Ezetzarekin ere, amorerik ez

Polizia indarkeriaren biktimek egia eta justiziarako mekanismoak eskatu dituzte Nafarroan

Polizia indarkeriaren Nafarroako biktima batzuen senideak, atzoko prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kolpe latza jaso dute polizia indarkeriaren Nafarroako biktimen senideek. PPren gobernuak helegitea jarri zuen eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako indarkeriaren biktimen foru legearen aurka. Orain dela bi aste, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak legea indargabetu du, ia erabat. Azken emaitza ez da aldendu biktimen senideek espero zutenetik, baina indarra dute oraindik. Gizarteak euren iritzia entzutea nahi dute. Etsitzeko asmorik ez dutela azaldu dute, eta argi dute beren aldarrikapena zein den: «Egia, justizia eta erreparazioa».

«Espero genuen, baina berdin-berdin egin digu min duintasunean». Idoia Zabalza, 1985ean Guardia zibilak torturapean hildako Mikelen arreba suminduta agertu da, gainerako biktimen senideekin batera idatzitako adierazpenak irakurtzeko eginiko agerraldian. Zabalzarekin batera, Fermin Rodriguez 1978an poliziek tiroz hildako Germanen anaiak jarri die hitza senideen minari. Prentsaurrekoan izan dira Eneko Etxeberria, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren anaia, Aitziber Berrueta, 2004an polizia batek hildako Angel Berruetaren alaba, eta beste hainbat senide; haiekin batera, hamarka herritarrek babesa eman diete.

Aurreko legealdi bukaeran, 2015ean, onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak legea. Gerora, PPk helegitea jarri, eta Auzitegi Konstituzionalak urte horretako abenduan artikulua ia denak eten zituen. 2017ko otsailean omenaldi bat egiteko aukera bakarrik utzi zuen. Mugatua, ordea. «Omenaldiak generikoa izan behar zuen, eta ezin izan genuen izenik ere aipatu», azaldu du Zabalzak. Hala ere, argi dute urteak atzera «pentsaezina» izanen zela halako ekitaldirik. Gobernu aldaketaren ostean ere hobetzeko gauzak dauden arren, aitorpena izan dutela azaldu dute. «Aldaketa politikoak bukaera eman zion jasandako ahanzturari eta isiltasunari».

Baina, orain, ate danbateko batez itxi zaizkie izan dituzten aukera urriak. Legearen bidez Botere Judizialaren eginkizuna ordezkatu nahi izan dutela argudiatu du Konstituzionalak. Helegitea onartzera bultzatu ditu horrek; hots, legea indargabetzera, biktimen senideek azaldu dutenez.

Gogor kritikatu dituzte Mariano Rajoyren gobernuak lehenik eta Konstituzionalak gero hartutako erabakiak, eta betiko joerarekin bat egiten duela gaineratu dute. «Nazka eta higuina eragiterainoko epaiak dira azkenaldi honetakoak». Beste auzi batzuk ekarri dituzte gogora. «Hortxe dugu Altsasuko auzia, baita Manadarena ere», adierazi du Zabalzak.

Hemendik aurrera

Aurrera begira, uste dute legeak ezarri beharko lituzkeela egia eta justiziarako mekanismoak, aitorpenarekin eta erreparazioarekin loturiko neurriekin batera. Esan dute Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan dagoen legea ez dela aski, aitorpena eta erreparazioa jasotzen dituelako soilik. Hain zuzen ere, lege horren aurka jarritako helegitea erretiratu zuen Sanchezen gobernuak (PSOE) aurreko astean.

Hori nahikoa ez dela azpimarratu dute biktimen senideek Nafarroan, eta ikerketarako eskubidea aldarrikatu dute. «Gertatutakoaren egiara daraman justizia izateko eskubiderik ez badugu, zauriak ez dira ongi itxiko», esan du Zabalzak. Horrek aitorpenaren alorrean eragiten duela azpimarratu du, biktimak sailkatzen direlako. «Eskubide guztiak biktima guztientzat nahi ditugu guk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.