Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Ama(t)asunak

2023ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal hedabideen Behategiaren urtekarirako podcast feministei buruzko artikulu baterako ikerketa bat abiatu genuenean, ez nuen imajinatzen ikuspegi feminista duten hainbeste saio topatuko genituela, gai ezberdinei buruzkoak gainera. Horien artean, Nahia Alkortak sortu eta gidatzen duen Ama(t)asunak. 2021eko otsailaren 13an jarri zuen martxan, eta azkeneko atala pasa den urtarrilaren 3an eman du argitara.

Haurdunaldiaren inguruan informazioa euskaraz eskaintzeko —eta zegoen hutsunea betetzeko— asmoz sorturiko Sabeletik Mundura izeneko proiektuari loturiko podcasta da, eta izenak iradokitzen duen bezala, amatasuna dute hizpide; amatasunak, hobe esanda. Ikuspegi feminista batetik heltzen dio gaiari, irudi gozo eta ideal batetik aldentzen, eta asunek bezala, ama izateak (edo ez) eragiten dituen oinazeak ere agerian utzita.

Ordu erdi inguru irauten duen elkarrizketa batean, amatasunaz hitz egin, idatzi edo gogoeta egin duten emakumeekin solas egiten du Alkortak. Batzuk ama dira kontzienteki erabaki dutelako edo, besterik gabe, berez gertatu behar zelako; beste batzuek, ordea, ez dute ama izan nahi edo ezin izan dute. Hori baita presente dagoen gogoeta: amatasuna hautaketa aske baten emaitza den, edo noraino gizarteak presionatzen duen, baita nolakoa izan behar duen azaltzeko ere. Horregatik, emakume ezberdinek izan dituzten bizipen anitz ekarri ditu orain arte egindako hemeretzi saioetan.

Hamalaugarren saioan, berriz, ez zen elkarrizketaturik izan; indarkeria obstetrikoari buruzko monografikoa izan zen, eta bertan, maiz emakumeok pairatzen dugun genero indarkeria mota hori Euskal Herrian ere sufritu dutenen testigantzak batu zituen, sare sozialetatik egindako galdera bati erantzunez. Nahia Alkortak berakjasan zuen indarkeria obstetrikoa lehenengo umea izan zuenean, 2012an, eta bere salaketaren ondorioz Nazio Batuen Erakundeak Espainia zigortu zuen iaz.

Amatasunez hitz egitea beste hainbat errealitatez aritzea ere bada: sorkuntzaz, gizarteaz, tabuez, buru osasunaz, doluaz, umoreaz, heriotzaz... Horiek dira orain arte ukitutako gaiak. Izan ere, ama izan garenok inoiz sentitu dugu ama gisa begiratzen gaituztela poliedrikoa den emakumea ikusi gabe. Eta ideia horretatik ere ihes egiten du saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.