AEB-Txina. Ekonomia handienen arteko harremana

Erraldoien artean dago jokoa

Asian eta Pazifikoan merkataritza hitzarmenak bultzatzeari ekin diote Txinak eta AEBek

Ivan Santamaria -

2014ko azaroak 13
Von Clausewitz jeneralari jarraituz, politika gerraren jarraipena omen da, beste bitarteko batzuk erabilita. Alderantziz ere uler liteke. Gerraren bidez lurralde gehiago konkistatzea zailagoa denean, politika da eragina handitzeko modua. Eta, gaur egun, merkataritza itunen nazioarteko sare oparoa da potentzia handien itzala hedatzeko bide politikorik zuzenena. Globala da Txinaren eta AEBen artean jokatzen ari den partida. Erraldoien arteko norgehiagoka, azken finean.

Akordio komertzialak indartu eta zabaltzea lehentasun bihurtu du garaiotan AEBetako diplomaziak. Bi norabide dituen politika da. Batetik, TTIP delakoa negoziatzen ari da Europako Batasunarekin, kontinente zaharreko gizarte eragile askoren artean jadanik susmo txarrak piztu dituen liberalizazio saio berria. Bestetik, Pazifikora begira antzeko jokaldia egin nahi du Obamaren gobernuak. Kasu honetan Ameriketako, Asiako eta Ozeaniako hamabi herrialderen arteko merkataritza ituna negoziatzen ari da, TPP izenekoa. Lehen liberalizazio saio handia litzateke esparru geografiko horretan.

Diseinu horrek badu ezaugarri funtsezko bat: Txina ez dago negoziazioetan. Hala, Asian eta Pazifikoan Txina lortzen ari den indar geroz eta handiagoari muga jartzeko ahalegin gisa har liteke AEBen ahalegin hori.

Txinaren jokaldia

Pekingo gobernua ez da geldirik geratu. APEC Asia-Pazifiko Ekonomia Lankidetzarako Erakundearen bilera baliatu du merkataritza akordio zabalago baten beharra defendatu eta aldarri- katzeko. Kasu honetan, merkataritza libreko eskualde handi bat sortzea litzateke helburua, APEC osatzen duten 21 herrialdeek osatuta, Txina bera eta AEBak barne. Txinako Gobernuak atzerrian bilioi bat euroko inbertsioak iragarri ditu datorren hamarkadarako. Herrialde asko erakartzeko moduko iragarpena.

APEC osatzen duten gobernuek goi bilera izan dute azken egunotan Pekinen. Erabaki garrantzitsuena izan da Txinak proposatutako liberalizazio saio hori —FTAAP izenekoa— benetan lantzen hastea. Asmoa da bi urtez baldintza teknikoak aztertzea eta ondoren proposamen zehatzago bat egitea, herrialdeen artean eztabaidatzeko.

Txinako presidenteak, Xi Jinpingek, historikotzat jo du urratsa Asia eta Pazifikoko herrialdeen integrazioaren bidean. Garrantzi ekonomiko handia luke halako mugimendu batek. Izan ere, APECeko herrialdeen artean munduko barne produktu gordinaren erdia baino gehiago ekoizten dute, eta nazioarteko hartu-eman komertzialen %44 haien artean egiten dira. Berez, 2006. urtean jarri zuen Txinak lehen aldiz proposamena mahai gainean, baina orain benetan garatzeko interesa agertu du.

Merkataritza akordio berria bultzatzeko erabakia Txinan dagoela jaso du Barack Obama AEBetako presidenteak. Txina —baita Errusia ere— alde batera utzi duen bestelako akordio baten bultzatzaile nagusia bada ere, horren helburua ez dela Pekinen eragina zokoratzea ziurtatu du. Edonola ere, hamabi herrialdeko akordioa lortzeko negoziazioekin aurrera jarraituko dute AEBek.

Bitarako akordioak ere bai

Nazioarteko harreman komertzialak baldintzatuko dituzten akordio zabalagoen arteko lehian engaiatuta egoteak ez du esan nahi AEBen eta Txinaren arteko hartu-eman ekonomikoak eten direnik. Horretan ere bi herrialdeek interes komunak dituztela agerian geratu da, produktu teknologikoei muga zergak murrizteko ados jarri baitira. Gailu zerrenda zabal bat inportatzeko eta esportatzeko gutxiago ordaindu beharko dute, erdieroale aurreratu edo medikuntza tresneriatik bideo kontsolak eta inprimatzeko tintara.

Alde biko akordio bat baino gehiago ere izan liteke, aurrera begira. Munduko Merkataritza Erakundearen baitan informazioaren teknologiei buruzko akordioa (ITA) indarrean dago, baina ez da produktu berririk sartu 1996. urtetik. 54 herrialdeen arteko gailu teknologikoen salerosketa arautzen du itun horrek.

ITA berritzeko egin diren negoziazioek porrot egin dute aurreko urteetan, baina orain, lortu duten akordioari esker, MMEren baitan ere muga zergak murriztea posible izatea espero dute Txinak eta AEBek. Bi herrialdeek presentzia handia dute sektorean, ekoizle eta esportatzaile handiak diren neurrian. Urtero 3,2 bilioi euro mugitzen dituzte informazio teknologien sektoreko truke komertzialek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna