Kanporaketa mugarri bat

Athletici gogorra ari zaio egiten urtarrila. Jakinekoa zen zuri-gorrientzat ez zela erraza izango Munduko Kopak eragindako etenaldiaren itzulera. Bada, aurreikuspenak bete egin dira. Jokoz kontrario gehienen pare dagoela erakutsi du, baina berdegunean egindako lana ez da emaitzetan islatu. Ondorioz, Txapeldunen Ligako postuetan egotetik, Europatik kanpo egotera pasatu da. Lau partidetan bi puntu irabaztearen ondorioa da. Gutxi da sailkapeneko goiko postuetan egoteko. Eta emaitza txarrek egoneza eragin dute. Beherakadaren arrazoiak aurkitzeko ez da analisi sakonik egin behar. Ez da futbol aditua izan behar. Athletici zerbait falta zaio erasoan. Azken metroetan gabeziak ditu, eta golak sartu ezean ezinezkoa da garaipenak eskuratzea.
Egun taldeak dituen baliabideekin nekez irauli ahal izango du egoera. Azken paserako zein golak sartzeko zailtasunak dituen talde bat da, eta, arlo horretan berezkotik asko behar denez, gogor entrenatuta ere gaitza da azken emaitza asko hobetzea. Lanean jarraitu, aurkari gehienek baino askoz aukera gehiago sortu, eta horrela emaitzak hobetzea da bide bakarra.
Kontua da Valverderen taldea denboraldiko lehen gurutzebide garrantzitsuan egon daitekeela. Ligan izandako atzerakada leuntzeko Espainiako Kopa izan daiteke sendagaia. Hala izan dadin, gaur irabazi beharra du Valentziaren zelaian. Kale edo baleko partida izango da. Irabazten duena taldea finalerdietan izango da.
Athletic nola dagoen kontuan hartuta, alde handia dago finalerdietarako sailkatu edo ez. Valentzia mendean hartzeak lasaitasuna eta konfiantza emango lizkioke proiektuari. Porrotak, berriz, zeresana emango luke. Baina ez da erraza izango Valentzia mendean hartzea. Gennaro Gattusok zuzentzen duen taldea zuri-gorrien antzeko egoeran dago. Talde ausarta, alaia eta erasokorra da, baina kosta egiten zaio irabaztea. Ondorioz, espero zena baino atzerago dago Ligan. Horrek ez du esan gura talde txarra denik. Partida bakarrera eta etxean edozein mendean hartzeko kapaz dira Musa, Lino, Cavani eta enparauak.
Zuri-gorriak ez dira aurkaria baino gutxiago, eta ohiko intentsitateari eta erritmoari eraginkortasun apur bat gehituz gero, gai da garaipena eskuratu eta iazko arantza kentzeko Valentziak finalerdietan kanporatu zuen Athletic-.
Valverde ez da txandatzeak egitearen zalea. Denboraldia hasi zenetik gutxi aldatu du hamaikakoa. Lesioak edo zigorrak albo batera lagata, berritasun bat edo beste egoten da hamaikakoetan, baina taldearen bizkarrezurra gutxi aldatu da. Ondorioz, Muniainek, Raul Garciak eta Herrerak oso gutxi jokatu dute. Gaurko ziurtzat jo daitekeen gauza bakarra da Julen Agirrezabalak zein Yerayk lekua berreskuratuko dutela hasierako hamaikakoan. De Marcos zalantza da, min hartu baitzuen sorbaldan Real Madrilen aurkako partidan.
Ernesto Valderen arabera, kanporaketa «irekita» dago. «Partida bakarrera diren kanporaketetan pazientziarik ezak ez ditu jokalariak bere gain hartu behar. Baina, aldi berean, partidaren bila joan behar duzu, buruarekin jokatuta. Funtsezkoa izango da norgehiagokara ondo ateratzea. Izateko eta jokatzeko modua oso argi duten bi talde gara».
VALENTZIA-ATHLETIC
Valentzia. Mamardaxvili; Foulquier, Diakhaby, Paulista, Gaya; Lato, Guillamon, Musah, Lino; amu Castillejo eta Cavani.
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Zarraga; Nico Williams, Muniain, Berenguer eta Raul Garcia.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Mestalla.
Ordua. 20:00 (Movistar).
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.