Pako Aristiren 'Euskal kantagintza berria' berrargitaratu du Ereinek

Jon Eskisabelek egin dio hitzaurrea, eta 'Kcappo. Tempo di tremolo' ere berrargitaratu dute
Pako Aristi idazlea, atzo, <em>Euskal kantagintza berria</em> lanaren berrargitalpena aurkeztu aurretik.
Pako Aristi idazlea, atzo, Euskal kantagintza berria lanaren berrargitalpena aurkeztu aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2020ko maiatzak 22

Pako Aristiren agerpena izan zen: 1985eko udaberrian Euskal kantagintza berria kronika lanarekin lehenengo, eta gero, urte bereko udazkenean, Kcappo. Tempo di tremolo nobelarekin. Artean 21 urteko kazetaritzako ikaslea zen Aristi (Urrestilla, Azpeitia, Gipuzkoa, 1963), baina bazebilen jada lehen erreportajeak eta elkarrizketak publikatzen han-hemengo agerkarietan. Hala ezagutu zuen Bernardo Atxaga, eta hark eraman zituen Euskal kantagintza berria izango zena idazteko proposamena eta Aristiren izena Ereinen. 35 urte igaro dira ordutik, eta, luzez agortuta egon ostean, lana berrargitaratzea erabaki du argitaletxeak. Atzo aurkeztu zuten, bideokonferentzia bidez, egileak eta Iñaki Aldekoa editoreak.

«Gure klasiko txikietako bat» bezala definitu zuen Aldekoak Aristiren lana, aurretik ikusi gabeko liburutzat. «Orduko kantagintzak izan zuen arrakastaren eta eraginaren lehenengo biltzailea izan zen Aristi. Alde horretatik, lan erreferente bat izan da eta da». Idazten hasi berria zenaren «freskotasun eta etorriak» ere ezaugarritu zuen lana, editorearen ustetan, eta baietz buruarekin egileak, berak ere hori sumatu duela «duela 35 urteko Pako Aristi» irakurtzean.

Oroitzen duenez, «zoratzen» jaso zuen Ereinen enkargua Aristi gazte hark. «Batetik, euskal kantagintza asko entzuten nuelako, eta jende horrekin egotea opari handi bat izan zelako; eta, bestetik, lanerako sekulako gogoa eta ilusioa nituelako». Liburuaren egitura hiru elementuk osatuko zutela erabaki zuen: elkarrizketek, hemeroteka lanak eta horiek josiko zituen fikziozko istorio batek. Azken horretarako bi alter-ego sortu zituen Aristik: berarena, narratzaile lanak egingo zituena, eta argitaletxeko Asentxio Ondartzabalena. «Karneta banuen, baina autorik ez, eta Asentxio izan nuen txoferra kantarien etxeetara egindako bidaietan», azaldu du.

Idazten hasitakoan, berehalakoan ohartu zen arazo batez: erreferentzia faltaz. «Garai hartan euskal kantagintzak presentzia handia zeukan, maila askotan, jendearengan, politikan... Egun daukan baino mila aldiz gehiago. Oso gai apetitosoa zen, baina inork ez zuen horren inguruan ezer idatzia».

Erreferentzia faltan, fakultateko irakasleek Rolling Stone aldizkari kulturala erakutsi izana oroitzen du Aristik, hor topatu zuela liburua osatzeko behar zuen teknika narratiboa. «Ipar Ameriketako kazetaritza berriaren parametro horiek saiatu nintzen ekartzen nirera». Eta horrek zera esan nahi zuen: kantarien ahotik jasotakoaz gaindi, haien egoteko, janzteko, erretzeko, ibiltzeko modua ere jasotzea, detaile horiei guztiei adi egonda: «Ikuspegi globalago bat lortzen zen, eta asko gustatu zitzaidan nola humanizatzen zuen horrek pertsonaia».

Ezer ez da berdin

1961etik 1985era arteko epea aztertu zuen Aristik, eta tarte horretako 22 musikari eta talde hautatu zituen elkarrizketetarako: Benito Lertxundi, Errobi, Gorka Knörr, Haizea, Hertzainak, Imanol, Itoiz, Izukaitz, Jotakie, Lourdes Iriondo, M-ak, Mikel Laboa, Mixel Labeguerie —ordurako hila zen, eta semea elkarrizketatu zuen—, Niko Etxart, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Ruper Ordorika, Txomin Artola, Urko eta Xabier Lete. Ordu luzez elkarrizketatu zituen guztiak, eta modu zatikatuan antolatu zuen materiala testuan, bakoitzari bere blokea eskaini gabe. Denborarekin ikusita, asmatu zuelakoan da. Berrikusteko puntu bat genero ikuspegia litzatekeela aipatu du, ordea: «Musika asko izan da gizonen mundua. Hamarretik bederatzi talde gizonezkoek osatzen zituzten, emakume gutxi zeuden orduko panoraman». Lau izen nabarmendu ditu: Lurdes Iriondo, Odile Kruzeta (Izukaitz), Amaia Zubiria eta Maite Idirin. «Aitortu behar dut ez niela eman merezi zuten lekua».

Jon Eskisabel Badok atariko arduradunak egin dio hitzaurrea berrargitalpenari, eta 1985etik hona euskal kantagintzak egindako bideaz aritu da bertan. Aristik adierazi du bera ez zela gai izango ariketa hori egiteko, egun ez duelako sentitzen aurreko aldi hartan kantagintzarekiko sentitzen zuen «inplikazio pertsonala»: «Euskal kantagintza garai hartan euskal identitate bat zekarren arte bat bezala ikusten nuen. Ez da ahaztu behar frankismopean hasi zirela. Euskal Herriaren ideia bera oso difuminatua zegoen, eta kantu horiek forma eman zioten. Gu gara Euskal Herriko gaztedi berria, Euskadi bakarra da gure aberria... Jendeak buruz zekizkien. Hori dena galdu da». Hertzainak-eraino aztertu zuen Aristik, eta gero gertatu denaz ez dela nahikoa idatzi iruditzen zaio: «Esperantza nuen norbaitek egingo zuela 10 urtera euskal kantagintzaren beste historia bat, eta hemengo hutsuneak estali. Egin dira liburuak, baina talde edo mugimendu jakin bati buruzkoak; historia globalik ez da berriz idatzi». Eta Aldekoak ere berretsi: «Gai askotan ez gara harantzago joan. Ez Dok Amairuren amaieraren inguruan dakiguna, esaterako, hemen dagoena da oraindik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR probak Irunen, irailaren hasieran. ©Gorka Estrada / EFE

Positibo gutxiago, baina gaixo gehiago ZIUn

BERRIA

Denera, beste 35 gaixo sartu dituzte erietxeetan azken 24 orduko epean, eta 80 daude zainketa berezian.

Pertsona batzuk paseoan, maiatzeko arintze fasean, Zestoan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Positiboek gora egin dutela egiaztatu dute Zestoan, eta neurriak hartu dituzte

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Jaurlaritza ez da udalarekin harremanetan jarri, baina kasuak areagotzea espero da. Hegoaldean gora egin dute positiboek eta ospitaleratzeek

Osakidetzako protesta, atzo, Donostiako Amara Berriko osasun zentroaren aitzinean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Osakidetzako «sakoneko arazoei» heltzeko eskatu dute sindikatuek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Protestak egin dituzte lehen arretako zentroetan. Langile gehiago eskatu dituzte, eta murrizketetan «galdutakoa berreskuratzea». Osasun Sailak dio «benetako konpromisoa» duela «sendotzeko»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna