«Niretzat egokiena da»

Realak bost denboraldirako fitxatu du Alexander Isak aurrelari suediarra. Jokin Aperribaik esan du ez dutela ezer egingo Willian Jose saltzeko
Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Alexander Isak fitxaketa berria elkarri bostekoa ematen.
Jokin Aperribai Realeko presidentea eta Alexander Isak fitxaketa berria elkarri bostekoa ematen. GORKA ESTRADA / EFE

Julen Etxeberria -

2019ko ekainak 13
Egun bat zeraman jada Alexander Isakek Donostian, baina Realak atzo 15:00ak arte ez zuen baieztatu aurrelari suediarraren fitxaketa. Donostiako taldeak eta Isakek bost denboraldirako kontratua adostu dute, 2024ra artekoa.

Isakek 19 urte ditu, 1,91 metro da luze, eta urtarriletik ekainera Willen II Herbehereetako taldean jokatu du, bikain jokatu ere: hamalau gol sartu ditu hemezortzi partidatan. Borussia Dortmundek utzita aritu da; horregatik, Alemaniako taldearekin negoziatu behar izan du Realak. Duela bi urte, Borussia Dortmundek zortzi milioi euro inguru ordaindu zizkion AIK Solna Suediako taldeari Isakengatik. Beraz, pentsatzekoa da ordukoaren antzeko diru kopurua ordaindu behar izan duela Donostiako taldeak.

«Realari eskertu nahi diot nigan izan duen konfiantza. Gauza asko entzun ditut klub honetaz, eta onak. Badakit lan handia egiten duela jokalari gazteekin. Niretzat egokiena da», esan zuen atzo Isakek Zubietan, aurkezpenean. Haren dohainez galdetuta, esan zuen gustuko duela «baloia izatea». Ez zituen aintzat hartu Zlatan Ibrahimovicekin alderatzen dituzten baieztapenak. «Ez dut neure burua inorekin alderatzen. Nire onena eman nahi dut».

Gol sena erakutsi du sasoi honetan Isakek, baina atzo ez zuen gol kopuru zehatz bat agindu nahi izan. «Taldea da garrantzitsuena, eta nik ondo jokatzea. Gutxienekoa da zenbat gol sar ditzakedan». Agindu zuen, ordea, «taldearengatik borrokatuko» dela.

Realak datorren sasoirako fitxatutako hirugarren jokalaria da. Aurretik, Modigo Sagnan Lenseko erdiko atzelari frantziarra eta Alejandro Remiro Athleticeko atezain nafarra fitxatu zituen. Talde txuri-urdinak, halaber, aurreakordioa du Cristian Portugues Portu Gironako aurrelariarekin, eta begiz jota ditu Andreas Skov Olsen Nordsjaellandeko ezker hegaleko erdilari norvegiarra eta Borja Mayoral Real Madrileko aurrelari espainiarra. Erasoko jokalari asko dira. Hala ere, Jokin Aperribai Realeko presidenteak atzo azpimarratu zuen ez dutela ezer egingo Willian Jose saltzeko. Mikel Oiartzabalen geroaz galdetuta, berriz, aitortu zuen ezin dutela esan ez daudela kezkatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna