Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

«Xireen Abu Akleh naiz»

2022ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Zertan ari zen Xireen Abu Akleh palestinarra atzo goizean Jeninen, Zisjordania okupatuan? Keinu egin zuen, militarrek han zegoela ikus zezaten. Kazetarien txalekoa zeraman, baina frankotiratzaileari bost: bazekien nor zen. Tiro hilgarria egin zion. Zergatik sartu zen oraingoan ere frankotiratzaile israeldarren teleskopioaren miran? Palestinarren kontrako gehiegikeriak salatzeko eginkizuna zuelako. Al-Jazeera katearen bidez sartu zen palestinarren etxeetan bi hamarkada baino gehiagoan, eta hemen ere iturri emankorra zen han gertatzen ari denari buruz jakiteko.

«Ze albiste ikaragarria. Xireen telebistan ikusiz hazi ginen. Hunkituta nago, erabat», idatzi du Twitterren Linah Alssafin Al-Jazeerako produktoreak. Gogora ekarri du Israelek 2000. urtetik 50 kazetari baino gehiago hil dituela.

Abu Aklehren hilketak ere ez du balioko israeldarren sarraskiak amaitzeko —pasaporte estatubatuarra izateak sor dezake ezinegon apur bat—, baina oso garrantzitsua da palestinarrak munduan kokatzeko egin duen lana.

Eta bazekien hori. Bigarren Intifadaren garaian, 2002an, hau idatzi zuen: «Kazetaritza aukeratu nuen gizakiaren ondoan egoteko. Litekeena da zaila izatea errealitatea aldatzea, baina, gutxienez, ahots hau mundura eraman ahal izan dut. Xireen Abu Akleh naiz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.