Datorren asteko estreinaldiak

Artista baten gaineko askotariko begiradak

Vincent Van Goghen unibertsoan murgildu da Julian Schnabel 'At Eternity's Gate' film berrian. Willem Dafoek du rol protagonista

Oscar Isaac eta Emmanuelle Seigner filmeko irudi batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Batetik, bere koadroen distira dago; bestetik, izan zuen bizimodu dramatikoaren erakargarritasuna. Bi faktore horiek, eta beste askok, bihurtu dute Vincent Van Gogh arte garaikidearen ikurrik nagusietakoa. Eta zinema ez da joera horretatik bereiz gelditu.

Asko dira haren inguruan egin diren fikziozko filmak zein dokumentalak, eta horietako batzuek arrasto nabarmena utzi dute zinema eta pintura uztartu nahi duen azpigenero zabalean.

Beteranoenek Kirk Douglas aktore ezagunarekin —oraindik bizirik da, 102 urte bete berritan— lotuko dute Van Goghen irudi zinematografikoa. 1956. urtean, Vicente Minellik Lust for Life biopica egin zuen, eta han Douglasek jokatu zuen pintorearen rola. Gauguin lagunarena, berriz, beste aktore ezagun batek egin zuen, Anthony Quinnek.

Zenbait urte geroago, 1990. urtean, beste zuzendari handi batek, Robert Altmanek, Vincent eta Theo egin zuen. Izenburuak argi uzten duen moduan, filma ez da artistarengana mugatzen, Theo anaiari ere protagonismo handia ematen dio istorioak, gehienbat bion arteko harremanaren nondik norakoak kontatzen baititu filmak. Orduko hartan, Tim Rothek egin zuen Vincentena.

Urtebete geroago, Maurice Pialat zuzendariak eman nahi izan zuen artistaren gaineko bere ikuspuntua. Kasu horretan, ez zen biografia osoa, pintorearen azken bi hilabeteak besterik ez zituen kontatu zinemagile frantziarrak; Gachet doktorearen eskuetan jartzen denetik aurrera, alegia.

Txaloak Dafoerentzat

Zerrenda askoz gehiago luzatzen ahal da —hor dira, besteak beste, Akira Kurosawak bere Yume-n eskaini zizkion pasarteak—, baina amaitzen hasteko ezin aipatu gabe utzi orain dela bi urte Dorota Kobielak eta Hugh Welchmanek zuzendu zuten film zinez harrigarria. Loving Vincent zuen izena eta, funtsean, horixe zen, artistari eta haren arteari egindako maitasun adierazpena.

Goitik behera film animatua da, Van Goghen estilo bereziaren antzera dago egina, olio-pinturaren ehundura imitaturik. Teknika berezi hori baliatuta, Vincentek Theori idatzi zion azken eskutitza hartzen du ardatz, artistaren bizitzaren zenbait pasarte pantailara ekartzeko.

Oraingo honetan, beste artista polifazetiko batek Van Goghen unibertso arantzatsuan arakatu nahi izan du, Julian Schnabelek. Zeregin horretan, pintore estatubatuarrak pisuzko gidoilari baten laguntza izan du: Jean Claude Carriere, urte luzez Luis Buñuelen laguntzailerik gertukoena izan zen idazlea.

Nolanahi ere, At Eternity's Gate filmaren indargunea aktore nagusiarengan dago. Willem Dafoek jokatu du pintorearen rola, eta filma orain artean estreinatu den zinemaldietan laudorio ugari jaso ditu hark egindako lanak. Hain zuzen ere, filmean egindako lanagatik, Oscar sarietarako gizonezko aktorerik onenaren sarirako hautagai da Dafoe beteranoa.

'AT ETERNITY'S GATE'

Zuzendaria. Julian Schnabel.

Aktoreak. Willem Dafoe, Rupert Friend, Oscar Isaac, Mads Mikkelsen, Mathieu Amalric, Emmanuelle Seigner.

Herrialdea. Britainia Handia.

Urtea. 2018. Generoa. Drama.

Iraupena. 106 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.