Teheranen 170etik gora lagun hil dira hegazkin batek lurra jota

Ukrainako Boeing hegazkin batek izan du ezbeharra, Irango Khomeini aireportuan, aireratu eta gutxira. Iranek dio 179 direla hildakoak

Ilargi Gorria osasun erakundeko langile batzuk, atzo, hildakoen gorpuak jasotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE.
ander perez zala
2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Irango egoera nahasiaren erdian, Ukraine International Airlines aire konpainiaren Boeing 737 hegazkin bat erori zen atzo Teheran hiriburutik 30 kilometrora, goizaldean; 176 pertsona zeuden barruan, bidaiariak eta tripulazioa kontatuta. Irango eta Ukrainako gobernuek baieztatu egin zuten hegazkinean zeuden guztiak hil zirela ezbeharrean.

Reuters albiste agentziaren arabera, hegazkinean arazo teknikoak izan zituzten aireratzen ari zirela, eta gidariak ibilgailuaren kontrola galdu zuen. Aurrez, Khomeini aireportuko bozeramaileak azaldu zuen hegazkinak lurra jo zuela bere motor batek sua hartu zuelako; hegaldiak Irango eta Ukrainako hiriburuak lotzen ditu, eta bide hori egiteko asmoa zuten hegazkina aireratu zenean. Bidaiari gehienak eskala egiten ari ziren Teheranen, eta erdiak baino gehiago atzerritarrak ziren, tartean Ukrainakoak, Kanadakoak, Suediakoak eta Afganistangoak.

Erreskate taldeak berehala joan ziren aireportuaren inguruetara, hegazkinak handik gertu jo baitzuen lurra. Pirhossein Koulivand Ilargi Gorria osasun erakundearen buruak esan zuen «ezinezkoa» zela inor bizirik egotea: «Sua oso bizia da, eta ezin dugu inolako erreskaterik egin. 22 anbulantzia, lau autobus anbulantzia eta helikoptero bat ditugu lekuan», adierazi zion Irango telebista kate publikoari.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi zuen ari direla istripuan gertatutakoa argitzen saiatzen, baita hildakoen zerrenda osatzen ere.

Irango agintariek ez zuten gertakariaren arrazoiei buruzko informaziorik eman, eta uko egin zioten hegazkinaren kutxa beltzak Boeingi emateari —AEBetako enpresa bat da—; Ali Abedzadeh Irango Abiazio Zibilaren Erakundeko buruak adierazi zuenez, oraindik ez dute erabaki zer herrialderi emango dizkioten kutxa horiek, edo eurek aztertuko dituzten —objektu horiek gorde duten informazioarekin, istripuaren arrazoiak zeintzuk diren jakin daiteke—.

Berez, nazioarteko legediaren arabera, Teherani dagokio ikerketa egitea, hegazkinak bere eremuan jo duelako lurra, baina gobernuak oraingoz ez du ezer esan horren inguruan.

Ibilgailu berria

Harridura da nagusi ezbeharraren inguruan, Ukraine International Airlinesen zuzendari Yevhenii Dykhnenek adierazi baitu hegazkinak asteon «arrakastaz» pasatu zituela berrikuste frogak. Ibilgailuak, gainera, hiru urte besterik ez zituen.

Ez da lehen aldia Boeing 737 hegazkin batek istripua izaten duela. 2010eko maiatzean, esaterako, Mangaloren (India) lurreratzen ari zen hegazkin batek arazoak izan zituen, eta lurra jo zuen: 150 lagun inguru hil ziren. 2016ko martxoan, Dubain aireratu zen hegazkin batek ere lurra jo zuen, Errusiako Rostov Don hirira bidean zihoala; 62 lagun hil ziren.

Iragan martxoan, gainera, Boeingek 737 Max modeloa merkatutik kendu zuen, hegazkin mota horrek bi istripu izan baitzituen; denera, 346 lagun hil ziren.

Inork ez du lotu atzoko ezbeharra Iranen eta Ameriketako Estatu Batuen egunotako gatazkarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.