Let Me Down) eta nahasketa biluziago bat proposatzen zuen.

Aurten, Let it Be-ren 50. urtemuga baliatuta, diskoa berrargitaratuko dute, jatorrizko diskoari 1969ko saioetan grabatutako material andana gehituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.