HIZPIDEAK

Beroaldia

inaki petxarroman
@petxarroman
2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Tenperatura errekorrak neurtu dituzte hainbat estaziotan, meteorologia zerbitzuek iragarri dutenez. Urteko bigarren bero bolada gogorra amaitu da, ofizialki, eta 40 gradu inguruko tenperatura maximoek menia bat emango dute oraingoz. Ikusiko dugu noiz arte. Bero boladekin batera, lehorteak eta baso suteak ugaritzen ari dira, eta uda amaiezin baten antsietatea sortzen ari zaie askori.

Ez gintuzke ezustean harrapatu behar aurtengo udan gertatzen ari denak. Zientzialariek klima aldaketaren ondorioz ohartarazi dituzten fenomenoak dira agerian ditugunak. Izatekotan, azpimarragarria da, batetik, gertaera batzuk agian espero baino goizago gertatzen ari direla, eta, bestetik, hemen gertatzen ari direla jadanik, ez Artikoan, ez Indian, ez Afrikan.

Zientzialari ezagun batek esan du Espainiako telebista publikoan litekeena dela aurtengo uda, nahiz eta oso beroa izan, hemendik aurreragoko hotzenetakoa izatea. Lelo bera zabaltzen ari dira klima ekintzaileak mundu osoan. Dardara sortzen du iragarpenak: 40 gradutik gorako bero boladek bizitzarentzat eragiten duten arriskuagatik ez ezik, daukan sinesgarritasunagatik. Ez baita ahaztu behar munduko batez besteko tenperatura 1,1-1,2 gradu inguru igo dela. Isurketak zorrotz gutxitu ezean, 2,7 gradu igoko da mende amaierarako hozberoa. Tarteko 1,6 gradu horietan egon daiteke mundu bizigarri baten eta basamortu baten arteko aldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.