Gol gehiegi gauza onerako

Bidasoak 33-36 galdu du Cuencaren aurka, eta ezin izan da sailkatu Kopako finalerdietarako

Cuencako bi jokalarik falta egiten diote Rodrigo Salinas Bidasoakoari, bi taldeek Aratalekun jokaturiko ligako partidan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Defentsa da Bidasoaren indargune nagusia sasoi honetan. Asobal ligan bigarren sailkatua da, gol gutxien jasotzen duen ligako taldea baita. 24 baino gutxiago jasotzen ditu partidako, eta hor oinarritzen du bere jokoa. Bertute handi hori, baina, atzo ez zen azaleratu Cuencaren aurkako Espainiako Kopako final-laurdenetako kanporaketan. Aurkariak ezarritako erritmoan jokatu zen partida, eta, gol trukeen dantza horretan, Bidasoak 33-36 galdu zuen Alacanten (Katalunia). Ondorioz, ez da finalerdietan egongo, eta liga amaierara itxaron beharko du hurrengo Europan arituko den jakiteko. Pena da; Kopa aukera ona izan zitekeen, Bartzelona ia ahalguztiduna txapelketako beste adarrean baitzegoen.

Bidasoak ez zuen gaizki jokatu, eta, partida okerren jarri zitzaionean, erakutsi zuen adorea baduela. Adore horren pizgarri eta erregaia Kauldi Odriozola izan zen. Hegaleko gazteak bere gain hartu zuen taldea bigarren zatian, eta 11 gol sartu zituen guztira. Baloiak gehien erretzen zuenean hartu zuen ardura, baita asmatu ere, baina ez zen nahikoa izan.

Partidak, izan ere, gol gehiegi izan zituen Bidasoaren nahietarako. Cuenca, berriz, eroso aritu zen, hark bai gustuko dituela joan-etorriko norgehiagokak. Partida oso entretenigarria izan zen, eta atsedenaldirako 18-17 zen aurretik Bidasoa. Ez zen zantzu txarra, gol asko egon arren Irungo taldeak baitzuen abantaila, eta atzean pixka bat estutuz gero tartetxoa ireki ahal izango zuela zirudien.

Gidoia, baina, ez zen bete, hein handi batean Carlos Maciel Cuencako atezaina agertu zelako. Oso inspiratuta kantxaratu zen, etageldiketa oso onak egin zituen bigarren zatiko lehen ordu laurdenean (23-28, 46. min). Cuencak partida hautsi zuela zirudien, eta are itxura txarragoa hartu zuen Rudy Sery Bidasoako hegalekoak —lau gol atzo— partida herrenka utzi zuenean (47.min).

Balentria behar zuen Bidasoak, eta lortzeko zorian egon zen. Defentsan estutzen hasi, eta kontraerasoan irtetea lortu zuen. Bere buruan sinetsi, eta 5-1eko partziala lortu zuen (28-29, 51. min). Bidasoa hazita zegoen; Cuenca, aldiz, uzkurtuta, eta Odriozolak Rodrigo Salinasengan aurkitu zuen partida iraultzeko laguna. Txiletarrak lau gol sartu zituen.

Une horretan, baina, epaileek bi minuturako egotzi zuten Thomas Tesoriere Bidasoako albokoa. Bizkarreko gogorra izan zen, Cuencak ondo baliatu baitzituen bi minutu horiek 0-3ko partziala lortzeko (28-32, 52.min). Orduan bai, partidak erabakita zirudien, baina Odriozola, eta Bidasoa, borrokarako zeuden, eta gol batera hurreratu ziren berriz (32-33, 56. min). Bigarren zati osoan haize kontra ibili zen, eta eskuan zuen partida, baina bere taldeak gehien behar zuenean agertu zen berriz Maciel atezaina. Orduan itzali zen Bidasoaren grina, eta Cuencak aldea puztu zuen azken minutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.