KANONA ETA MENPEKOA EZ BETIKOTZEKO

Amaiur Epher, Oihana Bartra, Garazi Arrula eta Iratxe Aguilera euskara gutxitua den eremuetako sortzaileak dira. Onartzen dute beren errealitatearengatik esperientzia eta ikuspegi ezberdinak dituztela, baina kaltegarritzat jotzen dute zentroaren eta periferiaren dikotomia etengabe nabarmentzen aritzea.

BERRIA.
Ane Eslava.
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Existitzen al da euskararen erdigune eta periferiarik? Eremu ez-euskaldunetan euskaraz sortzeko hautua egiten dutenen esperientzia ezberdina da? Berdin onartzen da ingurune erdaldunetako sortzaileen lana? Ona da ezberdintasunak nabarmentzea? Ertz asko izan ditzakeen gai bat da euskarak toki gutxi duen eremuetako kulturgileena, eta horietako batzuei heldu diete halako inguruneetatik jarduten duten lau sortzailek, beren esperientzietatik abiatuta: Oihana Bartra, Amaiur Epher, Garazi Arrula, eta Iratxe Aguilera, Kai Nakai.

Laurek argi dute: ukaezina da egoera linguistiko eta kulturala ez dela berdina Euskal Herri osoan, eta beren jaioterrietan euskarak eta euskal kulturak ez dutela beste toki batzuetan duten presentzia. Baina horrek ez du esan nahi euskararen «erdigunean» sortutako kultura hartu behar denik «kanon» gisa eta euskararen «periferietakoa», ordea, «menpeko» gisa; dikotomia hori apurtzea litzateke helburua, «mugak haustea». Hala baieztatu du Amaiur Epherrek (Izpura, Nafarroa Beherea, 1994): «Bistan da gu beste errealitate batetik ari garela: badira muga batzuk, egoerak ezberdinak dira, euskararen aldetik, sozialki, politikoki... eta hortik ari garenean, bai, badugu ahots berezi bat; baina denek badute ahots berezi bat, eta ez dut uste zentrokoen ahotsak behar ditugunik kanonarentzat, eta besteak apaingarri gisa, exotismo pixka baten ekartzeko».

Epherrek antzerkian jardun du, Diabolo Kiwi taldean gitarra jotzen eta kantatzen du, eta berriki argitaratu du Profeten iruzurra liburua (Maiatz). Harentzat, euskaraz sortzeko hautua «naturala» izan zen, eta, aldi berean, «kontzientea»: naturala, inguruko giroa euskalduna zuelako; baina kontzientea, diglosia egoeran bizi delako. Donibane Garazin bizi da, eta, nabarmendu duenez, Ipar Euskal Herrian euskara hobekien dagoen tokietako bat izan arren, egoera «ez da ona».

Epherren ustetan, oro har, aurreiritziak eta etorkortasuna daude eremu erdaldunetako egileekiko. Haren liburuari dagokionez, esaterako, «Euskal Herri osoan interesgarriak izaten ahal diren gaiak» jorratu ditu, baina, Iparraldekoa denez eta Iparraldeko argitaletxe batekin argitaratu duenez, «zentrokoek etiketekin» irakurriko dute, «ezjakintasuna handia» baita.

Hain zuzen ere, liburuan horrekin jolastu da: etiketak ironiaz aipatu ditu. Izan ere, aurreiritziak apurtu behar direla iritzi dio, berdintasuna lortuko bada, eta umorea eta autoparodia tresna egokitzat hartzen ditu horretarako: «Ez dut biktimismoan erori nahi, baina periferia-zentroa lehiari garrantzi handiegia ematen diogula uste dut. Errefusatzen dut etiketa horien baieztatzea: erraten badut biktima bat naizela, aurreiritziei ematen diet kreditu. Etiketa horiek ezagutzen ditugu, eta iruditzen zait badakigula puskatzen, umorearen bidez: kondeszendentziari trufa egiten diogu».

Oihana Bartrak (Bilbo, 1984) eta Garazi Arrulak (Tafalla, Nafarroa, 1987) ere zama gisa sentitu izan dute «bazterreko» identitatearen etiketa: haien kasuan, eremu erdalduneko emakume sortzaile gaztearena. Bartra Santutxu auzokoa da, bertsotan aritu da gaztetatik, eta beti eragin izan dio jardun hori oso euskalduna ez den ingurune batetik egiteak. Hasieran batez ere bilbotar izaera «konplexuz eta gutxiagotasunez» bizi zuela azaldu du: «Beti kontatzen dut Goierrira [Gipuzkoa] joan nintzela 16 urterekin eta gizon zahar batek hauxe esan zidala: 'Emakumea, bilbotarra eta bertsotan?' Gizon horrentzat zerbaitek huts egiten zuen».

Bere euskararengatik ere gutxietsia sentitu izan da: «Bertsotan bada diskurtso bat zera dioena: 'Zelan dabiltza hauek bertsotan, euskara artifizial horrekin? Euskaldunon arte hau zikintzera datoz'». Euskara batuaren eta euskalkien auzia sartzen da tartean, beraz; eta, bertsolariaren hitzetan, haien jardunean garrantzi berezia duen gai bat da, ahozkoa eta bat-batekoa den heinean. «Guztia lotuta dago».

Diskurtso eta muga horiek zeudela ikusita, Bartrak garai batean bere burua «ezkutatzera» jotzen zuen. Denborarekin kontrako bidea egin du, eta ikasiz eta kontzientzia hartuz joan da: «Garai batean nahiago nuen saio bat izan Markina-Xemeinen [Bizkaia ], Barakaldon [Bizkaia] baino. Nik ere ematen nion balio txikiagoa nire eremuko sorkuntzari. Nire bilbotartasuna konplexuz bizi nuen. Orain, ni naizen horretatik kantatzen dut, eta ikusten dut nire eremutik ekarpena egin dezakedala». Gainera, bera bezalako asko direnez, argi du bertsolaritzak hortik edan beharko duela, «iraun nahi badu».

Arrula idazlea, itzultzailea eta Txalaparta argitaletxeko editorea da, eta hasieratik egin zuen sorkuntza lana euskaraz, «kontzienteki», baina aurrez euskaraz bizitzeko hartutako erabakiaren «ondorio logikoa» izan zen. Bartra bezala, haren jarduna euskara gutxitua dagoen toki batetik egiteak «etengabe zeharkatzen» du, «gauzarik txikienean»: «Izan kanpotik gogorarazten dizutelako, izan barne dinamikek bultzatuta».

Haien ezaugarriengatik «baldintza material jakin batzuen pean eta gorputz jakin batetik» jarduten dutenez, eremu horietako sortzaileen esperientziak berezitasunak ditu; hori uste du Arrulak: «Presenteago izanen dituzu bestela ikusten ez direnak, zure larruan bizi dituzunak». Ordea, «ez biktimismoan ez heroismoan» ez erortzearen garrantziaz ohartarazi du: «Hortik aurrera, ez gara bereziak. Egia da adierazpide batzuetan edo garai jakin batzuetan esperimentatzeko aukera ematen ahal duela fokutik kanpo egoteak, posizio erresistenteak onurak eta bazterreko izaerak askeago jardutea ekar lezakeen bezalaxe; nolanahi ere, mugatua da, eta hala behar du».

Beren txikitasunean eta berezitasunean «goxo jarrera bat» ere sor daitekeela dio, eta ez zaio eraginkorra iruditzen jarrera hori erabiltzea «norbere diskurtsoa edo praktika legitimatzeko edo bestearenari zilegitasuna kentzeko».

Iratxe Aguilera Kai Nakai musikariari (Gasteiz, 1996) beste etiketa bat suertatu zaio zama: reggaetona euskaraz egiten duen musikariarena. Hark hasieratik hartu zuen bide hori, eta kantuak euskaraz egin ditu oraingoz, baina hori «gehiegi» azpimarratu izan dela uste du: «Iruditzen zait hainbeste jarri didatela etiketa, orain abesti bat gaztelaniaz egiten badut kritikatua izango da». Eta hark ez du hori sentitu nahi, edozein hizkuntza hautatzeko «askatasuna» izan nahi baitu.

Euskara ez du ama hizkuntza, eta, Gasteizen gero eta gehiago hitz egiten dela iruditzen zaion arren, aitortu du hasieran «urduritasuna» eragiten ziola eremu publikoan euskaraz aritzeak: «Beldurra ematen zidan zuzen ez hitz egiteak». Baina bidean ikasi du garrantzitsuena «komunikatzea» dela, eta, oro har, jarrera ona sumatu dio eremu euskaldunagoetako jendeari. «Animatu eta lagundu egiten zaituzte».

Eta hartzaileek berdin jasotzen dute haien sorkuntza lana? Aguileraren irudiko, «proiektua ona bada, aukera berdinak izan beharko lituzke»; eta, bere esperientzia ikusita, gainera, hala dela uste du: «Aukera asko eman zaizkit, eta ez naiz inoiz diskriminatua sentitu; are gehiago, esango nuke, nobedade puntua ere izan dezakeenez, eremu ez oso euskaldun batean proiektu euskaldun bat egitea agian nabariagoa dela».

Aldiz, Epherri iruditzen zaio aurreiritzi ugari izan ohi direla, eta Bartrak eta Arrulak bat egiten dute ikuspegi horrekin. «Gurasotasun handia dago, hala kondeszendentziaz aritzean nola txalo jotzean, harridura kutsu batez lagunduta etortzen baita maiz, espero gabea balitz bezala. Espero gabea izanen da bere zilborrari begira egon eta halako batean hegoalderantz burua jiratu duen horrentzat, hutsetik ez baita deus sortzen», adierazi du Arrulak. Haren irudiko, haien lana etengabe azpimarratzea «izaera subalternoaren berrespena» baizik ez da.

Transmisioan lagungarriak

Bartra toki ugaritan aritu da kantuan, eta harentzat «guztiz ezberdina» da hartzaileek nola interpretatzen duten tokiaren arabera: «Gipuzkoara joaten naizenean bilbotar bertsolari gisa irakurtzen naute, eta horren atzean gauza asko ikusten dituzte; aldiz, hemen inguruan beste modu batean irakurtzen naute». Bertsolaria irakurtzeko moduaren arabera, onarpena ere ezberdina izaten da: «Euskalduntasun hegemonikoaren belarrietara gure lana zailago iritsiko da; erresistentzia batzuk egon daitezke». Hori «benetako euskaldun osoaren» kontzeptuarekin lotu du: «Euskaldun naturalak, hiztun berriak eta zaharrak...». Alderantziz, bere inguruan kantatzerakoan eraginak positiboak izan daitezkeela pentsatzen du: «Hiztun berri baten belarrietara errazago iritsiko naiz ni, eta ez bestelako euskaldun mota bat».

Euskara bereziki diglosia egoeran den tokietan kulturaren transmisioa gauzatzeko, beraz, eragin positiboa dute eremu horietako sortzaileek, Bartrak adierazitakoaren arabera. Aguilera bat dator ideia horrekin: «Garrantzitsua da euskara gutxitua dagoen eremuetan erreferenteak izatea askotariko euskal edukiak egiten, besteak ere anima daitezen gauza gehiago egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.