Euskal Herria COVID-19

2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Sistema neoliberalak eragin duen bultzada teknologikoak, uneotan, aldaketa garai berri batean ipini gaitu, garapen teknologikoa oinarri harturik. Montero espainiar ministroak esan duen bezala: Espainia sartu behar da indartsu munduko ordena berrian. Eta sistema horren helburua da bankuek, multinazionalek eta lobbyek egundoko irabazi ekonomikoak lortzea. Herritarrok, testuinguru sozial horretan, teknologia berrien mende gaude, eta teknologia hori erabiltzen ikasi behar dugu. Horrela, sistemak irabazi ekonomiko handiagoa jasotzen du, eta, aldi berean, sistemak jakiten du, une oro, lagun bakoitza non den eta zertan ari den. Teknologiaren bidez, geure etxeetan, edo leku jakin batean, kartzelatzen gaituzte, eta ez gara horretaz konturatzen. Sistema neoliberala trantsizio prozesu bat egiten ari da aldaketa garai honetan. Sistema horrek ezagutzaren gizartea deitzen dio datorren garaiari. Garai horretan, garapen tekno-informatikoan oinarriturik, herritarrok, oro har, kontrolatuko gaituzte. Horrexegatik hartzen dute gaur egungo gizartea ezagutzaren garaira doan trantsizioaren testuinguru gisa: teknika oinarri duen ezagutza, teknika ez besterik; hausnartzea, pentsatzea, filosofia, historia, bizipoza desagerrarazten dituena, eta jendearen pentsamendua eragozten. Agerikoa da hobekuntza teknologikoak onuragarriak edo zanpatzaileak izango direla erabiltzen dituenaren helburuaren arabera.

Teknologia mota horren erabilpen okerrak muturreko formak har ditzake: gorputzetan, adibidez, jaioberriei txipak inplantatzea proposatzeraino; proposamen hori martxan dago, eta, antza denez, bukatua ere bai, COVID-19 txertoa bezala. Muturreko erabilpen horiekin, osasun kontrolaren edo segurtasunaren aitzakiarekin, estatuek eta bestelako nazioz gaindiko instantziek lagun bakoitza kontrolatu ahal izango dute, eta jardute neototalitarioen erregimenen eszenatoki orweldarretara hurbildu. Trantsizio prozesu horrek eta bere egonkortzeak ekarriko ditu, aldaketa garai honetan, zapalketa handiagoa, esklabotza eta pobrezia. Analisi horrek erakusten digu gizartea antolatzeko eredu kulturalaren baitan dagoela teknikaren erabilera egokia egitea. Muturreko erabilera horien adibide dira eredu matrilineala eta eredu patriarkala. Alde batetik, eredu matrilinealak komunitatearen zerbitzura erabiliko du teknika, oinarrizko beharrak asetzeko, etxebizitza emateko, osasun hobekuntzak izateko, aisialdi handiagoa lortzeko, komunitatearen gozamenerako, bizitza bizipozean bizitzeko, eta, azkenean, norbanakoaren duintasuna bermatzeko. Bestetik, eredu patriarkal neoliberalak, ordea, teknika erabiliko du herritarrak esklabo bihurtzeko; horrela Europako Batasuna eta estatu espainiarra zuzentzen dituzten gizonezkoek eta emakumezkoek irabazi ekonomiko handiagoa lor dezaten.

Europako Batasunak prestaturiko aldaketa garai honek estaturik gabeko nazio gehienen desagerpena ekarriko du. Horrenbestez, Euskal Herriak garai aldaketa honetan bi aukera ditu: lehenengoa,Espainiako eta Frantziako estatuen inposaketak onartzen jarraitzea, eta, horrela, herri hau heriotzara eramatea; eta bigarrena independentzia da, bizitza bizipozean eskuratzea. Jakiteko askatasuna nola eskuratu, aztertu behar dugu euskal ondare kulturala, berak erakutsiko baitigu zein den askatasunaren bidearen gakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.