Gipuzkoako zahar etxeetan grebara deitu dute ELAk eta LABek

Abenduaren 10erako eta 11rako egin dute deialdia. 2018tik ari dira mobilizazioetan, eta 244 greba egun egin dituzte ordutik langileek

ELAko ordezkarien batzarra, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Maria Ortega Zubiate
Donostia
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak; abenduaren 10 eta 11rako dira deialdiak. Gipuzkoako Diputazioari «hamar urte luzez blokeatuta» dagoen lan ituna berritzeko eskatuko diote bi sindikatuek. Horrekin batera, langileen lan baldintzak hobetzea, lan kargak jaistea eta ratioak hobetzea aldarrikatuko dute.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan jada eginiko 244 greba egunei beste bi gehituko dizkiete datorren astean bi sindikatuek. Azken greba eguna urriaren 6an egin zuten. Hain zuzen ere, greba egun hori «gogorra eta zaila» izan zela gogoratu dute ELAko ordezkariek, %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri baitzizkieten orduko hartan.

ELAko eledunek adierazi dute egoitzak pairatzen ari diren egoera «kritikoa» dela. Gogorarazi dute zaurgarrienak, egoiliarrak, ahaztuak dituztela erakundeek, eta azaldu dute izurriaren bigarren olatua lehenengoa baino okerragoa dela, kutsatu gehiago baitaude orain. Diputazioa jo dute horren erantzuletzat; 2018an mobilizazioak hasi zituztenean neurriak hartu izan balitu, zaharren egoitzek izurriari aurre egiteko «indar handiagoa» izango lukete, haien ustez. Gehitu dute Gipuzkoako gainontzeko hitzarmenak berritu diren bezala, egoitza hauetakoa ere berritzeko «ordua» iritsi dela.

«Pandemia izan ala ez izan, beti egoera kritikoan dagoen sektorea da egoitzena», adierazi dute ELAko eledunek. Foru Aldundiak eta enpresek —%90ean diru publikoz finantzatuta dauden arren—horren inguruan ezer ereez dutela egin salatu dute. LABeko ordezkariek gehitu dute enpresek diru publikoarekin «negozioa» egiten dutela, eta, hain zuzen ere, sistema horrek sortzen duela prekaritatea. Horrek egoiliarren jasotzen duten arretan ere «eragin zuzena» duela argudiatu dute. Horiek horrela, «porrot egin duen sistema» goitik behera aldatzera deitu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19ak eragindako egoeraren azterketa egitea erabaki duela nabarmendu dute ELAko eledunek, eta adierazi dute azterketa hori langileen beharrei erantzuteko «aukera paregabea» dela. Erakundeei soilik ez diete begiratu, hala ere. Egoitzetan emakumeek —sektoreko langile gehienak andreak dira—egiten dituzten zaintza lanak aintzat hartzeko garaia dela azpimarratu du ELAk. LABek ere nabarmendu nahi izan du langileek euren profesionaltasuna erakutsi dutela, eta «duten onena» eman dutela.

Mobilizazio bateratuak

Greba deialdia, oraingoz, ELAk eta LABek egin dute. Dena den, gizarte osoari zabaldu diote parte hartzeko deia. ELAren ustetan, langileen eskubideen alde borroka egitea denei dagokie, «baita tokian tokiko erakundeei ere». Horiek horrela, udaletara joko dutela adierazi dute. LABek, berriz, adierazi du «harremanetan» dagoela egoiliarren senideen elkarteekin. Grebako bi egunetan mobilizazio bateratuak egingo dituztela azaldu dute bi sindikatuek, eta «ahalik eta parte hartzerik zabalena» izatea espero dute. ELAk aurreratu du mobilizazioak bi egunetan egingo direla, baina espero dutela abenduaren 11n Donostian egingo duten manifestazioa izatea jendetsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.