Literatura. 'Film zaharren kluba'

Genero literaturaren arriskuak

Idazlea: Alberto Ladron Arana. Argitaletxea: Elkar.

Aiora Sampedro -

2019ko otsailak 17
Alberto Ladron Aranak genero literaturari eutsi dio bere jardun narratiboa osatzeko, eta Elkar argitaletxeko Ateko Bandan sailean argitaratu izan ditu hainbat lan, horietako bat azken hau: Film zaharren kluba. Asiain inspektorea ohiko protagonista izan da Ladronen nobeletan, zeinak, bistakoa denez, nobela poliziakoen artean kokatzen diren. Argitaratu berri den kasu honetan, Leire Asian Polizia Foraleko kideak, lagun batek mesede gisa eskatu dizkion espioitza lanak egin beharko ditu; a priori kasu ikerketa xumea ematen duen lana berehala aldrebestuz joango da, azkenerako hilketa bikoitz bat bistaratuz.

Onartu behar dut horrelako nobeletara hurbiltzerakoan tentuz ibili ohi naizela, ez baita, orokorrean, gehien erakartzen nauen estiloa. Egia da, zenbaitzuek adierazi bezala, industria literarioak bizirik irauteko bestsellerren beharra duela eta detektibe generoa gehien salduetako horien artean egon ohi dela; beraz, bere lana ondo betetzen du narratiba mota honek, baina ez da nik literaturari eskatzen diodana. Azalduko dut: motibo errepikakorrek irakurketa mugatu eta literatura aurreikusgarria bihurtzen dutelako. Kasu honetan ere, antzeko sentsazioa izan dut.

Estiloari aurreikusi ohi zaizkion eduki tipikoak aurkituko ditu irakurleak: moralitate eztabaidagarriko pertsonaiak, heroia-antiheroia anbiguotasunean oinarritzen den protagonistaren eraikuntza psikologikoa, gizarte estamentu jakin batzuetan ohikoa izaten den ustelkeriaren kritika... Formari dagokionez ere, Film zaharren kluba-k eskema narratibo nahiko itxia du; ustez kasu arin bat deskubritzera joandako detektibeak krimen latz bat deskubritzen du, eta krimena osatzen duten puzzleko piezak nahastuta emango dizkio irakurleari, hark pixkanaka-pixkanaka narratzailearen arrastoei jarraikiz misterioa deskorapilatu eta hiltzailea nor den deskubritu dezan.

Amaiera zirkularraren bidez, nobelagileak efektu katartikoa bilatu nahi du irakurlearengan; izan ere, txakurraren eta katuaren arteko jolas horretan, azkenean, detektibeak gaizkilearen izatea barneratuko du, infernuetarako erorketa metaforiko bat bailitzan, eta etorkizunean gauzatzeko asmoa duen krimen berri baten zantzuak aditzera emango ditu. Argumentuaren bira horrek umore beltz puntu interesgarria gehitzen dio nobelari; izan ere, beharrezkoa du egileak sortu dituen pertsonaiekiko gaiztakeria pittin bat mantentzea hala jarduteko. Baina estrategia hori ez da nahikoa trama guztiaren aurre-ikusgarritasuna salbatzeko; izan ere, genero honetako nobeletan nahiko erabilia den baliabidea dela jakin badaki nobela poliziakoaren ohiko irakurleak.

Puntu interesgarri bat aipatzekotan, gainerako arte espresioekiko keinuak aipatuko nituzke. Pertsonaien gustu zinematografikoen bitartez, Ladron Aranak Alfred Hitchcocken pelikulekiko ispilu-jolas entretenigarria eraikitzen du. Eta nobelako krimenari tolestura batzuk gehitzen zaizkio. Kontaketa girotzeko baliatutako eragin musikalekin ere soinu banda polita eraiki daiteke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna