Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Nork bere gezurrak sinestearen kontra

2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Hannah Arendtek nabarmendu zuen (antisemitismoaren bere azterketa zorrotz batean) Platonek antzinako sofisten kontra egin zuen borroka. Platonek deskubritu zuen sofistek argudioen bidez jendea liluratzeko zuten arte unibertsalak ez zuela egiarekin zerikusirik. Sofisten iritziak aldakorrak ziren, eta baliagarriak ziren «akordioak irauten zuen bitartean». Platonek nabarmendu zuen pertsuasioa iritzietatik jaiotzen zela, eta ez egiatik.

Platon irakurrita, Arendt jabetu zen antzinako sofisten eta modernoen artean aldea zegoela. Antzinakoak gogoase egoten ziren, argudioek behin-behineko garaipen bat baldin bazuten. Garaipen partzial hori egiaren kaltetan izaten zen. Sofista modernoek betiereko garaipenak bilatzen dituzte. Garaipen horrek kaltetu bat dauka: errealitatea.

2019ko maiatzean entzun nuen Bartzelonako gizon bat «Errepublika inplementatu» behar zela azaltzen. Gizona ez zen enteratu Errepublika ez zela martxan jarri. Are gehiago, ez zegoela martxan jartzeko inolako planik 2017an. Jendeak fedea zuela, baina ez zela inolako bide orririk. Eta epaiketa lotsagarria da eta aurrekari latza desobedientzia zibilaren alde gaudenontzat. Baina, aski da, errealitatea ez da eraldatzen gezur atseginak errepikatuz. Diagnosi egokirik gabe, agendarik gabe, ez dago eraldaketarako inolako aukerarik. Guztiz kontrakoa egiten da: injustizia betikotu.

Bestela esanda, antzinakoek «giza pentsamenduaren duintasuna suntsitzen zuten», modernoek «giza ekintzaren duintasuna suntsitzen dute». Logikaren antzinako manipulatzaileekin kezka izaten zuten filosofoek. Manipulazio garaikideekin historialariek. Gezurrekin «historia bera suntsitzen delako eta bere ulermena [...] arriskuan jartzen da, egitateak ez direlako lehenaldiko eta egungo munduaren parte gisa kontsideratzen, manipulatzen direlako iritzi hau ala bestea demostratzeko». Nafarroa Garaian Katalunian bezain beharrezkoa den sintonia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.