Ez du hamaikagarrena izan nahi

Tenerifen jokatuko du gaur Athleticek, Espainiako Kopan. Lehia parekatua espero du Garitanok

Athleticeko Iñigo Cordoba eta Elxeko Nacho Pastor lehian, aurreko kanporaketan. MORELL / EFE.
haritz gallastegi
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Athleticek Kanaria uharteetan egingo du Espainiako Kopako hurrengo geldialdia, final-zortzirenetakoa. Ez da leku txarra. Ez oporretara joateko, ezta futbol partida bat jokatzeko ere. Baina astialditik gutxi dauka zuri-gorrien bisitak. Athleticek otso izan gura du Tenerifen. Hala ez bada, garesti ordaindu dezake. Guztira hamar dira Kopako lehen kanporaketetan kaleratuak izan diren Lehen Mailako taldeak. Erdiak. Beraz, zuri-gorriak jakinaren gainean daude. Indarrak asko parekatzen dira maila apalagoko taldeek zaleen babesean jokatzen dutenean. «Zale gisa gustuko dut Kopan jarri duten kanporaketa sistema. Baina bistan da guri ez zaigula komeni. Bidaiek, zaleen aurrean jokatzeko aukerarik ez izateak... Ez digute mesederik egiten», esan zuen atzo Gaizka Garitanok, Athleticeko entrenatzaileak.

Bide batez, gaur izango duten erronkaren zailtasuna nabarmentzeko, alderaketa bat egin zuen. «Lehen Mailako talde baten kontra etxean lehiatzeak edo Bigarren Mailako talde baten kontra kanpoan jokatzeak antzeko zailtasuna dute». Punta-puntako taldeak alderaketa horretatik kanpo utzi zituen, noski.

Zuri-gorriek, gainera, ondo gogoan dute aurreko astean Elxen gertatu zena. Barruan iltzatua dute. Hanka eta erdi Kopatik kanpo izan zuten. Bada, gaurko lehiak antzekotasun handiak ditu. Tenerife, Elx bezala, Bigarren Mailako taldea da. Hasiera batean, mailaz igotzeko osatutako taldea da. Baina Bigarren Maila luzea eta gogorra da. Dozena bat taldek izaten dute sasoi hasieran helburu bera, eta denentzat ez dago lekurik. Talde asko, helburua aldentzen ari dela ikusita, nahastu egiten dira. Dinamika txarrean sartzen dira, eta amildegira gerturatzen dira. Tenerife dago egoera horretan. Puntu batera ditu jaisteko postuak. Sufritzen ari da. Hala ere, kapaz da gorengo mailako talde bat kanporatzeko:Valladolidekin egin bezala.

Ligan erakusten ari dena baino askoz gehiago egiteko gai da gaurko aurkaria. Garitanoren arabera, Elxen antzeko ezaugarriak dituen talde bat izango dutela aurrean. «Tenerifek irletako taldeek izan ohi dituzten ezaugarriak ditu. Baloiari tratu ona ematen dio. Elxen tankerako taldea da. Teknikoki jokalari onak ditu. Aurkaria ezagutzen dugu. Valladolid kanpoan utzi berri du. Lehia parekatua izango da».

Zuri-gorriak sufritzeko prest daude. Kopan interes handia jarri dute hasieratik. Gogoz daude. Gainera, badakite orain arteko joko maila erakusten badute irabazi egingo dutela. «Ondo prestatu dugu kanporaketa. Gogotsu gaude». Baina ez da lehia erraza izango. Tenerifek ia ez du aukerarik Kopa irabazteko, baina Athletic mendean hartu eta RealMadril edo Bartzelonaren kontra jokatzeko aukerak ikaragarri erakartzen ditu jokalariak eta ingurua. Denboraldia salbatzeko era bat izan daiteke.

Aldaketa gutxi

Horrelakorik gerta ez dadin ahal duen hamaikakorik lehiakorrena zelairatuko du Athleticek. Azken bi asteetan ia partida osoak jokatu dituzten futbolariak dira Garitanoren ardura: Capak, Iñigo Martinezek eta Williamsek nekea dute pilatua. Baina haiek kentzea ere ez da erraza teknikariarentzat. Zutabe garrantzitsuak dira. Hortaz, Garitanok eurekin berba egin beharko du azken erabakia hartu aurretik. Hala ere, inork ez dezala iraultzarik espero. Ez da mementoa. Asko dago jokoan. Ohikoetatik Unai Simon da deialditik kanpo geratu den bakarra. Atezaina osatu da, baina oraindik ez dago sasoi betean.

TENERIFE-ATHLETIC

Tenerife.Ortola; Moore, Carlos Ruiz, Sipcic, Lasure; Undabarrena, Alonso; Suso, Luis Milla, Ellioteta Joselu.

Athletic. Herrerin; Lekue, Yeray Iñigo,Yuri; Dani Garcia; Unai Lopez; Raul Garcia, Muniain, Ibai eta Villalibre.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Heliodoro Rodriguez Lopez (22.824 ikusle).

Ordua. 21:00 (Dazn).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.