Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Kinka (larrian)

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hiztegian kinka hitza bilatu eta lehenengo adiera «kinka larria» agertzen da. Ez du larria abizena BERRIAn Nagore Arinek abiatu duen «klima eta natura krisiari buruzko» podcastak. Hala ere, egoera larria da, eta saioak gure arreta erakarri nahi du energia eta klimaren krisi garai honetan.

Klimarekin, naturarekin eta ingurugiroarekin loturiko azken berriak eskaintzen hasten da irratsaioa. Ondoren, hiztegian, kontzeptu baten inguruanazalpenak ematen ditu: tipping point eta metano, lehenengo bi ataletan. Saioaren tarte nagusia, berriz, ekologiarekin loturiko gaurkotasunezko gai batek hartzen du, ikuspegi eta ahots ezberdinetatik begiratuta. Hurrenez hurren, Portugaleten (Bizkaia) izandako Ekotopaketak eta Norvegiako Statkraft enpresak gurean jarri nahi dituen parke eolikoak izan dira hizpide urriko saioetan. Amaitzeko, berriz, inguru jasangarria lortzeko gomendioak ematen dituzte gonbidaturiko adituek. Kinka podcastak harrapatu egin nau sarrera karetatik. Eta karetaz ari naizela, Naiz irratiak ekoizten duen eta Arrosaren bidez hainbat irratitan ematen den Gelditu makinak saioarena ere nabarmendu nahi dut. Noiztik entzuten ari gara Lurraren denbora amaitzen ari dela? Aldaketa klimatikoaz? Energia fosilen amaieraz? Uraren gabeziaz eta uholdeen ugaritzeaz? Askok ukatzen dute, erantzukizuna gurea ez dela aitzakiatzen dute... Esaldi horiek guztiak batuz, deigarria den aurkezpen txartela du Eli Pagolak 2020tik gidatzen duen eta bere burua krisi ekosozialaren inguruko saiotzat definitzen duen irratsaioak. Adituei, mugimendu ekologistako kideei eta proiektu jasangarrietan arituei egindako elkarrizketek zentralitatea dute programan.

Esan behar dut ez nauela harritu bi saioak emakumeek gidatuak izatea. Azken urteetan, bereziki azken hilabeteetan, ingurumenaren krisiak azalak eta tituluak hartu dituen arren, ekologia beti izan da gizarte alorreko gai biguna, eta ez dago Politikaren lehentasunen agendan. Ez nintzateke zintzoa izango, ordea, aipatuko ez banu bi saioetan adituen ahots gehienak gizonezkoenak direla, edota Guillermo Roak Euskadi Irratian zuzentzen duen Ekosfera aipatuko ez banu, aukeratu ditudan hiru saioetako ibilbide luzeena duena. Azken horretan, dibulgazio zientifikoa eta ikerketa lehen lerroan jartzen dira, Akademian ere Lurraren etorkizunarekiko kezkak gero eta toki handia hartzen baitu.

Espero dut beranduegi ez izatea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.