Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Durangon sutondo

2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Finlandiatik zabaldu da hotsa: 2016ko ikasturtetik aurrera, haurrek kaligrafia ikasteari utzi, eta mekanografiari ekingo diote «ordenagailu edo tabletaren teklatua behar bezala erabili, eta mezuak artez bidaltzeko trebezia eskura dezaten». Albistearen berri izatearekin batera, auzuneko grafologia bulegoa etorri zait gogora, edota, aspaldi honetan, lantokietan curriculuma eskuz idatzita eramateko egin izan duten eskariarekin, esaten dena bezain garrantzitsua adierazteko moldea dela iritzirik. Gazte denboran eginiko Mecarapid ikastaroa ere gogora datorkit, egin zidan mesedea sekula ez baitut ordaintzerik izango. Zentzu horretan, ezin ahantzi tekla joka obsesiboan dabiltzan gazteak —eta ez hain gazteak—, bi atzamar baino ez erabili arren, istanteko mezuketan murgilduak. Alabaina, Onetti ere oroit dut, agendetan boligrafoz idazten zuena. Pablo Nerudak ere eskuz idazten zuen, baina tinta berdearekin. Jack Kerouac-ek paper biribilki amaigabea behar zuen idatziko bazuen. Hemingwayk nobeletako elkarrizketak arkatz zorroztu berriez idazten zituen, eta deskribapenak, ostera, idazmakinaz, atril baten aurrean. Nabokovek 3 x 5 hazbeteko txarteletan oharrak hartu, eta emazteak makinaz pasatzen zizkion garbira. Husserl-ek takigrafia zerabilen, baina gero nork antzeman haren idazkerari. John Keats-ek, eskuz idazteaz gain, arroparik apainenak jantzi behar izaten zituen poemak idazteko orduan. Truman Capotek etzanda idazten zuen, Virginia Woolfek zutika, Voltairek amorantearen bizkar gainean. Günter Grass-ek ere zutika idazten du, baina Olivetti-Lettera idazmakina euskarri goratu batean ezarria. Joxan Artzek eskuz izkiriatzen du, eta poemak arropa bezala zabaltzen omen ditu etxeko gelak eta galeriak oihan bilakatzeraino.

Hau guztia Mont Blanc luma ttipiaz idazten ari naiz, Lisboan erositako paper okre berezian, pausaz, puntuetan etenak eginez eta arnasa hartuz, nahitara edo nahi gabe kurtsorearen bihozkadei erreparatu gabe. Eta eskuz jasoa duzu burura geldiro datorkidan elezahar hau ere: antza, aspaldi handian ikasleak maisuarengana hurreratu, eta jakinduria lortzeko bideaz galdegin zioten; «Eseria nagoenean, eseria nago», hasi zitzaien hura, «zutik nagoenean, zutik nago; ibilian nabilenean, ibilian nabil»; ikasle harrituek hori guztia, egin, egiten zutela aitzakiatu zioten, eta, orduan maisuak: «Ez ba: zuek, esertzerako, altxatu egin zarete; zutitzerako, ibilian zabiltzate; ibilian hasterako, helmugan zaudete». Bistan da lasterka gabiltzala, presatuak, eta noizbait, supermerkatuan edo geltokiren batean itxaron beharra suertatuz gero, facebook, twitter edo whatsapp-ez betetzen dugula denbora; edo, besterik gabe, emaileen zaparra azkengabeaz betetzen ditugula hutsarteak. Adituen esanetan, gazteak —eta ez hain gazteak— arreta faltaren sindromeak joak dabiltza, hainbesteraino non joera kasik saihetsezin hori gure telerrealitate aro honen ezaugarri neurologiko paradigmatikoa bilakatua zaigun. Akaberan, trankiltasuna ezinbestean antsietatez betetzeraino. Adituek diote, bataz beste, 30 segundoro begiratzen dugula posta elektronikoa, eta Tony Perrottet-ek «tximinoen kanpai joaldiekin» konparatzen du jokamolde konpultsibo hori.

Jonathan Letthem idazleak aitortu berri du bigarren ordenagailu bat erosi behar izan duela behar bezala idatziko badu, interneteko tentazioa urrunarazteko. Nik, ostera, aitor dut azken lerrook idaztean atzamarrak tinta urdin ilunaz zikinduak ditudala, eta hatz mutturrak hozten hasiak ere bai, zeren Finlandiatik hotsa ez ezik hotza ere zabaldu baitzaigu. Erruz zabaldu ere. Eskerrak asteburu honetan —nonahi izan dezakegun— Durango eskura daukagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.